Otsailaren 16ra arte egongo da zabalik TurboWave Erosketa Publiko Prekomertzialeko programa, eta olatuen energia-sektorearen beharretara egokitzen diren aire-turbinen teknologien garapena bizkortzea du helburu.
Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) “TurboWave” Merkataritza Aurreko Erosketa Publikoaren (MAEP) programa berritzailea arautzeko oinarriak argitaratu berri ditu.
TurboWave programaren helburua da oro har olatuen energia-sektorearen beharretara eta Mutrikuko olatuen energia-instalazioaren berariazko baldintza teknikoetara egokitzen diren aire-turbinen teknologien garapena sustatzea.
Lau urteko lankidetza programa honek (2023-2026) lehen faserako lehia-deialdia ireki du. Fase horretan, aire-turbinak garatzeko zenbait proiektu hautatuko dira, garapen kontzeptualeko lehen etapa baterako.
Deialdia 2023ko otsailaren 16ra arte izanen da zabalik. Aldez aurretik, urtarrilaren 31an goizeko 10:00etan (CET), doako web-mintegi bat egingo da, eskatzaile izan daitezkeenei deialdiaren baldintzei, hautagarritasun-baldintzei eta ebaluazio-irizpideei buruzko xehetasunak emateko. Izen-ematea EEEren webgunearen bidez egin ahal izango da: www.eve.eus.
Kontratazio-prozesuan hartzen diren irtenbideak Bimep (Biscay Marine Energy Platform) enpresaren Mutrikuko energia-plantaren instalazioetan ezarriko dira.Mutrikuko energia-instalazioa da Europan elektrizitatea sortzeko olatuen energia erabiltzen duen lehen merkataritza-instalazioa. Bere portua babesten duen olatu-hormaren barruan dago, Bizkaiko Golkoan. Ur Oszilatzailearen Zutabea (OWC) da energia-bihurketarako erabiltzen den teknologia. Instalazioak guztira 296 kWeko potentzia duten 16 turbina ditu, eta 2011n martxan jarri zenetik, 2,8 GWh baino gehiago sortu ditu.