GNL biltegiratuko duen 150.000 m3-ko hirugarren tankea eraikitzeko

Gas natural likidotua (GNL) biltegiratuko duen 150.000 m3-ko hirugarren tankea eraikitzeko obrak finantzatu ahal izateko, Inbertsioen Europako Bankuak (BEI), BBVAk, CaixaBankek eta Kutxabankek 130 milioi euroko kreditu bat eman diote Bahía de Bizkaia Gasi (BBG). Hartara, birgasifikazio plantak GNL biltegiratzeko ahalmena nabarmen areagotuko du, 450.000 m3-raino. Aldi berean, Espainiako iparralde eta Arku Atlantiko osoan horniduraren segurtasuna handitzen lagunduko du.

BEI, BBVA, CaixaBank eta Kutxabank banketxetatik eskuratutako mailegu horri esker, Bahía de Bizkaia Gasek hirugarren tankea finantzatzeko beharrak bete edo estali du. Hiru urteko obrak gauzatzeko epea duen tanke honen lehen lanak 2011ko irailean hasi ziren eta aurreikusitako amortizazio epea 20 urtekoa da.

BBG birgasifikazio plantaren partaidetza, akzio kopuru ezberdinarekin, energiaren alorreko erreferenteak diren hiru bazkideren artean banatzen da: ENAGAS Transporte S.A.U., partaidetzaren %40; Eusko Jaurlaritzako energia agentzia den Energiaren Euskal Erakundea, partaidetzaren %30; eta RREFF Infrastructure (Deutsche Bank-eko azpiegituren funtsa), partaidetzaren %30. Horiek guztiek proiektu estrategiko giltzarri baten aldeko apustua egin dute; izan ere, itsasoz eta gasbidez garraiatzen den gas naturalaren energia-hornidura bermatu eta segurtatzea ahalbidetzen du, kantitatean zein kalitatean bermatu eta segurtatu ere. Horrekin batera, energia eta industriaren lehiakortasuna areagotzea dakar, energia eskaria dagoen gunetara hurbiltzen baititu ekoizpen zentroak. 

Lan horiek egiteko, BBGen eta  Cobra, Sener eta Balzola enpresek osatutako UTEren artean kontratu bat sinatu zuten, giltza eskuan erakoa,  2011ko uztailean, eta urte hartako irailean eman zitzaien hasiera lanei, gauzatzeko aurreikusten zen epea 36 hilabetekoa izanik. Horiek horrela,  2014ko udazkenean hirugarren tanke hori funtzionatzen egongo da. Lan horiek guztiak aurrera eramateko milioi bat ordu/pertsona beharko dira.

Tanke berriak, hirugarrenak, lehendik funtzionatzen ari diren beste bien antzeko ezaugarriak ditu, erabateko eustea motakoa eta 150.000 m3 GNL (Gas Natural Likidotua) biltegiratzeko ahalmena du. Gas natural hori likido egoeran heltzen da metano-ontzietan, -163o C-ko tenperaturan. Tankeari esker, gasa biltegiratzeko egungo ahalmena nabarmen handituko da; izan ere, lehengo  300.000 m3 izatetik 450.000 m3 izatera pasako da.

Hirugarren tankea eraikitzeak sendotu egingo du BBGen egoera edo kokapena gas sistemaren barruan, Espainiako gas sisteman gehien erabiltzen den planta dena gaur egun. Plantaren handitzeak proiektu estrategiko horri beste bultzada bat emango dio; izan ere, plantan eraginkortasuna bermatzen du, edukiera handiagoa duten metano-ontziak bertan deskargatzeko aukera izango baitute, 265.000 m3 GNL garraiatzeko gai direnak. Horretaz gain, eskari handieneko uneei aurre egiteko egoera hobean egongo da, gasa biltegiratzeko ahalmenaren handitzeari esker. Aldi berean, BBGetik bertatik, Euskadiko sarea Frantziako hegoaldearekin lotzen duen Euskadour izeneko gasbidearen bitartez, Europako gasbideak hornitzeko aukera potentziala zabaltzen eta sendotzen da.

Hirugarren tankearen eraikuntzaren osagarri, plantaren birgasifikazio ahalmena handitzea aurreikusten da, hau da, gasa ekoizteko ahalmena areagotzea GNLen tenperatura igoaraziz (likido egoeran -163 o C); geroago, gasa banatzen duen sare orokorrera bideratuko dena. Gaur egun, birgasifikatzeko ahalmena 800.000 Nm3/h-koa da, eta 1.200.000 Nm3/h-koa izatea espero da.