Energiaren Euskal Erakundearen laguntzarekin, Britainia Handiko Kontsulatuak antolatutako enpresa teknologikoen nazioarteko foro bat da

• Enpresa britainiarrek beren mugarri teknologiko nagusiak aurkeztu dizkiete Euskadi, Asturias eta Kantabriako enpresa era erakundeetako ordezkariei.

• Euskadik itsas energia arloko egitasmorik garrantzitsuenetarikoak ditu nazioartean.

Britainia Handiko 10 enpresatako ordezkariak, bertako eta beste erkidego batzuetako enpresatako arduradunekin batera, parte hartuko dute bihar otsailak 28, asteartea, itsas teknologiez antolatutako mintegi batean, gaur. Itsas teknologiak jorratzeaz gain, nazioartean energia proiektuak batera eta sinergiak garatzeko aukerez ere aritu dira bildutako adituak.

Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, Energiaren Euskal Erakundearen bidez, Bilbon den Britainia Handiko Kontsulatuak antolatutako mintegian itsas energian espezializatutako 10 enpresa britainiarreko arduradunak izan dira. Hala, gurekin izan dira, besteak beste, alor horren garapen teknologikoan liderrak diren honako enpresa hauen izenean: Wood Group Kenny, Narec Capital, OPT, Pelamis, PPI Engineering, Scottish Power, Expro Group Connectors & Measurements eta Voith Hydro Wavegen. Konpainia horietako ordezkariek beren jardueraren mugarri teknologiko nagusiak azaldu dituzte eta datozen urteetan, Britainia Handian, aurreikusten diren proiektuak garatzeko perspektibak jorratu dituzte.

Era berean, Energiaren Euskal Erakundeko, Kantabriako Instituto de Hidráulica Ambiental-eko, Asturiaseko Energia Klusterreko eta Tecnaliako Energia Ataleko ordezkariek Espainian, itsas energien alorrean, garatzen ari diren egitasmoak aurkeztu dituzte. Horrekin batera, berriztagarrien, garapen teknologikoaren eta iturri berriztagarrien gaien inguruan aurrera eramaten ari den politika azaldu dute. 

Alde horretatik, Euskadiko enpresekin lankidetza eta sinergiak aprobetxatzeko aukerak konstatatu dira, proiektu batzuk elkarrekin eta modu bateratuan garatzeko eta merkatu berriak bilatzeko; betiere, itsas energia alorreko ikerkuntza eta egitasmoak gauzatu nahian. 

Itsas energiak, offshore erako energia eolikoa zein itsasokoa, nabarmen garatuko dira datozen urteetan. Hori dela eta, esperientzia handiko ingeniaritzak, amaratze gaietan garapen teknologikoa eta instalazio eta mantentze laneko zerbitzuak beharko dira alor horretan. Hain zuzen ere, 3E2020 Euskadiko Energia Estrategiaren ardatz nagusietako bat teknologi berrien ikerkuntza eta sustapena da, eta bertan itsas energiei garrantzia handia ematen zaie. Eusko Jaurlaritzak sustatutako itsas energiak ikertzeko plataforma, bimep deritzona, ezagutza elkartzeko edo aglutinatzeko gune garrantzitsua izango da, alor horretan urrats sendoak egiteko baliagarria eta garapen teknologikoan erreferentea izango da nazioartean.

Bimep proiektuan IDAEk ere parte hartzen du, Instituto para la Diversificación y Ahorro de la Energía, Energiaren Estatuko Idazkaritzaren bitartez Espainiako Industria, Energia eta Turismo Ministerioari atxikitako erakunde publikoa. Egitasmoa aurrera do; izan ere, urpeko kableak instalatzen ari dira gaur egun. Kable horiek 10 milioi euroko inbertsioa egitea eskatu dute, eta haiei esker, itsaso zabalean energia sortzen duten gailuak lehorrera konektatzea lortzen da. Aurreikuspenen arabera, 2013an jarriko da martxan bimep, eta guztira, 20 milioi euroko inbertsioa egingo da.  

Energia proiektuak garatzeari begira, nazioarteko lankidetza errealitate bat da dagoeneko. Horren erakusle da, besteak beste, Euskadin, itsas energiaren alorreko beste energia egitasmo garrantzitsu bat: Mutrikuko olatuen energia ustiatzeko planta. Eusko Jaurlaritzak sustatu duen itsas instalazio horretan Eskoziako Voith Hydro Wavegen enpresaren teknologia erabili da. Hain zuzen ere, enpresa horrek Gipuzkoan duen plantan fabrikatu dira Mutrikun erabiltzen diren turbinak. Hala, egunez egun, Mutrikukoa mundu osoan itsas instalazio erreferenteetako bat da, eta energia proiektu berritzaileak garatzeko, nazioarteko lankidetzari ateak zabaldu dizkio.