Arabako Lautadako, Añanako eta Gasteizko udalerriek eta erakundeek energia aurrezteko eta krisi klimatikoari ekiteko ekimenak eta laguntzak ezagutu ahal izango dituzte “Erreminta-gida”-ren bidez
 
Nabarmentzekoa da Lanbiderekin eta Novia Salcedo Fundazioarekin egindako akordio bati esker udaletan eta tokiko mankomunitateetan teknikariak kontratatzeko laguntza 
 
Parte hartzaileek babesa eman diote energia aurrezteko berogailuen tenperatura 19ºC-ra mugatzera animatzen duen kanpainar

Arabako udalerri eta kuadrilletako ordezkariak Gasteizen izan dira gaur goizean, EEEk eta IHOBEk Euskadin energia aurrezteko kontingentzia-planaren esparruan klima- eta energia-helburuei heltzeko bultzatutako laguntza-planaren aurkezpenean. Ihobeko Ingurumen Jasangarritasuneko zuzendari Xabier González Vegas, bi erakundeetako teknikariekin batera, Gasteizko alkate eta Arabako Lautadako eta Añanako alkate zein kuadrillekin bildu da, baita zinegotziekin eta teknikariekin ere, “Erreminta-Gida” aurkezteko. Honek tokiko erakundeek energiaren, klima-aldaketaren eta jasangarritasunaren arloan ekimen berriak garatzeko izan ditzaketen laguntza-tresnak jasotzen ditus. Bileran Gasteizko Udaleko alkateorde eta Lurralde eta Klimaren aldeko Ekintzako zinegotzi Ana Oregik parte hartu du baita ere.
 
Bilera horretan, Xabier González Vegas Ihobeko Ingurumen Jasangarritasuneko zuzendariak azpimarratu du tokiko eragileek zeregin garrantzitsua izan dezaketela krisi klimatikoari eta energetikoari aurre egiteko palanka gisa, eta udal-ordezkariei, eskualdekoei eta teknikariei ekimen garrantzitsu baten berri eman die, toki-administrazioetan teknikariak hautatzeko eta kontratatzeko aukera emango duena. “Lanbiderekin eta Novia Salcedo Fundazioarekin akordio baten bidez toki-administrazioetan teknikariak aukeratu eta kontratatzeko plan bat egin dugu. Klima aldaketa eta trantsizio energetikorako 30 teknikariren kontratazioa bultzatuko dugu urtebetez”, iragarri du.
 
Langile horien baturari esker, toki-administrazioek errazago ekin ahal izango diete klima- eta energia-planei, bai eta “Erreminta-Gida” dokumentuan aurrezteko eta berriztagarriak ezartzeko jasotzen diren neurriak hedatzeari ere. Energiaren Euskal Erakundeak eta Ihobek egindako gida hau Euskadin energia aurrezteko Kontingentzia Planari erantzuten saiatzen da, eta klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko helburuak betetzen aurrera egitea ahalbidetuko du, Eusko Jaurlaritzak 2019ko uztailean larrialdi klimatikoa deklaratu ondoren.

Bestalde, ekitaldian zehar bertaratuek bat egin dute "19a nonahi dago, seinale bat ote?" kanpainarekin, berogailuen gehieneko tenperatura 19ºC-ra mugatuz energia aurreztu nahi duen kanpainarekin, alegia.
 
EEE eta IHOBE Euskadiko udalei, mankomunitateei, koadrilei, garapen-agentziei eta landa-garapeneko elkarteei egiten ari diren hamaika aurkezpenetako bat izan da gaurkoa, erakunde horiek, Udalsarea 2030en bidez, Udalerri Jasangarrien Euskal Sareak jaso ditzaketen laguntzen berri zuzenean emateko.