EIFN sarearen aurkezpenaEnergiaren Euskal Erakundeak (EEE/EVE) energia alorreko berrikuntza teknologikoaz zabalkunde jardunaldi bat antolatu du, ekintzaileek euren egitasmoak aurrera eramateko dituzten diru arazoei irtenbideak bilatzeko xedez. Berrikuntzaren merkatuan diharduten enpresa eta elkarte ezagunetako ordezkariak Bilbon, EEE/EVEren egoitzan, bildu dira ekainaren 5ean. Zabalkunde jardunaldian finantza eta berrikuntza esparruetan aritzen diren puntako eragileak izan dira.

EEE/EVEk Bilbon, ekainaren 5ean, antolatutako jardunaldia, “Energiaren Alorreko Egitasmo Berritzaileak Finantzatzeko Aukera eta Bideak” izenekoa, EIFN egitasmoa zabaltzeko egiten diren jardueren barruan dago. Jardunaldi honek energiarekin zerikusia duten berrikuntzaren inguruko gaiak jorratzea du helburu; adibidez, berrikuntza egitasmoak finantzatzeko zailtasunei aurre egiteko bideak eta ekintzaileen esku jarri ahal diren finantza-alternatibak eta lanabesak. Horrekin batera, berrikuntzan puntako enpresen esperientzien berri zabala eman zaie bertaratutakoei.

Jardunaldian berrikuntza eta finantza alorretan eskarmentu handia duten aditu ugarik hartu dute parte; esaterako, Caixa-ko Juan Carlos Martínezek, Pigmaly-ko Jon Huetek, Europako Batzordeko Astrid Severinek, Labein-Tecnaliako Carlos Peñak, Instituto Empresa Bussines School-eko Laura Nuñezek, Euskal Autonomia Erkidegoko Arrisku-Kapitaleko Jorge Aranzabek, Spriko Manu Arrietak, Iberdrolako Eduardo Navarrok, Ingeteam-eko Antonio JR Gonçalvesek eta Albiasa Solar-eko Jon Albisuk.

Guztira, ekintzaileen, enpresa, elkarte eta finantza erakundeetako ordezkarien artean, 80 lagun inguruk hartu dute parte jardunaldian. Bertaratuek EIFN egitasmoaren eta antzeko ekimenen berri zehatza jasotzeko aukera izateaz gainera, energiaren alorreko egitasmo berritzaileak finantzatzeko bideez iritziak elkarri trukatzeko parada ere izan dute.

Ekintzaileen sarea

Alemania, Eslovenia, Espainia, Italia, Lituania, Polonia eta Errumaniako 12 enpresa edo erakunderekin batera, Energiaren Euskal Erakundea (EEE/EVE) EIFN sarearen kide fundatzailea da. Gaur egun, Europako zenbait herrialdetako ehun enpresak edo erakundek baino gehiagok osatzen dute sarea.

EIFN sarearen kide fundatzaile horiek sarearen jarduna zabaltzea eta hedatzeaz gain, bakoitzaren eragin esparruko finantza eragileen eta ekintzaileen artean sarearen ekimenen berri emanez, bestelako jarduerak edo ekintzak ere antolatzen dituzte, esate baterako, jardunaldiak eta mahai-inguruak, gidak prestatzen dituzte, etab. Azken batean, sareko kideei laguntzeko jarduerak, EIFN sarearen helburuak lortze aldera.

Helburu horiek, funtsean, enpresek egitasmo batzuk finantzatzeko dituzten arazoei aurre egiteko bideak aurkitzeari zuzenduta daude; izan ere, energiaren arloko egitasmo berritzaile gehienak enpresa edo elkarte txikiek garatzen dituzte, egitasmo horiek finantzatzeko zailtasunak dituztenak, hain zuzen ere. Horren ondorioz, sarritan, lortzen diren emaitzak ez dira apartekoak, baliabide gehiago eta egokiagoak izanez gero, bestelako emaitzak lortuko balira ere. Gainera, egitasmoak ebaluatzeari begira, finantza erakundeen egituretan teknologian aditurik ez izateak ez du batere laguntzen, kanpoko aholkularitzaz baliatu behar baitira, eta horrek beste zailtasun bat gehiago dakar.

Europako Batzordeak sustatutako VI. Esparru Programaren Europe Innova deritzon ekimenaren barnean dago EIFN egitasmoa, eta energiaren alorrean berrikuntza-jarduerak eta diru inbertsioak egiten dituzten eragileen arteko lankidetza sustatzea du helburu. Hori lortzeari begira, besteak beste, EIFN sarea eratu da, energiaren esparruan diharduten ekintzaileei erraztasunak emateko, finantza-eragileekin harremanak bideratu eta egitasmoak finantzatzeko lanabesak eskuratu ahal izateko.