Aurtengo azken hiruhileko honetan, EEEk koordinatzen dituen lan taldeen bileretan 50 enpresak baino gehiagok hartu dute parte, Euskal Autonomia Erkidegoko Energia Klusterrak lehentasunezkotzat jo dituen lan ildo hauetaz aritzen dira talde horiek: olatuen energia, sare elektriko adimendunak eta ibilgailu elektrikoa.
Aipatutako lan talde horien jarduna Energia Klusterraren misio nagusiari lotuta doa, hau da, Klusterraren barruan dauden enpresen lehiakortasuna sustatzeari lotua, lankidetzaren eta ekimen bateratuen garapenenaren bitartez. Era berean, lan talde horien xede-teknologiak Energibasque-ren, Energia Alorrean Teknologia eta Industria Garatzeko Estrategiaren barruan daude. Estrategia horren helburua da Euskadi energia arloan ezagutza gune eta garapen industrialaren erreferente bilakatzea munduan.
Iragan urriaren 17an, Sare Adimendunak Zabaltzeko Lan Taldeko kideak bildu ziren EEEren bulegoetan. Bileran 15 elkartetako 20 pertsonak hartu zuten parte, eta bertan Bidelek Sareak (Iberdrolaren eta EEEren partaidetzako AIE) garatzen ari den proiektuaren berri eman zuen EEEk, Bilbon eta Portugaleten sare adimenduna eraikitzeari begirako egitasmoa, hain zuzen ere. Halaber, euskal enpresen industria ahalmena zabaltzeko xedez, nazioartean burututako jardunaz informazioa eman zuen (Ginebra, Paraná Brasilen, etab.). Tecnaliak, berriz, Bidelek Sareak-ek bultzatutako “Showroom” izeneko proiektua aurkeztu zuen. Proiektu horrek, funtsean, goraxeago adierazitako zabalkunde jarduera osatzeaz gain, gure enpresen ekipoak (kontagailu adimendunak eta beste gailu batzuk) erakustea du helburu, eta 2013. urtearen hasieran abian jartzea espero da. Tecnaliaren instalazioetan kokatuko da, Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan.
Bestetik, azaroaren 21ean, Olatuen Energiaz Lan Taldeko (GTEO) kideak bildu ziren, Tecnalia Energíaren egoitzan. Bileran 25 elkartetako 60 lagun inguru izan ziren (I+G alorreko zentroak, klusterrak, unibertsitateak, enpresak, etab.). GTEOk egindako aurreko bileraren ondorioak aurkeztu zituen Tecnaliak, “2030. urtera begira, Itsas Energien Azelerazioaren Estrategia” definitzeko bideak eta pausuak hizpide izan zuten bilera horretan. Aldi berean, nazioartean olatuen energiaren azken aurrerapenen eta egungo egoeraren berri eman zuen. EEEko ordezkariek, berriz, Armintza-Lemoizen egongo den “bimep” itsas energiak ikertzeko azpiegituraren eraikitze lanen egoeraz informazioa eman zuten. Halaber, deituko diren lehiaketa publikoen berri eman zuten; zehazki, instalazioen ustiapenari, nabigazioaren arriskuen kudeaketari, telekomunikazioei zein SCADAri eta konektoreei lotutako lehiaketak. Bestaldetik, Iberdrolaren eta Tecnaliaren partaidetza duen Oceantec Energías Marinas enpresako arduradunek “Uhindar” deritzon proiektua aurkeztu zuten. Eusko Jaurlaritzaren Etorgai Programaren bidez finantzatzen den proiektu horren helburua da “Ur Zutabe Oszilatzailea” teknologian oinarritutako olatuen energia bihurgailu bat garatzea. “Uhindar” egitasmoa 10 enpresak baino gehiagok osatzen duten partzuergoa zuzentzen ari da. GTEOn parte hartzen duen BECeko ordezkariak, berriz, “Bilbao Marine Energy Week” aurkeztu zuen. 2013ko apirilaren 15etik 19ra, BECen egingo den kongresu hori Europa hegoaldean, itsas energien alorrean, munduko batzaldirik garrantzitsuena izatea nahi dute antolatzaileek. Bileraren amaieran, Bajoelagua Factory euskal enpresa eta OPT (Ocean Power Tecnology) ingeles enpresa aurkeztu zituzten. Azken enpresa hau Euskadin bazkide industrialak bilatzen ari da, itsas buiaren garapenaren eraikuntzan parte hartzeko interesdunen artean.
Azaroaren 28an, Ibilgailu Elektrikoaz Lan Taldeko (VE) kideak bildu ziren EEEren bulegoetan. Bileran 10 enpresatako 17 lagunek hartu zuten parte. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko sarea garatzeari begira, EEEren eta Repsolen %50nako partaidetza duen IBIL sozietateko ordezkariak ibilgailu elektrikoaren inguruko berriez informazioa eman zuen. Hala, ibilgailuen fabrikatzaileek horrelako ibilgailuen aldeko apustuari eusten diotela, krisi ekonomikoaren ondorioz salmentak jaitsi badira ere, moto eta kuatrizikloen salmenten hazkundea eta fabrikatzaileek karga arina aldeztu dutela adierazi zuen, besteak beste. Horretaz gain, IBILen egungo proiektuen berri ere eman zuen, hala nola Nissanekin lankidetzan, Repsolen zerbitzu gunetan karga arina egiteko konektoreak eta erabiltzaileei informazioa helarazteko aplikazio informatiko berriak. Era berean, IBILen kontrol gune aitzindari eta berritzailearen nondik norakoa azaldu zien bertaratuei. EEEko ordezkariak, aldiz, 2011. eta 2012. urteetan ibilgailu elektrikoak erosteko eta horiek kargatzeko guneak eraikitzeko laguntza programen datu nagusiak azaldu zizkien bileran izandakoei. Halaber, Gasteizen, ibilgailu elektrikoaren erabilera zabaltzeko eraiki duen mugikortasun zentroaren berri eman zien. Iberdrolako ordezkariren aldetik, MUGIELEC egitasmoaren azken aurrerapenak adierazi zituzten, ibilgailu elektrikoak energiaz hornitzeko behar diren sistemak eta ekipoak garatzea helburu duen egitasmoa, hain zuzen ere. Amaieran egin zuten solasaldian, energiaren alorreko gai garrantzitsuak jorratu zituzten, adibidez, protokoloen estandarizazioa, eta aldi berean, Industria Ministerioko Lan Talde Nazionalak karga-kudeatzaileekin egindako azken bileraz informazioa trukatu zuten.