Urriaren 1 eta 2an izango da Euskalduna jauregian

Energia zerbitzu enpresek (ESE) energia-instalazioen inbertsioak bere gain hartzen dituzte eta merkatuko prezioa baino %20raino merkeagoa eskaintzen dute energia

  • Adituen 24 txosten, 6 irakaspen txosten, 3 mahai inguru eta 10 esperientziaren azalpenei esker, teknologia eraginkorrenak, legezko aspektuak, merkatuen egoera eta ESE ereduaren finantzatzeko alternatibak aztertu eta jorratu ahal izango dira.
  • Energia zerbitzu enpresaren bidezko kontratu eredua aplikagarria da sektore eta esparrua guztietan, hala nola berokuntza, klimatizazio, ACS, argiztapen, argiteria publiko eta abarretan.
  • Euskadin zenbait esperientzia daude ospitaletan eta udalerrietan, ESE ereduaz baliatzen diren biomasa bidezko bero-sareen inguruan. Eusko Jaurlaritzak udal proiektu horiek sustatzen ditu, 2.000.000 euroko aurrekontua duen diru laguntza programa baten bitartez.
  • Fuente: Irekia - Gobierno Vasco

    Bilbo, 2013ko irailaren 25a – Bilbon, urriaren 1 eta 2an, egingo den III. Energia Zerbitzuez Kongresuaren helburua da negozio eredu berri horri behin betiko bultzada ematea. Izan ere, energia zerbitzu enpresek Euskadin energia egitasmoak finantzatzeko eta gauzatzeko alternatiba berritzaileak eskaintzen dituzte. Horretaz gain, energia aurrezteko kota garrantzitsuak ere badakartzate, eta, beraz, energia faktura murriztea ahalbidetzen dute energia kontsumo handia duten sektoreetan. Aldi berean, energia alorreko enpresei negozio egiteko aukera eta bide berriak eskaintzen dizkiete.  

    Energia Zerbitzuez Kongresuaren antolaketari dagokionez, sektore horretan diharduten eragile nagusien esku izan da: AMI, Anese, A3e eta El Instalador izeneko argitaletxea. Eusko Jaurlaritzak ere lagundu du kongresuaren antolaketan, haren energia agentzia den Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bidez, kongresuaren babesleak diren alorreko 24 enpresarekin batera. Kongresuan izateko 500 lagunek eman dute izena dagoneko, enpresetako ordezkari eta kongresu-kideen artean.

    Aurreko edizioetan Madril eta Bartzelonan egin ondoren, Energia Zerbitzuez Kongresuaren hirugarren edizio honek foro bat izan nahi du, negozio eredu horren abantailak eta onurak azaltzeko eta ESE bidezko proiektuen ikuspegia sendotzeko, etorkizuneko inbertsio den aldetik. Horretarako, jasotako 75 aurkezpen eskarietatik aukeratu diren 26 txosten edo hitzaldi emango eta azalduko dituzte adituek. Horrekin batera, ospe handiko adituek 6 irakaspen txosten agertaraziko dituzte, sektorea aztertzeko 3 mahai inguru egingo dira eta zenbait esparrutan aplikatutako energia zerbitzu enpresen ereduaren 10 kasu errealen edo esperientziaren berri emango dute.

    Kongresuan, energia zerbitzuen kontratuen bidezko energia proiektuak gauzatzeko parte hartzen duten aspektu guztiak jorratuko dira modu integralean. Hala, hainbat alderdi tekniko sakontasunez tratatuko dira, teknologia eraginkorrenak, kasu. Era berean, aspektu teknologikoak ez izan arren, garrantzi handikoak diren lege eta araua kontuak, merkatuen azterketa eta negozio aukerak luze eta sakon jorratuko dituzte adituek kongresuan. Hain zuzen ere, kongresuaren saio oso bat proiektuak finantzatzeko alternatibei buruz izango da. Alde horretatik, udal mailan, industrian, bizitegi eta hirugarren sektorean aurrera eraman daitezkeen proiektuak xehetasunez aztertuko dira.

    Hori guztia behar bezala azaltzeko eta erakusteko, kongresuan energia zerbitzu proiektuak garatzen diharduten puntako enpresetako ordezkari eta aditu ugarik parte hartuko dute. Izan ere, txostenak eta hitzaldiak emateko izena eman duten aditu teknikarien artean nabarmentzekoak dira Uria Menéndez eta Ribé Salat izeneko aholkularitza enpresak eta alor teknologikoetan aritzen diren ACV, BAXI, CIAT, Circutor, Daikin, Hitachi, Ista, Orkli, Schneider Electric, Saunier Duval, Vaillant, Sedical, Tifell, Uponor eta Zehnder konpainiak.

    Azterketa sektorialari dagokionez, erakusteko eta eztabaidatzeko hiru mahai inguru egitea aurreikusten da; bertan, energia zerbitzu enpresen bidez burututako proiektuen inguruko esperientziak azalduko dituzte sektore bakoitzeko adituek. Udal sektorearen azterketa jorratuko den mahaian Bilbo eta Iruñeko udaletako ordezkariak, Txorierri Mankomunitateko arduradunak eta Eurocontrol, IDOM eta Eulen enpresetako teknikariak izango dira. Industria sektoreko mahaian, berriz, Garrigues, Grupo Pascual, Bunge Ibérica, Cogeneración Gequisa, Grupo Ortiz eta EDF Fenice enpresetan diharduten adituek parte hartuko dute. Azkenik, bizitegi eta hirugarren sektoreei begirako mahai ingurua AC-Hoteles, Grupo Eroski, ESSE Energía, SinceO2 eta Gestión de Comunidades de Ávila konpainietako adituek osatuko dute.

    Aipatutako saio eta jardueren osagarri, kongresuan 10 kasu errealen aurkezpenak egingo dira, energia zerbitzuen ezarpenean aritzen diren arduradunen eskutik. Erakustaldi edo aurkezpen horietan parte hartuko duten erakundeak eta enpresak hauexek dira: Iruñeko Udala, Cofely, Gas Natural Fenosa, FCC, Santa Susanako Udala, Philips, Buderus, Frío Vizcaya, Ferrovial Servicios, Torrejongo Udala eta Valoriza Facilities.

    Kongresuak iraungo duen bi egunean sei irakaspen txosten aurkeztuko dira, kongresuko saio bakoitzean jorratuko den gaiari sarrera egiteko eta kokatzeko baliagarri izango diren txostenak, hain zuzen ere. Irakaspen horiek, zalantzarik gabe, esparru bakoitzean ospe handia duten puntako adituek aurkeztuko dituzte. Hala, Energiaren Euskal Erakundeko Energia Eraginkortasun Ataleko zuzendari Ángel Garrotek emango du kongresuko lehen irakaspen txostena, eta energia zerbitzu enpresek dakarten energia hobekuntzaz arituko da. FEDENEko zuzendari nagusi Patrick de Beaurepaire-k eta Utilitywise-ko Energia Zerbitzuetako zuzendari Tim Hipperson-ek, aldiz, energia zerbitzu enpresen merkatua garatzeko esperientzia europarrak azalduko dituzte. Bestetik, Industria, Energia eta Turismo Ministerioko Energia Plangintza Ataleko zuzendariorde María Sicilia energia eraginkortasunaz diharduen zuzentarauaren transposizioaren nondik norakoaz eta egoeraz mintzatuko da. Proiektuen finantzaketen inguruan izango den beste irakaspen txostena, berriz, BBVAko Javier Díez Castañok eta Kutxabankeko Jokin Peronak aurkeztuko dute. 

    Energia zerbitzu enpresak (ESE)
    Energia zerbitzuen merkatuak aukera berriak irekitzen ditu energia instalazioak hobetzeko proiektuak aurrera eramateri begira; batez ere, sustatzaileei inbertsio handiak eskatzen dizkieten egitasmoak gauzatu ahal izateko. 

    Proiektuak martxan jartzeko erabili ohi den moduaren aldean, energia zerbitzu enpresen ereduak aldaketa esanguratsua dakar. Izan ere, sustatzaileek (administrazio publikoek, udalek, energia instalazioak behar dituzten enpresek, etab.) kanporatzen edo esternalizatzen dituzte finantzaketa eta energia instalazioaren kudeaketa, hirugarren baten eskuetan utziz, ESEtan, hain zuzen ere. Hartara, ESE horiek obren finantzaketa eta gauzapena bere gain hartzen dituzte, eta  ordain gisa, kontratu bidez ezartzen den denboraz instalazioa kudeatzen dute, amortizatu arte. Denbora horretan, energia iturri konbentzionalen prezioekin konparatuta, titularrak behar duen energia prezio merkeagoan jasotzen du, eta energia zerbitzu enpresak errendimendu edo etekin ekonomikoa lortzen du.

    Energia aldetik eraginkortasun handiko teknologiak direnez gero, energia iturri berriztagarrien erabilerarekin batera, kontsumoa nabarmen murrizten dute, teknologia konbentzionalekin alderatuta. Horren ondorioz, petrolioaren eratorrien kontsumoa eta faktura gutxitzen dituzte. Hori horrela, ESE bidezko kudeaketak energiaren aurrezpena eta faktura % 10 eta % 20 artean murriztea ahalbidetzen duela kalkulatzen da.

    Modu konbentzionalaren aldean, proiektuak gauzatzean energia zerbitzu enpresek dakarten filosofia aldaketak negozio aukera berriak eskaintzen die enpresei; esate baterako, teknologiaren fabrikazioan ari direnei, ekipo instalatzaileei, finantza enpresei, etab. Izan ere, haien negozio zerrendan bide alternatibo bati ekiteko aukera zabaltzen zaie, energia zerbitzu enpresa gisa jarduteko parada.

    ESE bidezko kontratu baten erabilera edo aplikazio esparruak asko eta askotarikoak dira: berokuntza, klimatizazio eta ur bero sanitarioari lotutako instalazioen hobekuntzak, kanpo eta barne argiztapena, argiteria publikoa, energia ituri berriztagarrien instalazioa, baterako eta hiruko sorkuntza sistemak; baita energia kontsumoa murriztea dakarten eraikinen inguratzailea hobetzeko neurriak edo jarduerak ere. 

    Energia zerbitzu enpresak Euskadin
    Euskadin gero eta instalazio gehiago daude horrelako energia zerbitzu kontratuen bidez burutuak. Horren erakusle dira, besteak beste, sare publikoko ospitaleetan abian jarri diren baterako sorkuntzak, izaera juridikoa desberdina izan arren, zerbitzu enpresa horien filosofia beraren ildotik eginak.

    Bide beretik, udal instalazioetan erabiltzeko biomasa bidezko bero-sareak nabarmen zabaltzen eta aurreratzen ari dira, energia zerbitzu enpresen kontratuez burututako esperientziak ezin hobeak direnak eraginkortasun eta energia berriztagarrien erabilera aldetik. Horren adibide dugu Orozkon egindako instalazioak, 34 etxebizitza-blokeri berokuntzaz eta ur bero sanitarioz hornitzen dietenak. Horretaz gain, Derioko apaiztegia izandako eraikinean ESE ereduaren arabera kontratatutako instalazio bat dago, berokuntzaz eta ur bero sanitarioz hornitzeko. Beizaman, bertako udaletxeari, natur eskolari, aterpeari eta 8 etxebizitzari hornidura ematen dien sare bat dago. 

    Eusko Jaurlaritzak horrelako proiektuen garapena sustatzen ari da, udalerrien energia egoera hobetzeko eta energia kontsumo murrizteko bide egokia dela uste baitu. ESE bidez jarduera asko eraman daitezke aurrera administrazio publikoen jabetzako instalazioetan, udal instalazioetan, esaterako. Horrexegatik, hain zuzen ere, Energiaren Euskal Erakundeak horrelako ezaugarriak dituzten jarduerak sustatzen ditu, 2013. urterako 2.000.000 euroko aurrekontua duen diru laguntza programa baten bitartez.