Eusko Jaurlaritzak baimendutako eragiketa hori zatiketa partzial bat da, eta Naturgas Energía Transporteren (NET) akzioak sortuko den sozietate berri batera (“Newco”) bideratuko ditu Naturgas Energía Grupok. Zatiketa horren ondorioz, Newco sozietatea NETena izango da %100ean; zatitutako sozietatearen %90 Grupo HCena eta %10 EEErena izango dira. Geroago, Enagásek akzioen %90 eskuratzeaz gain, filialaren zor guztia ere bereganatuko du.   
 
Eragiketa justifikatzen duten zio estrategikoak, funtsean, araudietan izandako aldaketetan oinarritzen dira. Europako Hirugarren Zuzentarauaren (2009-73-CE) transposizio berriak, 13/2012 Errege Lege Dekretuaren bidez, garraioaren aktibo tronkalen ondare banaketa eginarazi zion Naturgasi, NETen salmentaren bitartez hirugarren bati, 2012ko urriaren 3a baino lehen. Naturgasen alternatiba bakarra, haren aktiboen salmentaren aurrean, bertikalki integratutako gas taldea den aldetik, garraio aktiboen mantentzea eta eragiketa kudeaketa operatzaile independente bati lagatzea izango litzateke (“sare kudeatzaile independentea” edo ISO). Horrek ekarriko luke, besteak beste, NET sare tronkaleko aktiboen inbertsore bihurtzea, eta, beraz, kudeaketarako, sinergiak bilatzeko edo negozio horretan hazteko aukerarik gabe.  
 
EEEren eta Grupo HCen arteko akordioaren arabera, 2010eko abenduaren 2an sinatua, Naturgasek egin dezakeen edozein desinbertsio eragiketak eragiten baldin badie “Sozietatearen edo Euskal Autonomia Erkidegoan dauden bere filialen edo subsidiarien aktiboei”, “erabaki garrantzitsutzat” hartuko da. Hori dela eta, eragiketak EEEren eta Naturgasen kontseilarien baimena eduki behar du. Azaldutako araudi egoeraren aurrean eta etorkizunean NETen aktiboen inguruan ezustekorik edo zalantzarik ez izateko, Eusko Jaurlaritzak modu positiboan baloratu du Naturgasek Enagasi egindako garraio negozioaren salmentari lotutako eragiketa, alde biek hitzartutako baldintzetan.
 
Ildo horretatik, EEEk eta Enagásek, elkar hartuta, akordio bat izenpetu dute. Hala, akziodunen akordio horren bidez, izaera loteslea izango duten honako alderdi hauek arautuko dira: sozietate berriaren akzio eta aktiboen transmisioekin zerikusia duten eskubideak eta betebeharrak, gobernu organoen funtzionamendu arautegia eta haren jardueraren inguruko beste zeregin batzuk; Grupo HCen eta EEEren artean, Naturgasentzako akziodunen akordioan hitzartutakoa oinarri hartuta.