Egoitzan kontsumitzen den energiaren parte handi bat eguzki-teknologia termiko eta fotovoltaikoaren erabileraren bidez bete edo aseko da.
· Urtean 25.000 kWh ekoitziko dituzte eguzki-panel fotovoltaikoek, eta energia hori guztia sare elektriko orokorrari salduko zaio.
· 210 m2-ko azalera duen eguzki-teknologia termikoak ahalbideratuko du ura berotzea eta hartara, egoitzak duen ur bero premien %50a era horretan aseko da.
· Guztizko inbertsioa 250.000 eurokoa izango da.
· Euskadin eguzki-instalazio kopuruak nabarmen egin du gora azken urteetan.
Miranda Fundazioak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE/EVE) sinatutako hitzarmenari esker, Barakaldoko Zaharren Egoitzak eguzki-instalazio bikoitza izango du, ur bero sanitarioz eta energia elektrikoaz hornitzeko asmoz. Era horretan, egoitzan kontsumitzen den energiaren kantitate handi bat eguzki-instalazio horien bidez asetzearekin batera, bertako energia-faktura gutxitu egingo da. Beste eragile eta erakunde batzuekin izenpetutako hitzarmenak, Miranda Fundazioarekin sinatutakoa, adibidez, 2010. urteari begira finkatutako Euskal Energia Estrategiaren lan-ildo nagusienetakoa da. Hain zuzen ere, EEE/EVEren jarduna zuzentzen duen Estrategia horretan jasotzen denez, energia berriztagarrien erabilera ahalik eta gehien garatu nahi da 2010. urtera arte.
Zaharren egoitzetan, Barakaldokoan esate baterako, energia elektrikoaren eta ura berotzeko energiaren beharra handia da oso. Horren aurrean, eguzki-energia bezalako energia-iturri berriztagarrien ezarpenak ahalbidetzen du energia premia horien zati bat bete edo asetzea modu garbian. Gainera, energia-fakturan aurrezpen nabarmena dakar eguzki-energiak; izan ere, etengabe berritzen eta doakoa da energia mota hori.
Miranda Egoitzan teknologia ezberdinak erabiltzen dituzten bi eratako eguzki-instalazio jarriko dira, bertako energia premiak asetzeko. Alde batetik, eguzki-teknologia fotovoltaikoa darabilen instalazioa energia elektrikoa ekoizteko; eta bestetik, eguzki-teknologia termikoa darabilena ura berotzeko, Miranda Egoitzan dauden 230 lagun inguruk erabiltzeko igerilekuan eta dutxetan.
Aipatutako bi instalazioak Fundazioaren Egoitzaren estalki lauan kokatuko dira. Instalazio fotovoltaikoak 25 kW-eko potentzia instalatua izango du, eta urtean 25.000 kWh-ko ekoizpena izango duela espero da, 3 kidez osatutako 8/10 familiaren kontsumo elektrikoaren baliokidea den ekoizpena, hain zuzen ere. Instalazio horiek sortuko duten elektrizitate guztia sare elektriko orokorrera bideratuko da. Era horretan, banaketa homogeneoa egiteko energia garbia emateaz gain, errentagarritasun ekonomikoa ere lortzen da.
Bestaldetik, estalki berean 210 m2-ko azalera hartuko duten eguzki-plaka termikoak jarriko dira. Kolektore termikoak ere deitutako plaka hauek eguzki-energiaz baliatzen dira eta itxuraz panel fotovoltaikoen antzekoak badira ere, eguzki-plaka termikoak ura berotzeko erabiltzen dira. Hain zuzen ere, Miranda Zaharren Egoitzak duen ur bero premien %50 inguru plaka horien bidez aseko da. Horren ondorioz, ur beroa dohainik lortzearekin batera, berau lortzeko energia fosilen kontsumoa gutxituko da.
Eguzki-instalazio fotovoltaikoa jartzeko inbertsioa 150.000 eurokoa izango da; termikoak eskatzen duen inbertsioa 100.000 eurokoa izango da. Hori horrela, EEE/EVEk ordainduko duen 250.000 euroko inbertsioa egingo da.
Hitzarmena eta eguzki-teknologiak
Miranda Fundazioak eta EEE/EVEk lortutako akordioak hasiera eman zion eguzki-plakak jartzeko prozesuari. Akordio horrek hitzarmen bat sinatzea ekarri zuen erakunde bien artean. Hain zuzen ere, EAEko beste eragile eta erakunde ugarirekin sinatutako antzeko hitzarmena, eraikinen energia-eraginkortasuna eta energia-kontsumoa hobetzeari begirako azterketak egiteko eta energia-iturri berriztagarriak instalatzeko bideragarritasun azterlanak gauzatzeko. Orain arte 107 udal eta eragilerekin izenpetu dira horrelako hitzarmenak.
Miranda Egoitzan eguzki-instalazioak jartzea bideragarria zela egiaztatu ondoren, lanen planifikazioari ekin zaio. Instalazioen jabetza EEE/EVErena izango da amortizatu arte, eta gero, Fundazioaren esku geratuko da. Bien bitartean, Zaharren Egoitzakoek energia garbi horri onura aterako diote eta Fundazioak, aldiz, dirua jasoko du bi bide hauetatik: batetik, plaka termikoek lortuko duten aurrezkiaren aldetik; eta bestetik, elektrizitatearen salmentatik eguzki-instalazio fotovoltaikoari esker.
Eguzki-teknologia fotovoltaikoaren bidez sortzen den energiak sari edo prima bat duenez gero, era horretan sortutako energia elektriko gehien-gehiena saltzen da. Gaur egungo legediari jarraiki, primaren kantitatea instalazioaren tamainaren arabera ezartzen da. Zehazki, instalazioen potentzia instalatua 100 kW-ekoa edo txikiagoa bada, ekoizleak 0,44 euro/kWh jasotzen du energiaren salmentatik. Kontsumitutako kWh bakoitzeko konpainia elektrikoak 0,12 euro kobratzen duela kontuan hartuz, lortzen den etekinak lagundu egiten du plaka fotovoltaikoetan egiten den inbertsioa amortizatzen.
Eguzki-instalazio termikoaren amortizazioari dagokionez, ura berotzeko erabiltzen diren energia fosiletan (gasolioa, gas naturala, etab.) diru asko aurrezten dela nabarmendu behar da. Izan ere, horrelako instalazio batek ahalbideratzen du ur bero premien %100 asetzea ia-ia udako hilabeteetan eta eskariaren parte bat hotzago eta hain eguzkitsu ez diren hilabeteetan. Hori horrela, gas- edo gasolio-galdararen erabilera ez da erabat baztertzen, baina energiaren kontsumoa murriztu egiten da, nabarmen murriztu ere, urtean %50 batez beste. Energian izaten diren aurrezki horiei esker amortizatzen da instalazioa.
Instalazioak Euskadin
Bi instalazio berri hauek agerian uzten dute egiten ari den ahalegina eguzki-instalazio kopurua handitzeko Euskadin. Eguzki-energiaren bidez lortzen den energiaren ekoizpenak saihesten du energia kantitate hori energia-iturri fosilen bitartez ekoiztu beharra. Horren ondorioz, atmosferara isurketa kutsagarriak gutxitzen dira, CO2-arenak, adibidez.
2010. urteari begira Euskadiko Energia Estrategiak ezarritako helburuen artean, energia-iturri berriztagarri guztien garapenari dagokionez, baliabide berriztagarriren erabilera 977.800 tpb/urteko izango dela azpimarratu behar da. Zehazki, eguzki-energiaren alorreko inbertsioak eta helburuak hauexek dira: