• Industrian energia kontsumoa gutxitzeko teknologia berrienak eta aplikazio berriztagarri berritzaileak erakutsiko dira jardunaldian
• Industria goi bileran EEE/EVEk izango duen estandean, besteak beste, energiaren egoera hobetzeko industriari ematen dizkion laguntzak azalduko dira
• 630 milioi euro inbertituko dira 2010 urtera arte, 975.000 tpb (tona petrolio baliokide) aurreztu ahal izateko
Energiaren Euskal Erakundeak (EEE/EVE) jardunaldi monografikoa antolatu du energia aurrezteaz eta CO2-ren emisioak murrizteaz industrian. Jardunaldian gai horietan aditu ugari izango dira eta gaur egun garatzen ari diren teknologia aurreratuenak erakutsiko dira. Enpresen lehiakortasun aldetik, energia faktura gutxitzeak eta CO2-ren emisioak hobeto kudeatzeak dakarten onura izango da gai nagusia. Jardunaldia Industria eta Teknologia goi bileraren barruan egingo da, eta EEE/EVE euskal industrian energiaren egoera hobetzeari begira garatzen ari den jardueretako bat da, 2010eko Euskadiko Energia Estrategian ezarritako helburuekin bat etorriz.
Energia faktura da enpresek duten kosturik handienetakoa. Horregatik, fabrikatzen den unitateko ahalik eta energia gutxien erabiltzea lortzea, hau da, energia modu eraginkorrean kontsumitzea eta gainera, kontsumo horri lotutako CO2-ren emisioak murriztea da EEE/EVE taldea aspalditik bultzatzen eta egiten ari den lanetako bat.
Enpresei laguntza teknikoa, aholku eta prestakuntza ematea dira EEE/EVEk alor horretan dituen jarduera nagusiak. EEE/EVEk sustatutako jarduera horiei esker, eta lortutako energiaren aurrezte nabarmenaren ondorioz, euskal enpresek CO2-ren emisioak gutxitu dituzte. Ildo horretatik doa, hain zuzen ere, industrian energiari eta CO2-ren emisioen murrizketari buruzko jardunaldiaren helburua: enpresei ekoizpen prozesuetan eta instalazioetan energiaren kontsumoa gutxitzeko teknologia aplikagarriak erakustea. Jardunaldia irailaren 25etik 28ra bitartean izango den Industria eta Teknologia goi bileraren barruan antolatu du EEE/EVEk. Jardunaldiaz gain, estand bat ere izango du EEE/EVEk goi bileran, eta bertan, besteak beste, industrian energiaren egoera hobetzeko dauden laguntza guztien berri emango du.
Jardunaldian honako hiru gai nagusi hauek jorratuko dira: energia eraginkortasuna industrian, energia berriztagarrien aplikazioa industrian eta energiaren eta CO2-ren kudeaketa. Jardunaldian gai horietan adituak diren bertako eta Europako elkarte eta erakundeetako ordezkariak izango dira, eta garatzen ari diren energia politiken ildo nagusiak aurkeztuko dituzte. Beste ordezkari edo txostengile batzuen artean, Txaber Lezamiz jauna, Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meatzaritza zuzendaria eta Gonzalo Molina jauna, Europar Batasuneko Energia Kudeatzeko Ataleko buru ohia izango dira jardunaldian, EAEko eta Europako energia-politikak aurkezteko.
Teknologien inguruko gaiari dagokionez, Energiaren Euskal Erakundeko eta beste energia agentzia batzuetako ordezkariek eta teknikariek, IDAEkoek, adibidez, industrian energia aurrezteko eskuragarri dauden teknologia berriak azalduko dituzte. Hala, IDAEko Aurrezte eta Eraginkortasun Ataleko zuzendari Juan Antonio Alonso jaunarekin batera, EEE/EVE taldean diharduen eta baterako sorkuntzan espezialista den Ismael Aranda jaunak eta Philips Lighting Ibérica, Ecofys eta Factor CO2 enpresetako ordezkariek parte hartuko dute jardunaldian. Aditu horiek guztiek, energia aurrezteari begira, eta, beraz, CO2-ren emisioen kudeaketa hobetzeko, egungo teknologia aplikagarrien berri luze eta zabal emango dute.
Bestetik, industrian erabil daitezkeen energia iturri berriztagarriak ustiatzeko teknologiak ere aurkeztuko dira jardunaldian. Zehazki, geotrukaketa edo trukaketa geotermikoa deritzon teknologiaren aplikazioa erakutsiko da. Hain zuzen ere, duela gutxi erabiltzen hasi den teknologia Euskal Autonomia Erkidegoan. Teknologia honek lurraren barnean dagoen energia aprobetxatzea ahalbidetzen du, eta hartara, berokuntzan eta prozesu termikoetan energiaren kontsumoa gutxitzen da. Durangoko Azterlan eraikinean garatutako egitasmoak eta laster beste leku batzuetan, Euskal Herriko Unibertsitatean, kasu, aurrera eramango diren proiektuek agerian uzten dute geotrukaketa teknologiaren aplikagarritasuna. Hain juxtu ere, Europako eta Ameriketako zenbait herrialdetan oso erabilia da teknologia hau eraikinak klimatizatzeko.
Jardunaldia EEE/EVEko zuzendari nagusi José Ignacio Hormaechek inauguratuko du.