• Manasluko igoerak balio humanitario nabarmena izango du, izan ere, 50 eguzki bonbilla inguru emango zaizkie inguruko familiei.
  • Oinarrizko kanpalekua eguzki-energiaz elikatuko da soil-soilik bi instalazioren bidez, eta horietako bat Nepalgo ikastetxe bati emango zaio espedizioa amaitzean.

Alex Txikon beste zortzimilako bat egiten saiatuko da neguan. Oraingoan, mendizale bizkaitarrak Manasluko gailurra (8.163 m., Nepal) zapaldu gura du, orain arte neguko espedizio batek inoiz lortu gabeko balentria.
Erronka handia izango da, inoiz lortu ez dena, baina “ederra”, gaur goizean Bilboko Euskal Museoan egindako prentsaurrekoan azaldu duenez. Bertan izan dira Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua; Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia; Jose Galíndez, EKI Fundazioko presidentea; eta Jorge García del Arco, AQUADATeko sortzaileetako bat eta CEOa.

Espedizio honetan munduko alpinistarik ezagunenetako batek lagunduko dio Txikoni. 2016an ere elkarrekin joan ziren Nanga Parbateko gailurra (8.126 m.) lortu zutenean, urte horretako otsailaren 26an. Simone Moro italiarra behin baino gehiagotan saiatu da Manaslu igotzen –azkena joan den neguan–, baina orain arte huts egin du ahalegin guztietan. Hirukotea Iñaki Alvarez gipuzkoarrak osatuko du, aspalditik Txikonekin ibilitakoa bere abenturetan, eta erronka handi honekin bat egingo duena.

Manaslu EKI taldea Chhepal Sherpa (Txikonekin elkarlanean arituko den bosgarren aldia izango da) eta Kalden Sherpa (iaz Txikonekin bizi izan zuen lehen esperientzia errepikatuko du) sherpek ere osatuko dute. “Funtsezko kideak niretzat eta gainerako taldekideentzat. COVID-19aren pandemia planeta osoa astintzen ari da, baina eragin handiagoa du komunitate honetan, nepaldarren artean”, adierazi du Txikonek. Eurekin batera, Txikoni neguko espedizioetan laguntzen hainbat negu daramatzaten eta “kanpamentu nagusiaren giltzarri” diren Eneko Garamendi eta Aitor Sanz, eta Lur Uribarren –Urdaibai Arraun Elkarteko arraunlari ohia eta gaur egun Kaiku Arraun Kirol Elkartean ari dena–,Txikonek Everestera iaz antolatu zuen neguko espedizioan ere parte hartu zuena.
Espedizioa abenduaren 31n abiatuko da Katmandura, eta, osasun-agintari eskumendunek ezarritako berrogeialdia igaro eta espainiar estatuan egindako PCR proben emaitza negatiboak erakutsi ostean, Rughatetik kanpamentu nagusira doan trekkinga hasiko da. Bertara urtarrilaren erdialdera iristea aurreikusten dute, lanean hasteko. Kanpamentu nagusia 4.900 metroko altueran ezarriko dute, eta hasierako helburua altuerako bi kanpamentu ezartzea da, igoera azkarra izan dadin. Txikon, Moro eta Alvarez Manasluko bide klasikotik igotzen saiatuko dira.
Aurreikuspenak betetzen badira, taldeak hilabete eta erdi emango ditu kanpamentu nagusian, eta tarte horretan Jon Barredok eta June Saenz de Urturik, elur-jausietan galdutako edo/eta lurperatutako pertsonak detektatzeko ELUR gailuaren azken proba errealak egingo dituzte merkatura atera aurretik. “Sistema honek orain arte pentsaezina zen estaldura emango digu, egungo salbamendu teknologiaren bitartez mendizaleak detektatzeko distantzia 30 aldiz biderkatzen baitu. Alpinistentzat aurrerapauso handia izango da segurtasunari dagokionez”, azaldu du Txikonek.

Espedizio jasangarria
Manaslu EKI balio humanitario eta solidario nabarmeneko erronka izango da, jasangarria izateaz gain. Espedizioaren izenak berak EKI Fundazioari egiten dio erreferentzia. Txikonek urteak daramatza fundazioarekin elkarlanean. Erakunde horren ahalegin guztiak, garapen-bidean dauden herrialdeetako hezkuntza-zentroei, osasun-zentroei eta gizarte-interesekoei energia elektriko autonomoko iturriak (eguzki energia fotovoltaikoa batez ere) hornitzean zentratzen dira.

Iaz egin zen bezala, EKI Fundazioaren eskutik 50 bat eguzki bonbilla banatuko dira. Aurten Txikonek eta bere taldeak, duela denbora gutxi lurrikara bat jasan duen Makalu eskualdeko familien artean banatuko dituzte. “Bonbilla batek goitik behera aldatzen du familia baten bizitza. Gu ez gara konturatzen, batzuetan baloratu ere ez dugu egiten, baina herri horientzat gauez argia izateak umeek irakurtzen eta idazten ikasi ahal izatea ekar dezake”.

Ildo horretan, Txikonen eta talde osoaren konpromisoa, eguzki energia garbia eta agortezina elektrizitatea sortzeko baliatzea da, energia-sorgailuak (eta erregaiak) erabiltzea saihestuz, eta ingurumenean ahalik eta inpaktu txikiena eragiten saiatuz. “Kanpamentu nagusi batean energia behar duten gailu asko erabiltzen dira: bateriak, telefonoak, irratiak, ordenagailuak, estazio meteorologikoak, dronak... Bada, ez dugu erregai litro bakar bat erabiliko. Egia esan, erronka bat da, baina beharrezkoa eta posiblea; iaz hala erakutsi genuen (50 egun baino gehiago egon ginen Kanpamentu Nagusian eta behin ere ez genuen kerosenoa erabili behar izan)”, azaldu du Txikonek.

Zehatzago esanez, bi eguzki plaka instalazio erabiliko dituzte, iazko espedizioko bat eta aurten eramango duten beste bat; biak EKI Fundazioak emandakoak. Behin espedizioa amaituta, horietako bat inguruko ikastetxeren bati ematea da helburua. “Guk ditugun erosotasunak ez dituzten bertako biztanleei gure ekarpena egin behar diegu. Eta, noski, ingurumena ere zaindu behar dugu”. Espedizioan egingo ditugun ekintza horiekin, gure gizartean aurrera egiteko energia berriztagarriak eta teknologia erabili beharra erakutsi gura dugu” esan du Txikonek.
Ura izango da espedizioak kontuan hartuko duen beste gaietako bat. Ura modu jasangarriagoan kudeatzen (ekonomikoaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegietatik) laguntzen duen AQUADAT startup-aren laguntzarekin, Txikonek eta taldeak izotza eta elurra urtzetik sortutako ur guztia iragazi egingo dute kontsumitu aurretik, modu seguruan hidratatzeko. Horretarako, 0,1 mikroiko ur-iragazkiak erabiliko dituzte. Horiek hainbat organismo kaltegarri deuseztatzen dituzte, bakterioak (% 99,999) eta baita protozooak ere, giardia eta criptosporidium, besteak beste (% 99,9), EPA arauak gaindituz, produktu kimikorik edo bestelako gailurik erabili barik. “Espedizioko inork ez du botilako urik kontsumituko. AQUADATekin batera egin ditugun kalkuluen arabera, egunean batez beste lau litro ur kontsumitzen baditugu, espedizioan zehar 4.000 litro botila inguru erabiltzeari utziko diogu. Everestera doazen espedizio guztiek gauza bera egingo balute, urtean 125 tona plastiko sortzea saihestuko litzateke” azaldu du Txikonek. Gainera, espedizioan zehar, irtenaldiak egingo dira hondakinak biltzeko, eta bukatutakoan jaitsi egingo dira, Txikonek eta bere taldeak sortutakoekin batera.

Horrez gain, AQUADATek uren kalitatea urrunetik aztertuko du satelite bidez, eta horrek, espedizioak daraman zunda multiparametrikoarekin batera, Katmanduko eta Manaslu parke naturaleko uraren kalitatea aztertzeko aukera emango du. Zientziari ekarpena egiteko, laginak hartuko dira sortzen ari diren gai kutsatzaileak laborategian aztertzeko (orain arte ezezagunak izan diren eta giza osasunerako eta ingurumenerako kaltegarriak izan daitezkeen giza jardueraren ondoriozko konposatu kimikoak –kasu askotan oraindik ezezagunak diren eta oso araututa ez dauden efektuak dituzte– eta mikroplastikoak –5 milimetrora iristen ez diren oso partikula txikiak–). Gai horiek oso arriskutsuak dira osasunerako, organismoan metatzen direlako. Kalkuluen arabera, Himalaia mendikatea da munduko biztanleen % 25aren ur-iturri naturala. 

Azkenik, Kanpamentu Nagusitik, elikagaien olioak eta gernua iragazteko eta tratatzeko lanak egingo dira. “Gure presentziak arrastoa uzten du Himalaian. Gernu bera adibide bat da, glaziarrean iragazten da eta norbaitek irentsi dezake”.
 
Izaera soziala
Manaslu EKI espedizioak, gainera, izaera sozial nabarmena izango du; izan ere, BM Supermerkatuekin eta botikak banatzen dituen Cofares enpresarekin batera, Cofares Fundazioaren bitartez, umeentzako nutriziozko produktuen 200 kg baino gehiago eta osasun materialeko 100 kg baino gehiago eramango dituzte, bertako biztanleen artean banatzeko, SOS Himalaia fundazioarekin koordinatutako proiektu batean, Mail Boxesen laguntzarekin.

Azkenik, Txikonek azken hilabeteetan gauzatu duen “Altuerako Topaketak" ekimenari eutsiko zaio. Caixabanken eta “La Caixa” Fundazioaren eskutik, alpinistak berbaldi digitalak izaten ditu astero egoitzetan konfinatuta dauden adinekoekin. Horrela, Txikonek proiektu horri eutsiko dio eta, aldian-aldian, Manaslutik bideoak bidaliko dizkie adineko pertsona horiei, espedizioa zelan doan kontatzeko. “Asko betetzen nau eta asko gustatzen zait”, nabarmendu du Txikonek.