Repsol Fundazioak, Petronorek eta EEEk antolatutako Energia Eraginkortasunaz Jardunaldiak 150 profesional bildu ditu gaur goizean, Bilboko Euskalduna jauregian
Bilboko Euskalduna jauregian, Repsol Fundazioak, Petronorek eta EEE Energiaren Euskal Erakundeak antolatutako Energia Eraginkortasunaz Jardunaldia egin da; bertan, 150 profesional elkartu dira, energia-eraginkortasunari lotutako neurrien ezarpenaz eta jarduera-estrategien garapenaz mintzatzeko, gizarteko arlo guztietan energia-eraginkortasunaren presentzia sustatzeari begira.
Jardunaldiaren hasiera edo aurkezpena Pilar Urruticoecheak, EEEko zuzendari nagusiak, César Gallok, Repsol Fundazioko presidenteordeak eta Petronoreko kontseilari delegatu Andrés Puñetek egingo dute. Lehenak ongietorria eman die ekitaldira bertaratu direnei, eta modu positiboan balioetsi du Repsol Fundazioaren Energiaren Behatokiaren egitekoa; batez ere, egoeraren diagnostiko egokia izateko duen garrantziagatik. Alde horretatik, Cesar Gallok azpimarratu du Behatokia “herritarren artean kontzientzia eta debatea sortzeko eta, aldi berean, energiaren kontsumoan aldaketak sustatzeko” eratu zela. Petronoreko kontseilari delegatuak berretsi du konpainiaren konpromisoa iraunkortasunaren alde, haren hitzetan: ” Petronoren ADNaren barruan dago energiaren aurrezpena”.
Jardunaldia bi mahai ingurutan egituratu da; horietako batean, Espainian eta Euskal Autonomia Erkidegoan energia-eraginkortasunaren errealitatea aztertu da; eta bestean, bigarren mahai inguruan, energia-eraginkortasunaren eta gizartearen arteko erlazioa jorratu da. Repsol Fundazioko Energia eta Iraunkortasuneko zuzendaria den Manuel Bravo lehen hizlaria izan da, Tecnaliako Energia zuzendari Luis Pedrosaren moderaziopean burutu den mahai inguru horretan,
Aurkeztutako txostenean, Manuel Bravo mundu mailako ekonomiaren eta energia eskariaren bilakaeraz aritu da, Repsol Fundazioaren Energiaren Behatokiak aztertutako datuetan oinarrituta. Haren ondorio nagusien artean, 2011 eta 2012an, munduan energia primarioaren eskariak gora egiten jarraitu duela nabarmen du, garapen bidean dauden herrialdeek bultzatua, eta erregai fosilek munduko energia eskariaren %80 baino gehiago izaten jarraitzen dutela, erregai horien guztien eskariak goranzko joera izanik.
Estatu mailan, Manuel Bravoren hitzetan, azpimarratzekoa da energia-eraginkortasunaren indizearen hobekuntza, UE-15ekoen azpitik izaten jarraitzen badu ere. “Hobekuntza izan arren, berotegi efektuko gasen emisioen intentsitate indizean gehikuntza txiki bat gertatu da azken bi urte hauetan, ikatzaren ekarpena areagotzearen ondorioz” adierazi du. Ildo horretatik, eta etorkizunera begira, aurrerapen edo hobekuntza adierazgarri bat lortu ahal izateko “Industria eta garraio sektoreen egituran aldaketa esanguratsuak beharko lirateke” esan du.
Horren ostean, EEEko zuzendari tekniko Javier Marqués mintzatu da, eta Euskadiko Energia Eraginkortasun Planaren ildo nagusiak azaldu ditu; zehazki, industria, garraio, eraikin, administrazio eta lehen sektorean dituen helburu nagusiak jorratu ditu, eta hauxe erantsi du: “Sektore guztietan ahaleginak areagotzea da giltzarria, urtean 1.050.000 tep aurrezteko 2020 urterako, energiaren aurrezpenaren tasa %17 eta energia intentsitatea %22 izatea ekarriko lukeena 2020. urtean”. Horretaz gain, 2013ko alor ezberdinetako diru laguntzen programaren berri eman du Javier Marquések. 23 milioi euro bideratu ziren programa horri esker, 50.000 tep aurreztea espero da (eskariaren %0,8).
Mahai inguru horri amaiera emateko, energia-eraginkortasunaren eta lehiakortasunaren arteko erlazioa aztertzen aritu da Eloy Álvarez, Orkestrako Energia-katedrako zuzendaria (Lehiakortasunerako Euskal Institutua). Álvarezek nabarmendu du eraginkortasuna dela gakoa egoera ekonomikoa hobetzeko, eta horretarako, ekoizpen faktoreen asignazioa eta hobekuntza teknologikoak ezinbestekoak direla. Eta are garrantzitsuagoa dena, Álvarezen ustez, energia eraginkortasuna “must” bat da, eta, beraz, lehiakortasunaren alde egiten duela.
Energia Eraginkortasuna eta Gizartea
Bigarren mahai inguruan, Petronorreko Pertsonen, Antolaketaren eta Erakunde-harremanetarako zuzendari José Ignacio Zudairek moderatua, energiaren berezko aspektu soziala jorratu da. Hala, Repsol Fundazioko Azterlan Sozialen eta Komunikaziorako zuzendari Gabriela Urosak Txosten Soziala aurkeztu du, Repsolen Energia Eraginkortasunaren Adierazle Sozialaz diharduena. Adierazle hori lanabes aitzindari bat da, eta ikuspegi sozial batetik kuantifikatzen du nola hautematen edo pertzibitzen duten herritarrek energia-eraginkortasuna, neurri eta plan egokiak prestatzeko aukera emanez. Gaur egungo krisiaren testuinguruan, txostenaren arabera, Euskadin herritarren %61ek gutxitu ditu gastuak energian, edo saiatu da energia aurrezten; Estatuko beste erkidego batzuetan, berriz, %73 izan da.
Bestetik, Estatuan, herritar bakoitzaren batez besteko kontsumoa etxean eta automobilean energiaren eskariaren ia %40 izan arren, herritarra ez da jabetzen bere arduraz eguneroko kontsumoan, energia-eraginkortasuna hobetzeari begira. Horren aurrean, Repsol Fundazioak zenbait gomendio ematen ditu, energia-eraginkortasunaren erronka soziala aurrera eramaten laguntzeko, lehentasunezko helburu honi begira: herritarrak mobilizatzea eta inplikaraztea energiaren kontsumoa murrizteko eta energia zentzuz erabiltzeak dakarren eragin positiboa ulertaraztea.
Hizlari horren ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen zuzendari María Uribek hartu du hitza, eta 2020ko Bizkairako Energia Iraunkorraren Estrategiaren ildo nagusiak aurkeztu ditu; bertan, honako lau xede nagusi hauek lortu nahi dira: energia gutxiago kontsumitzea, energia eraginkortasuna hobetuz; petrolio eta gas naturalarekiko mendetasuna gutxitzea; energiaren kontsumoa ez lotzea jarduera ekonomikoaren bilakaerari; eta azkenik, energiari lotutako jarduna eta ondare natural eta kulturalaren kontserbazioa bateragarria egitea. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiak zazpi jarduera eremu abiaraziko ditu, herritarrak modu arduratsuan aritzeko eta foru zein toki erakundeak eredugarri izateko asmoz.
Erosketa publiko berdea
Ildo horretatik, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen zuzendariak azaldu ditu, besteak beste, egungo diru laguntzak energia aurrezteko eta eraginkortasuna hobetzeko bizitegietan (eraikinak). Hala, foru administrazio eredugarria lortzeko bidean, erakundeak proposatzen dituen jardueren garrantzia nabarmendu du; izan ere, 2050. urtean energetikoki iraunkorra izatea da Aldundiaren helburua. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak bestelako ekintza eta jarduerak ere eramango ditu aurrera, beste erakunde eta enpresa batzuk motibatzeko eta animatzeko bide beretik, eta hartara, energia eredu berri bat lortzea erakunde guztien artean, Bizkaiko herrialde historikoa eraginkorragoa eta iraunkorragoa izateko. Alde horretatik, zenbait erabaki edo neurri hartuko ditu, adibidez, ingurumen alorrean, hirigintzan eta ondare kulturalean araudiak aldatzea (arautze modernoa eta zorrotza), zerga arloan egokitzapenak egitea (ingurumen alorreko zerga erreforma) eta erosketa publikoa (kontratazio berdea energia aldetik, kontratazio pleguetan energiari lotutako irizpideak kontuan hartuz). Horrekin batera, Eko-garraioaren aldeko apustu irmoa egingo du foru erakundeak, Bizkaian garraio iraunkorragoa lortzeko xedez.
Aipatutako mahai inguru horretan azkena mintzatzen Luiskar Delgado izan da, Sestao Berri elkarteko kudeatzaile zuzendaria. Herri horretan izandako berritze iraunkorra aurkeztu du, tokian tokiko energia eraginkortasuna hobetzeko eredu arrakastatsua den aldetik. Izan ere, 2010. urteaz geroztik, herria berritzeko programa bat garatzen ari da Sestaoko Udala, bertan dauden eraikinen energia eraginkortasuna hobetzeko eta energia aurrezteko, energia-berritze prozesuen bidez.