Bioetanola Europan sartzea helburua duen BEST egitasmoaren barruan egin dira bilerak .
· EEE/EVE eta beste euskal erakunde batzuk euren ibilgailuak ordezkatzen hasi dira, bioetanolaz elikatzen diren auto garbiak edo malguak erabiltzeko asmoz
· Euskadin, Best egitasmoaren helburu nagusienetarikoa da bioetanolaz hornitzeko 9 bio gune, gutxienez, abian jartzea
· Bioerregaiei buruzko webgunean (www.eve.es/ecomovil) Euskadin diren bio gune guztien mapa dago
· Bioerregaien kontsumoa %11,9 izatea da Eusko Jaurlaritzaren helburua 2010. urteari begira
Energiaren Euskal Erakundeak gonbidatuak, datozen egunetan Europako zenbait eskualdetako bioetanolean adituak bilduko dira Bilbon, BEST egitasmoaren lan-taldea osatzen dutenak, hain zuzen ere. Europako Batzordearen ekimenez eratutako BEST egitasmoaren helburua da bioetanola banatzeko azpiegiturak garatzea. Horrekin batera, gasolinaren alternatiba izan daitekeen bioetanola zabaldu edo hedatu nahi da, petroliotik eratorria ez den energia-iturri berriztagarri gisa. Jatorri berriztagarria duten bioerregai horien erabilera bultzatu nahi du Eusko Jaurlaritzak erregai fosilen ordez. Hala, 2010. urtean, bioerregaien kontsumoa %11,9 izatea aurreikusten du.
Europako Batzordeak Europan bioetanola garatzeko eta zabaltzeko duen egitasmo garrantzitsuenari lotutako bilerak Bilbon egingo dira, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE/EVE) egoitza berria den Bizkaia plaza eraikinean, hain zuzen ere. BEST egitasmoaren partaidea den EEE/EVEko kideekin batera, Europako zortzi eskualdetako ordezkariak, automobilen fabrikatzaileak, bioetanol ekoizleak eta unibertsitatekoak bilduko dira Bilbon. Horiek guztiek helburu bera dute: bioetanola banatzeko azpiegiturak garatzea, bioerregai horri merkatuan sarbidea eman ahal izateko. Lan-bilera horiek maiatzaren 29tik ekainaren 1era egingo dira.
Biotanolaren erabilera sustatzea helburua duen BEST egitasmoak Europako hainbat eskualdetako eragileen ahalegin bateratua bideratu nahi du. Horretarako, bi bide nagusi jorratuko dira; alde batetik, erakundeen laguntzaz hornidura-sarea eratzea; eta bestetik, herritarrak kontzientziatzeari begira, energia-iturri berriztagarri horren abantailen berri ematea.
EEE/EVEk BEST egitasmoaren barruan lortu gogo dituen helburuak, funtsean, hauexek dira: bioetanolaz hornitzeko bederatzi bio gune abian jartzea beste hainbeste gasolina zerbitzugunetan eta euskal administrazioaren automobil-flotetan auto garbiak edo malguak sartzea, hau da, gasolina eta bioetanola batera erabil dezaketen autoei sarbidea ematea administrazio publikoan. Ildo horretatik, eta gizartearentzat eredugarria izan nahian, hiru automobil malgu erosi ditu EEE/EVEk. Bide beretik jo dute beste erakunde batzuek ere; izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak horrelako automobilak eskuratu dituzte. Hala, euskal administrazioaren jabetzako 200 automobil ordezkatuko dira datozen urteetan, auto garbiak edo malguak sustatzeko xedez.
Landare-jatorria duen erregai likidoa da bioetanola, eta azukre edo almidoi ugari duten produktuetatik lortzen da, adibidez, erremolatxa, azukre-kanabera eta zerealetatik. Horietaz gain, material lignozelulosikoetatik (zura, kasu) ere lor daiteke. Bioetanolaren ezaugarri kimikoak direla eta, jatorri fosila duten gasolinekin nahas daiteke, petroliotik eratorritako produktuen kontsumoa gutxitze aldera.
Bioetanolaren nahasteak e letraz eta bioetanolaren ehunekoa adierazten duen zenbakiaz identifikatzen dira. Horiek horrela, laster merkatuan izango diren e5 eta e10 nahasteek bioetanolaren %5 eta %10 izango dute, hurrenez hurren. Horiekin batera, e85 nahastea dugu, bioetanolaren gehieneko edukia duen nahastea (%85), motorretan aldaketa batzuk eginez gero, automobil malguetan erabil daitekeena.
Bioetanolaz baliatuta, erregai fosilen erabilera gutxitzen dugu eta beraz, petrolioarenganako mendekotasuna murrizten dugu. Gainera, errepideko garraioak eragiten duen kutsadura atmosferikoa gutxitzen laguntzen du; izan ere, bioetanolaren sufre eta metal astunen emisioak txikiagoak dira, beste erregai batzuekin alderatuta. CO2 emisioei dagokienez, bioetanolaren bizi-ziklo osoa kontuan izanik, haren erabilerak efektu neutroa dakarrela erakutsi dute egindako azterketek, bioetanola fabrikatzeko erabiltzen diren gaiek beren hazkundean xurgatutako CO2 kantitatea eta automobila erabiltzean aireratzen dena kantitate bera baita.
Bioerregaiek energia eta ingurumenaren ikuspuntutik dituzten abantailen berri luze eta zabal emateko asmoz, EEE/EVEk bioerregaiei buruzko berariazko webgunea eratu du (www.eve.es/ecomovil). Bioetanol eta biodieselaren inguruko informazio ugari izateaz gain, webgune horretan bada atal bat gai honetaz egin ohi diren galderei erantzunez osatua; bioerregaiez EEE/EVEri egin dizkioten kontsulta gehienak jasotzen dituena. Era horretan, gai berri horiei buruz izan daitezkeen zalantza guztiak argitu nahi ditugu. Gainera, laster, Euskadin bioetanola ematen edo banatzen duten bio gune guztien mapa gaurkotua ikusteko aukera egongo da webgunean.
Eusko Jaurlaritzak jatorri berriztagarria duten bioerregaiez egindako planifikazioan zenbait helburu ezarri dira fabrikazioari zein erabilerari dagokionez. Egindako aurreikuspenen arabera, 2010. urtean 270.000 tona bioerregai fabrikatu edo ekoitziko dira. Helburu hori lortzeko, gaur egun, energiaren alorreko egitasmo batzuk ari dira gauzatzen. Bioerregaien kontsumoari gagozkiola, oso helburu handinahiak finkatu dira; izan ere, automobiletan 177.000 tpb (tona petrolio baliokide) bioerregai erabiltzea aurreikusita dago. Horiek horrela, gaur egungo bioerregaien kontsumoak (%0,30) nabarmen egingo du gora 2010. urterako, %11,9 izatea espero baita.