Energia agentziak 49 enpresari eman die aholku jadanik, gehienbat industria alorrekoei, eta haietan 80 ekintza edo jarduera abiarazi ditu
Eusko Jaurlaritzaren energia agentzia den Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) egindako aholkularitza lanari esker, euskal enpresek beren energia faktura %48raino murriztea eta urtean 20.000 euroraino aurreztea lortu dute.
EEE laguntza instituzionala ematen ari zaie euskal enpresa txiki eta ertainei, (ete edo pymes deitutakoei), energiaren erosketaz aholku edo gomendioen bidez. Hartara, energia fakturak haien emaitzen kontuan duen karga arindu nahi da, ahal den heinean, eta lehiakortasunaren hobekuntzan lagundu.
Gaur arte, EEEk, guztira, 40 eteri eman die aholku, gehien-gehienak industria alorrekoei; baita siderometalurgia, elikadura eta zerbitzu arlokoei ere.
Enpresa guztien artean, 80 ekintza edo jarduera inplementatu dira, gas natural zein elektrizitate gaiei lotuak. Oro har, ezarritako ekintza horiei esker lortutako batez besteko aurrezkia %8 izan da, zenbait enpresatan %48raino heldu dena. Aurrezkiari dagokion batez bestekoa 3.500 euro izan da urtean, alor batzuetako enpresa batean edo bestean 20.000 euroraino iritsi bada ere.
Industria alorrari gagozkiola, EEEren ekimen honek, funtsean, enpresei energia erosteko ahalmena hobetzen lagundu nahi die. Horretarako, laguntza teknikoarekin batera, kontsumitzaile txiki eta ertainei prestakuntza eskaintzen zaie energia eraginkortasunaren eta energiari lotutako merkatuen inguruan.
Euskadiko ETErentzako plana
Plan hau ETErentzat da bereziki; izan ere, enpresa mota horiek ez dute beti izaten behar besteko baliabiderik lege erreformek dakartzaten aldaketei eta eraginei aurre egiteko, eta, beraz, laguntza teknikoa behar dute, erreforma horien eragina balioesteko eta kostuak optimizatzeko oinarrizko neurriei ekin ahal izateko.
Enpresa horietan egindako azterketen ondoren, proposatu ohi diren ekintza eta neurriak hauexek dira: kontratu-klausulen eta sarbideko bidesarien aplikazioaren berrikuspena, kontratatutako tarifaren eta ordu-diskriminazioaren egokitzapena erabiltzaile industrialaren eskakizunetara, parametroen (kontratatutako potentzia eta energia reaktiboa) simulazioa eta egokitzapena, eta gehiegizko potentzia saihesteko eta hornidura-alternatiben hobekuntzari begirako neurriak.
Adibide errealak
Hartutako neurrien eta emandako laguntzaren adibide gisa, Energiaren Euskal Erakundeak aholku eman dio metalen balioespenean diharduen enpresa bati, goi-tentsioan hornidurarekin, 6.1 tarifa eta P1etik P6ra aldietan 800 kW-eko potentzia kontratatua duena. Kontratazioaren inguruan egindako proposamenei esker (P1etik P5era aldietan 500 kW-eko potentzia eta P6 aldian 600 kW-ekoa), enpresa horrek energia fakturan lortu duen aurrezkia %8 izan da, urtean 20.000 euro dena dirutan.
Bigarren adibidea, metalurgia alorrean aritzen den enpresa bati dagokio, behe-tentsioan hornidurarekin. 3.0 A tarifa, P1etik P3ra aldietan 100 kW-eko potentzia kontratatua eta 0,77ko potentzia-faktorea duena. Kasu honetan, EEEk beste potentzia batzuk kontratatzeko proposatu zuen (80 kW-ekoa P1 aldian, 90 kW-ekoa P2 aldian eta 80 kW-ekoa P3 aldian). Horretaz gain, potentzia-faktorea hobetzeari begira, kondentsadore-bateria bat instalatzea ere aholkatu zuen. Neurri horien bidez, ete horrek urtean 6.500 euro aurreztea lortu du, ehunekotan adierazita, %16 dena.