- Siderurgia honek eta Energiaren Euskal Erakundeak Eguzkind elkartea sortu dute. Zortzi eguzki-instalazio fotovoltaiko izango ditu Katalunian, eta guztira 43 MW-eko potentzia izango du.
- Instalazio horiek eraikitzeko, 40 milioi euroko inbertsioa egingo da. Dagoeneko garatzen ari dira, eta 2023ko azken hiruhilekoan hasiko dira Sidenor energiaz hornitzen.
- Energia berde hori Sidenorrek erosiko du, emisioez garbia den energia batez hornitzeko epe luzeko salerosketa akordio baten bidez.
- Zortzi eguzki-instalazio fotovoltaiko horiek eraiki eta martxan jartzeak euskal industriaren deskarbonizazioan aurrera egitea eta Sidenorren hornidura elektrikoa bermatzea ahalbidetuko du.
- Energiaren Euskal Erakundeak garapen jasangarrian eta deskarbonizazioan aurrera egiteko konpromisoarekin jarraitzen du, eta energia berriztagarriak eskuratzen laguntzen die euskal enpresei, energia-kostuei egonkortasuna ematen dieten epe luzeko kontratuen bidez.
Euskal industriaren erronka da prezio lehiakorretan emisio-energia garbiak hornitzea, eta, testuinguru horretan, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Sidenorrek erronka horri erantzuten dion ekimena jarri dute martxan.
Bi erakundeek, %50ean, Eguzkind elkartea eratu dute, eta zortzi eguzki-instalazio fotovoltaiko izango ditu. Gaur egun, Katalunian garatzen ari dira, zehazki, Lleidan, Tarragonan eta Bartzelonan. Proiektu horrek 40 milioi euroko inbertsioa ekarriko du, guztira 43 MW-eko potentzia instalatua.
Horrela sortutako energia Sidenorrek erosiko du epe luzeko kontratu baten bidez (PPA), energiaren hornidura jasangarria bermatzeko.
Eguzkind-ek energia garbien bidez CO2 emisioak saihestuko ditu, eta Sidenorrek aktiboki hartuko du parte energia berriztagarrien sorkuntzan, eta, aldi berean, altzairu berdearen ekoizpenean aurrera egingo du.
Energiaren Euskal Erakundeak lankidetza-proiektu publiko eta pribatu honekin duen konpromisoa garapen jasangarriarekin eta deskarbonizazioarekin lotutako energia-trantsizioaren hainbat alderdi bultzatzeko estrategiaren barruan kokatzen da, zehazki, energia-kostuei egonkortasuna ematea ahalbidetzen duten epe luzeko kontratuen bidez energia berriztagarriak eskuratzeko euskal enpresei ematen dien laguntzari dagokionez.
Sidenorren aburuz, energiaren kostua faktore kritikoa da, eta azken urteotan eragin nabarmena izan du haren jardueran. Gainera, altzairu berdeen deskarbonizazioa eta ekoizpena lehentasun estrategiko bat dira, non Sidenor teknologia berrien, inbertsio oso garrantzitsuen eta emisiorik gabeko energien bidez garatzen baita.
Sidenorri buruz
Sidenor industria-talde aitzindaria da altzairu luze berezien ekoizpenean. Ekoizpen-zentroak ditu Euskal Herrian, Kantabrian eta Katalunian, eta ordezkaritza komertzialak ditu Alemanian, Frantzian, Italian eta Erresuma Batuan.
Konpainia sektorearen abangoardian dago, ikerketarekiko konpromiso sendoari esker. Europako altzairu bereziaren ekoizleen artean I+G zentro handienetako bat du, eta bertan produktu berriak sortzeko eta prozesuak optimizatzeko garapen teknologikoak egiten ditu.
Energiaren Euskal Erakundeari buruz
Eusko Jaurlaritzako Energia Agentzia, Energiaren Euskal Erakundea (EEE), arduratzen da Euskadiko Energia Estrategiak proposatzeaz, horretarako bere ezagutza teknikoan eta aditu-lanean oinarrituta, eta aktiboki parte hartzen du ezarritako helburuak betetzeko garapenean.
Energia-sektoreko eragileekin batera, hainbat proiektu eta ekimen sustatzen ditu, energia-eraginkortasunaren, energia-hornidurako iturriak dibertsifikatzearen eta energia berriztagarriak ezartzearen inguruan. Azken helburua da energiaren jasangarritasuna lortzea eta euskal gizarte osoarentzako kalitatezko eta lehiakorreko energia-hornidura bermatzea.