Energiaren Euskal Erakundeak bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren Euskadiko Azokarekiko konpromisoari eusten dio, Euskadiren aurrerakada bultzatzen duten proiektu eta baliabideen erakusketarekin.

Energiaren Euskal Erakundeak garatu dituen Euskadiko Trantsizio Energetikoaren jardun-lerro nagusiak asteburu honetan erakutsiko dira Ficoban (Irun) egingo den Bioterra Azokan.
 
Energiaren Euskal Erakundeak, zeinak Bioterra Azokan hasieratik parte hartu izan duen, baliabide propioak eta, batez ere, energia berriztagarriak erabiltzen dituen eredu energetiko deskarbonizatu eta efiziente bat lortzeko egin dituen hainbat proiektu erakutsiko ditu. Ildo horretan, erakunde publiko nahiz pribatuekin dihardu lankidetzan, adibidez Ekian eguzki-parke fotovoltaikoarekin. Euskadiko eguzki-energiarako proiekturik handiena da, Arasur poligonoan dago, Arabako Erribera Beitia udalerrian, hogei bat enpresak parte hartzen dute, eta bertan 24 MW sortuko dira. Ikus-entzunezko produkzio batek proiektuaren berri emango du.
 
Beste erakunde publiko batzuekin egindako lankidetza, bestalde, udalek energia berriztagarriak eta efizientzia energetikoa sustatzeko xedez egindako lana agerian jartzeko Euskal Autonomia Erkidegoko geografia osoan barrena garatu den “Energiaren Bidea” ekitaldi ibiltariari buruzko erreferentzien bitartez erakutsiko da.
 
Energiaren Euskal Erakundearen standa bisitatzeko diseinatutako kontakizunak ikus-entzunezko tresna interaktibo bat barne hartzen du, eta horrekin Bimep ezagutu ahal izango da. Ukimen-pantaila bat da, eta Armintzako olatuen energiaren bihurgailuak eta plataforma eoliko flotagarriak probatzeko eta balioztatzeko itsaso zabalean probak egiteko gunearen eta Mutrikuko olatuen energia probatzeko eta sortzeko plantaren berri emango du baliabide didaktikoen bitartez.
 
Bioterra bisitatzera joaten direnen artean interesa piztuko duen beste gai bat autokontsumoa da. Pertsona kontsumitzailea erabakien oinarrian kokatzen duen eredu energetiko berri bati atea zabaltzen dion lege-esparruaren aldaketa honi buruzko azalpen-materialak prestatu dira, eta produkzio elektrikoko instalazioak sustatzeko laguntzen berri emango da, Energiaren Euskal Erakundeak aurten hori egiteko 1.100.000 euro baitauzka.
 
Azoka bisitatzen dutenek, era berean, Energiaren Euskal Erakundeak Ficobako aparkalekuraino eraman dituen auto elektriko bat eta bizikleta elektriko bat probatu ahal izango dituzte; aparkalekuan test-gune bat ipini da, eta oraindik ere indarrean jarraitzen duten eta 500.000 euroko zuzkidura duten ibilgailu elektrikoak erosteko laguntzei buruzko informazioa emango da. Energiaren Euskal Erakundeko teknikariek hitzaldi bat ere eskainiko dute ibilgailu elektrikoari buruz. Hitzordua larunbatean izango da eguerdiko ordubatean Ficobako 1 pabilioian.