• Industria Sailaren menpeko erakundearen administrazio kontseiluak onartutako emaitza hori, funtsean, Naturgasen akzioen %9,43 HCi saldu izanaren ondorio da
• Kontseiluak Bioener sozietatea deuseztatzea eta Noroilen duen partaidetzaren salmenta baimendu zituen
Bilbo, 2011ko maiatzaren 11 – Iragan maiatzaren 2an, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) administrazio kontseiluak egindako bileran 2010eko ekitaldiari zegozkion EEEren eta EEE talde kontsolidatuaren urteko kontuak onartu zituen.
2010. urtean EEEren etekina, zergak ordaindu ondoren, 123 milioi eurokoa izan zen. Emaitza ekonomiko hori ez da aurreko urtekoarekin konparagarria; izan ere, emaitza horretan eragin handia izan du EEEk Naturgas Energian zuen partaidetzaren zati bat (%9,43) Hidroeléctrica del Cantábrico, S.A. (HC) sozietateari saldu izanak, 198,4 milioi euroren truke.
2010ean Energiaren Euskal Erakundeak izan zuen diru sarrera 41,3 milioi eurokoa izan zen. Kantitate horretatik, %6,5 energiaren eta zenbait zerbitzuren fakturaziotik etorri zitzaion, %40,5 partaidetzako sozietateen dibidenduetatik, eta gainerako %53a jasotako diru funtsetatik (IDAErekin sinatutako hitzarmenaren ondoriozko funtsak gehienbat), energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarriak sustatzeko diru laguntzak emateko ziren funtsak, hain zuzen ere. Kontzeptu horiengatik EEEk hirugarrenei emandako diru laguntzak 21,9 milioi eurokoak izan ziren 2010ean.
2010. urtean, ibilgetu material, inmaterial eta finantzarioan egindako inbertsioak 16 milioi eurokoa izan ziren (kopuru horretan ez da sartzen Donostiako Udalak Naturgasen zituen akzioen eskurapena). Orotara, banakako aktiboa 2010eko abenduaren 31n 304,6 milioi eurokoa zen eta ondare garbia 250 milioi eurokoa baino gehiago zen.
Zifra finkatuei dagokienez, EEE taldearen ondare balioa 474 milioi eurokoa zen 2010eko abenduaren 31n, eta guztizko aktiboa 548 milioi eurokoa. Kantitate horietan, Naturgasen zituen akzioen salmentaz gain, kontuan hartu behar da BBGen dituen akzioen partaidetza %5 areagotu zuela (partaidetza %30eraino helduz gaur egun), ibilgetuaren zifra finkatuetan eragin handia izan duena; izan ere, sozietatearen kontsolidatua baliokidetzan jartzeagatik izan da.
Aipatutako bileran, EEEren administrazio kontseiluak Bioener sozietatea deuseztatzea erabaki edo baimendu zuen (partaidetza EEEren eta Abengoaren esku zeukana), estrategikoak ez diren sozietate eta partaidetzetan desinbertsio politikarekin koherentziaz. Era berean, EEEk Noroilen duen partaidetza saltzeko eskatu zion zuzendari nagusiari kontseiluak, 2011 urterako onetsitako aurrekontuetan aurreikusten den bezala.
EEEri buruzko informazioa
Energiaren Euskal Erakundea Eusko Jaurlaritzaren energia agentzia da, eta honako zeregin hau du:
- Euskadiko energia estrategiak proposatzea, horniduraren bermeari, kostuetan lehiakortasunari eta iraunkortasunari lotutako irizpideak kontuan hartuta.
- Estrategietan ezarritako helburuak lortzen laguntzea eta sustapen lanak egitea.
Alde horretatik, EEEk Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailari zerbitzua ematen dio energia eta meatze–geologia baliabideen inguruko gaietan. Horrezaz gain, zenbait proiektu garatzen ditu enpresa eta erakundeekin lankidetzan eta haren estrategiak zuzentzen dituzten irizpideak eta balioak zabaltzen ditu gizartean. Pertsonen lidergoan, konpromisoan eta kualifikazio teknikoan oinarritzen da EEEren jardun gaitasuna. Horrekin batera, dituen baliabideen planifikazioan eta kudeaketa eraginkorrean datza gaitasuna.