Iragan uztailean inauguratu zen zentroaren helburua da laguntza publikoei eta IBILEKen alokairu-sistemari buruzko informazioa ematea eta ibilgailu elektrikoak erakustea • Ibilgailu elektrikoak erosteko laguntza publikoez eta horrelako ibilgailuak alokatzeko baldintzez 1.138 kontsulta burutu dira. Automobil eta furgoneta elektrikoak erosteko 5.000 eurorainoko diru laguntza publikoak daude eta 700 eurorainokoak motozikletak erosteko. • Erakusketen egutegiaren barruan daude Mercedes Vito E-Cell bat, Peugeot Ion bat, Bereco etxeko moto elektriko bat eta B&D modeloko bat.

Iragan uztailaren 17an, Vitoria-Gasteizen, inauguratu zen Ibilgailu Elektrikoaren Mugikortasun Zentroa mila lagunek baino gehiagok bisitatu dute dagoeneko, elektrizitatez elikatzen diren ibilgailuen inguruko informazioa jasotzeko eta horiek erosteko dauden diru laguntza publikoen berri izateko interesa duten herritarrak, hain zuzen ere. 
 
Mugikortasun Zentroa Arabako hiriburuaren erdialdean dago, autobus geltokiaren ondoko lorategi publiko batean. Zentroaren proiektua Eusko Jaurlaritzak garatu du, haren energia agentzia den EEE Energiaren Euskal Erakundearen bidez, Vitoria-Gasteizko Udalaren lankidetzan, eta helburu nagusiak dira ibilgailu elektrikoa herritarrengana hurbiltzea, ibilgailu mota horien azken modeloak erakustea eta bisitariei informazioa ematea. 
 
200 m2-ko eremua duen Mugikortasun Zentroak Gasteiz ardatz nagusi bihurtu du, Euskadin ibilgailu elektrikoa ezarri eta zabaltzeari begira. Izan ere, inauguratu zenez geroztik, iragan 17tik, 1.000 pertsona baino gehiago hurbildu dira Zentrora, bertan, uda osoan, erakusgai izan den Mercedes etxeko furgoneta elektrikoa, Vito E-Cell modeloa, ikusteko. Horrekin batera, kontsulta asko eta askotarikoak jaso dira herritarrengandik; zehazki, 1.138 kontsulta egin dituzte herritarrek. Kontsulta gehienak ibilgailu elektrikoa erosteko diru laguntza publikoez, ibilgailuak kargatzeko sistemez eta horrelako ibilgailuak alokatzeko zerbitzuez izan dira. 
 
Bestetik, Mugikortasun Zentroan, ematen diren zerbitzuez gain, ibilgailu elektrikoak alokatzen dituen IBILEK enpresaren eragiketa basea dago; car-sharing eran alokatzeko aukera ematen duen enpresa horrek ibilgailuak kargatzeko hiru gune ditu Vitoria-Gasteizen. Mugikortasun Zentroaren alboan dauden gune horietan alokairuzko ibilgailua hartu eta uzteko parada du erabiltzaileak. Gune horietaz gain, Artiumeko parkingean ere ibilgailuak kargatzeko guneak ditu IBILEKek.
 
Mugikortasun Zentroak aurreikusten duen Ibilgailu elektrikoen inguruko erakusketa programaren barruan, zenbait modelo ikusi ahal izango dute bisitariek datozen hileetan; adibidez, Renault Fluence eta Renault Twizy modeloak, irail osoan ikusgai izan direnak; Peugeot Ion bat, urrian bisitatu ahal izan zena, Bereco markako moto elektrikoa, urriaren 23tik azaroaren 11ra erakusgai izango dena; eta azkenik, Chevrolet Volt bat abenduan eta Nissan Leaf ikusgai egongo dena abenduaren 27tik aurera.
 
Nabarmentzeko da Eusko Jaurlaritzaren apustua ibilgailu elektrikoaren alde Euskadin; izan ere, garraiorako oso teknologia eraginkorra duen ibilgailu mota hori sustatzeari begirako helburuak handinahiak dira. Hala, 2020 urterako, Euskadin 43.000 ibilgailu elektriko zirkularaztea da helburua. Horrek eskatuko du, besteak beste, ibilgailuak kargatzeko sareak 13.000 gune inguru izatea. Alde horretaik, motor elektrikoak dituzten ibilgailuak erosteko diru laguntza publikoak daude; zehazki, automobil eta furgoneten kasuan, 5.000 euroraino eskura daitezke, motozikleta elektrikoak erosteko 750 euroraino.