Akzioak hiru unetan eskualdatuko dira, mailaz maila, 2012. urtera arte.

•    Zenbateko hori % 58,55 handiagoa da Naturgasen pribatizazioa zela-eta akziodunek 2003an sinatutako akordioaren arabera akzio horiek zuten finantza-balioa baino.

•    Aldez aurretik, EEEk Donostiako Udalari erosi dizkio Naturgasen zituen akzioak (kapitalaren % 4,08), 85,5 milioi euroren truke.

•    EEEk Naturgasen akzioen % 5i eutsiko dio, eta, 2012tik aurrera, Administrazio Kontseiluan parte hartuko du eta zenbait eskubide izango ditu garrantzizko erabakiak hartzeari loturik.

Sinadura, Manuel Menéndez, Bernabé Unda eta Joan Manso NetoBilbo, 2010eko uztailaren 28a - Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Hidroeléctrica del Cantábrico, SA (HC) enpresak akordioa lortu dute EEEk Naturgas Energía Grupo, SA (Naturgas) enpresan dituen akzioen inguruan. Akordio horren arabera, EEEk Naturgasen bazkide nagusia den HCri Naturgasen akzioen % 25,35 gehi EEEk Donostiako Udalari aldez aurretik erositako akzioen % 4,08 saldu dio, 617 milioi euroren truke. Zenbateko hori % 58,55 handiagoa da Naturgasen pribatizazioa zela-eta bi erakundeetako akziodunek 2003an sinatutako Akordioan zehaztutakoari jarraiki akzio horiek zuten finantza-balioa baino.


Aldez aurretik, EEEk eta Donostiako Udalak Akordio bat sinatu dute. Horren arabera, EEEk 85,5 milioi euroren truke erosi ditu Udalak Naturgasen dituen akzioen % 4,08, akzio bakoitzari EEEk eta HCk ezarritako prezioa aplikatuz (662,367 € akzio bakoitzeko).

EEEk aukera izango du bere akzioak HCri hiru unetan eskualdatzeko:
a.    Lehenik, kapitalaren % 9,43 (197,7 milioi euro) 2010ean eskualda diezaioke, Akordioaren baldintza etengarriak betetzen diren unean.
b.    Bigarrenik, akzioen % 10 (209,65 milioi euro) 2011ko bigarren seihilekoan eskualda diezaioke.
c.    Hirugarrenik, akzioen azken % 10a (209,65 milioi euro) 2012ko bigarren seihilekoan eskualda diezaioke.

Akordioak arautzen du, halaber, EEEk Kontseiluan duen ordezkaritza, baita, akzioen eskualdatze bakoitzean parte-hartze ehunekoa murriztu ahala, EEEk Kontseiluan eta Batzordean garrantzizko erabakiak hartzeari dagokionez dituen eskubideak ere.

2012an egingo da akzioen azken eskualdatzea, eta, une horretatik aurrera, EEEk Naturgasen akzioen % 5i eutsiko dio, eta, horrekin batera, ordezkari bat izango du Kontseiluan eta eskubide jakin batzuk sozietatearen administrazio-organoetan. Desinbertsioei buruzko beto-eskubidea eta “Sozietatearen edota sozietatearen filialen, subsidiarioen edo Euskal Autonomia Erkidegoan parte-hartzea dutenen administrazioa eta zuzendaritza bertan behera uztea xede duen edo xede hori lortzen duen edozein erabakiari ” buruzko beto-eskubidea dira garrantzitsuenak eskubide horietan.

Naturgas energiaAkordioa indarrean hasi aurretik, baldintza etengarri jakin batzuk bete behar dira nahitaez; besteak beste, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginak eta horrekin bat datozen arauek eskatutako baimen, erabaki eta onarpenak lortu behar dira. Horren haritik, Jaurlaritzaren Kontseiluak akordioa onartu beharko du eta Eusko Legebiltzarrak baimendu. Baldintza etengarritzat jotzen da, halaber, agintari lehiakideek eragiketaren aurka ez egitea.

Une honetan, EEE, Naturgas Energía Grupo, SA enpresaren 960.700 akzioren —hau da, sozietate horren kapital sozialaren % 30,35en— titularra da. Jabetza hori eratortzen da, batetik, Eusko Jaurlaritzak laurogeiko hamarkadan gas naturalaren sektorearen alde egindako apustutik, eta, bestetik, Naturcorp Multiservicios SA taldea pribatizatzeko prozesutik, 2003an HCri egindako salmentarekin amaitu zena; gas naturala garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornitzeko aktiboak bilduta zeuden sozietate horretan. Pribatizazioa zela-eta akziodunek 2003ko apirilaren 24an sinatutako akordioaren barnean, EEEk bazkide nagusiari (HC) akzioak bi baliotako —finantza-balioa edo arrazoizko balioa (merkatu-balioa)— onenean saltzeko eskubidea hartzen zen. 2008an EEEk eskatutako 2 urteko luzapenaren ostean, 2003ko akziodunen akordioaren indarraldia, eta, ondorioz, salmenta-aukera gauzatzeko eskubidearen epea, datorren uztailaren 30ean amaituko dira.

Epe hori amaitzean, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, 2009. urtean, salmenta-aukeraren eskubidea gauzatzeko erabakia hartu zuen, eta, hala, EEEk zituen tituluen zati bat (% 25,35 ) eskualdatu zuen, eta parte-hartzearen % 5i eutsi zion, baita sozietatearen Batzordean eta Kontseiluan zituen zenbait eskubideri eutsi ere. Ildo horretatik etorri dira EEEren eta HCren arteko negoziazioak eta gaur sinatutako akordioa.