Energiaren Euskal Erakundeak, datorren otsailean 1ean, jardunaldi informatibo baten bidez, Europar Batasunaren ekimena den Energia Adimenduna Programaren (EIE) deialdiaren nondik norakoa aurkeztuko du. Azken hamarkadan, programa horrek energia eraginkortasun eta energia berriztagarrien alorreko 500 proiektu baino gehiago finantzatu ditu. 

Aipatutako jardunaldi informatiboa enpresetako arduradunentzat da, eta otsailaren 1ean, 11:00etatik aurrera, izango da. Jardunaldiaren egitarauari jarraiki, zazpigarren deialdi horren lehentasunak azalduko dira lehenbizi, eta horren ondoren, proposamenak era egokian aurkezteko gomendioak eta jarraibide praktikoak adieraziko dira. Horrekin batera, aurreko edizioetan finantzatuak izan ziren proiektu arrakastatsuen berri emango da. Horretarako, erakunde eta nazioarteko harremanetan adituak diren Energiaren Euskal Erakundeko teknikariak izango dira, baita IDAEko (Espainiako Industria Ministerioaren menpeko energia agentzia) nazioarteko sailean diharduen Virginia Vivanco ere.

2013. urteari dagokion EIE deialdia iragan abenduren 13an argitaratu zen eta  aurrekontua 65 milioi euro ingurukoa da, sustapen eta hedapen proiektuei dagokienez. Hautatuko diren proposamen edo proiektuei eman dakiekeen diru laguntza, gehienez ere, proiektu horien guztizko kostu hautagarrien %75 izango da. Edozein elkartek edo erakunde publiko edo pribatuk aurkez ditzake proposamenak programa horretara. Diruz lagunduko diren proiektuen alorrak ugari badira ere, nagusienak hauexek dira: eraikinak, industria, garraioa, energia berriztagarriak, udalak eta herritarrak sentiberatu eta prestatzeko kanpainak. Proposamenak aurkezteko aukera izango da maiatzaren 8a arte.

Europar Batasunaren Lehiakortasun eta Berrikuntzaren Aldeko Agentzia Exekutiboak (AECI) sustatu eta martxan jarri zuen Europarentzako Energia Adimendun programa, eta Europar Batasunaren helburuak eta praktikak abiaraztea du xede. Horretaz gain, programa ez teknologiko horrek bitartekoak eta tresnak ere sortu nahi ditu, energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarriak bultzatu ahal izateko. EIE programak zenbait alor sustatu eta jorratzen ditu, hala nola energia iraunkortasuna hobetzekoa, hiri eta eskualdeen garapena eta Europar Batasunaren helburuak erdiesteko behar diren araudien prestaketa. Aipagai dugun deialdia zazpigarrena da, eta programa horretarako azken izatea aurreikusita dago. Hala, 2003. urteaz geroztik, Europa osoko 500 proiektu lagundu ditu diruz EIE programak. Etorkizunean, Europar Batzordeak horrelako proiektuak laguntzeko beste programa bat eratuko duela espero da, Europarentzako Energia Adimendun programak zabaldutako bide beretik joango dena.



Informazio gehiago nahi izanez gero, jardunaldiaren egitaraua ikusteko eta bertan parte hartzeko doako izen-ematea egiteko, egin klik hemen.


Ente Vasco de la Energía QR