COVIDek eragindako osasun krisiak baldintzatu du bilakaera sektore guztietan
2020KO DATUEN AURRERAPENA
- Elektrizitatearen etxeko kontsumoak %1,4 egin zuen gora, 2019. urtean izandakoaren aldean, gas naturalarenak, berriz, behera egin zuen.
- Gasolinen eta gasolioen kontsumoa jaitsi zen. Hala ere, A gasolioa da gehien erabiltzen den erregaia garraioan (guztizkoaren %90).
- Hegazkingintzako kerosenoren kontsumoak %60 egin zuela behera kalkulatu da.
Energiaren Euskal Erakundeak Euskadin erabiltzen diren energia iturri garrantzitsuen erabileraren bilakaera aztertzen du urtero, baita aldaketa koiunturalak eta sistemaren eraldaketan euskal energia politiken eragina ere. 2020ko ekitaldian izandako kontsumoen estatistikei buruzko azterlanen argitan, energia iturri guztietan eskariaren murrizketa orokorra azaltzen da, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz. Hala, Euskadin kontsumitutako elektrizitatea %8,6 jaitsi zen, gas naturala %17,4 eta erregaiak %8,2..
Gas naturalaren erabilerak zeregin konbentzionaletarako (etxebizitzetan, industrian, etab.) %10,9 egin zuen behera, eta zentral termikoenak %34,8. Dena dela, zentral termikoetan gasaren erabilerak balio altuei eutsi zien, 2019. urtean kontsumoa bikoiztu ondoren.
Gas naturalaren erabilera zentraletan ekoizpen berriztagarriarekiko alderantziz proportzionala da; izan ere, zenbat eta haize edo uraren eskuragarritasun txikiagoa izan, orduan eta gehiago erabiltzen dira ziklo konbinatuak elektrizitate premiak asetzeko.
Elektrizitatearen kontsumoa, behera
Euskadin, 2020. urtean, elektrizitatearen kontsumoak %8,6 egin zuen behera, aurreko urtearen aldean, eta 13.678 GWh izan zen. Perspektiban, 2011. urtean izandako mailarekin erkatuta, elektrizitatearen kontsumoa %17,1 jaitsi zen.
Azken urteotan ez bezala, sektoreek aldaketa izan dute elektrizitatearen kontsumoaren ehunekoei dagokienez: industria %50,7 izan zen (%53, 2019. urtean), zerbitzu sektorea %22,3 (%22,4, 2019. urtean) eta etxekoa %18,5 (%16,7, 2019. urtean). Burdinbideko garraioak %1,2 eutsi zion, eta energia sektorea, berriz, %6,9 izan zen (%6,4, 2019. urtean).
Industria alorrean, kontsumoa %12,5 jaitsi zen 2020. urtean; jaitsiera horretan nabarmentzekoa da siderurgian eta galdagintzan izandakoa, %17,3. Azken honek, 2011. urtean izandako kontsumoaren aldean, %43 baino gehiago egin du behera.
Gainerako industria azpisektoreetan izandako kontsumoak behera egin zuen; oro har, %9,3 murriztu zen, eta azpimarratzekoak dira ehungintza industrian, eraikuntzan, ontzi konponketetan eta zementu ekoizpenetan izandako jaitsierak.
Eraikinen kontsumoari dagokionez, %4,5 egin zuen behera iaz; batez ere, ostalaritza alorrean izandako jaitsiera (-%23,9); baita merkataritzan eta zerbitzuetan (-%7,9), eta administrazio publikoan (-%4,5) ere. Etxeko kontsumoak, ordea, %1,4 egin zuen gora, 2019. urtekoarekin konparatuta.
Gas naturalaren kontsumoa murriztu zen
Gas naturalaren kontsumoa 25.517 GWh izan zen 2020. urtean, aurreko urtean izandakoaren aldean %17,4 jaitsi zen. Azken urte hauetan izandako balio txikiena da, 2016. urtekoa alde batera utzita, urte hartan sorkuntza elektrikorako eta erabilera konbentzionalerako kontsumoa txikia izan baitzen.
Murrizketa hori, funtsean, erabilera konbentzionaletan (industrian eta eraikinetan) eta, maila apalagoan sorkuntza elektrikoan izandako kontsumoaren jaitsieraren ondorio da, 2019. urtean gertatu zen igoera handiaren ondoren.
Erregaien kontsumoa jaitsi zen
Euskadin, automoziora bideratzen den erregaien kontsumoak %8,2 egin zuen behera. 2019. urtean izandako murrizketa txikiaren ildo beretik doa beheranzko joera, COVID-19ak eraginda.
Automoziorako gasolioaren kontsumoa, 2012. urteaz geroztik goranzko joera zuena, 2019. urtean hasi zen aldaketarekin bat etorriz, %6,9 jaitsi zen 2020. urtean. Aldaketa horiek gorabehera, A gasolioaren kontsumoa handiagoa izan zen, 2011. urtean izandakoarekin alderatuta, eta Euskadin garraiorako erabiltzen diren erregai guztien artean duen presentzia nabarmena izan zen; zehazki, %90. Gasolinaren kontsumoari dagokionez, %18,8 egin zuen behera 2020. urtean.
Nabarmentzekoa da hegazkingintzako kerosenoren kontsumoaren jaitsiera (JET-A); urte amaierako azken datuak falta badira ere, aurreikuspenen arabera, %60 egin du behera, aurreko urtekoaren aldean.
Euskadi Energia
Energiaren Euskal Erakundeak Euskadin energiaren kontsumoaren bilakaera eta bera baldintzatzen duten faktoreak aztertzen ditu urtero. Azterketa horren informazioa urtearen hasiera aurreratzen bada ere, eskuragarri dauden lehen datuen argitan, Euskadi Energia izeneko txostenean jasotzen da zehetasunez, ekitaldi bakoitzean datuak xehe-xehe azalduz energia mota, lurralde historiko eta ekoizpen sektoreen arabera. Argitalpen edo txosten hori udan egongo da argitaratuta, 2020. urteari lotutako datu guztiekin.