ICOE-OEE 2022 energia ozeanikoari buruzko munduko ekitaldi nagusiak gaur iragarri duenez Energiaren Euskal Erakundeak (EVE) platinozko babesletzat parte hartuko du urrian Donostian izango den ekitaldi honetarako. Azken urteotan, EVEk itsas-energien aldeko apustu irmoa egin du, eta ekitaldi honen bitartez, ezagutzera eman ahal izango du Euskadiren industria-sare bikaina, energia ozeanikoaren arloan duen potentzialarekin batera.
Euskal kostaldea leku ezin egokiagoa da olatuen energiaren ustiapenerako gailuak garatu eta probatzeko, eta eskualdeak esperientzia teknologiko eta industrial aski sendoa du arlo honetako munduko erreferentziatzat posizionatu ahal izateko. EVE energia ozeanikoen arloko puntako bi proiektu bultzatzen ari da: BiMEP (Biscay Marine Energy Platform) plataforma eta Mutrikuko olatu-energiako zentrala. ICOE-OEE 2022 topaketako partaideek bi instalazioak bisitatu ahal izango dituzte, ekitaldiaren barruan antolatuko diren ikustaldi teknikoen bitartez.
BiMEP itsaso zabalean baina sarera konektatuta dagoen saiakuntza-gune berezia da, Armintzako kostaldearen parean kokatua. Olatuen energiaren bihurgailuak eta energia eolikoko plataforma flotagarriak probatu eta baliozkotzea da instalazio honen eginkizuna. Mutrikuko zentralak ur-zutabe oszilatzailearen teknologia (OWC, ingelesez) erabiltzen du energia sortzeko eta olatuen energiaren ekoizpenari dagozkion errekorrak hautsi ditu, 2011z geroztik 2,4 GWh elektrizitate sortu duelarik.
Bere kategoriaren barruan, munduan jardunean urte gehien egin duen instalazio komertziala da, 16 sorgailuz hornituta dago eta 296 kWeko guztizko gaitasun instalatua du. Gainera, aerosorgailuen diseinu, kontrol-estrategia eta ekipo osagarri berriak probatzeko aukera paregabea eskaintzen du.
Iñigo Ansola EVEko Zuzendari Nagusiaren esanetan, «Euskadik saiakuntza-azpiegitura teknologikorik aurreratuenak ditu, baita ahalmen handiko oinarri industriala ere, eta horri esker, modu erabakigarrian lagun dezake sektorearen hedapenean. Euskal agintariek ICOE, OEE eta antzeko ekitaldiak sustatzen dituzte, izan ere, erabat sinetsita daude itsas-energia berriztagarriak hornidura eta hazkunde industrialerako iturri berri eta garrantzitsua izango direla datozen urteotan».
ICOE-OEEri buruz
Aurten, Euskadiko Energia Klusterrak eta Ocean Energy Europe erakundeak bat egin dute, Energiaren Nazioarteko Agentziaren Ocean Energy Systems (IEA-OES) delakoa aldean dutela, 2022ko urriaren 18tik 20ra bitartean energia ozeanoari buruzko baterako ekitaldia eskaintzeko. Topaketan, Energia Ozeanikoari buruzko Nazioarteko Konferentzia (ICOE) eta Ocean Energy Europe (OEE) urteko ekitaldia egingo dira.
Parekorik ez duen ICOE-OEE 2022 topaketak energia ozeanikoaren arloko mundu osoko profesionalak eta erabaki-hartzeen arduradunak bilduko ditu Donostian. Indarrak batzean, antolatzaileek aurrekaririk gabeko aukera eskainiko dute sektoreak arrakastak aurkeztu, harremanak finkatu eta negozioak egin ditzan.