"Aktiba zaitez +" programa gure planeta hobetzeko bide bat da, eguneroko ekintza txikietan oinarritzen dena. Global Action Plan (GAP) izeneko GKE bat da idearen sorburua
Erakunde hori nazioarteko sare baten barruan dago, eta helburu erkide bat du sareak: eguneroko jarduerek ingurumenean duten inpaktua murriztea, ohiturak aldatuz hala etxean nola bulegoan eta ikastetxean. "Aktiba zaitez +" Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimen bat da, herritarrek ingurumenaren iraunkortasunaren alde egin dezaten bultzatu nahi duena. Zenbait erakunderekin batera garaturiko ekimena da: Garbiker sozietate publikoa, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa, Energiaren Euskal Erakundea (EEE) eta Eroski taldea. Global Action Plan (GAP) nazioarteko programaren barruan kokatzen da, Nazio Batuen babesaren pean, eta, ikuspuntu positibo batetik beti, erraz egin daitezkeen ideiak eta ekintza praktikoak proposatzen ditu, pertsonen ohiturak aldatzeko asmoarekin. "Enpowerment" edo ahalduntzearen kontzeptua du oinarri; alegia, programan parte hartzen duten pertsonek jarduteko eta ohiturak aldatzeko gaitasuna sentitzen dute, ingurumenean eragin positiboa izateko. Horrela, batetik, efizientzia handitu nahi da baliabideen erabileran, eta planetak jasaten duen inpaktu txarra gutxitu, eta, bestetik, etxeko ekonomia eta tokian tokikoa mesedetu.
Testuinguru horretan, "Aktiba zaitez +" programak hainbat alderdiren parte hartze aktiboa bultzatzen du: udalerriak, ikasleak eta ikastetxeak, eta etxeetako familiak. Halakoetan, ikasleon gurasoetatik abiatu, eta beste auzoko guztiengana heldu nahi da.
"Aktiba zaitez +" programaren lehen saioa, 2012-2013 urteetakoa, honako eskualde eta herri hauetan egingo da: Amorebieta-Etxano, Debabarrena (Ermua eta Mallabia) eta Durangaldea (Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria, Otxandio, Zaldibar). Datozen urteetan, Bizkaiko Lurralde Historikoko eskualde guztietara zabalduko da programa.
Jarduera honetan parte hartu nahi duten familiek beren-beregi prestaturiko web orri bat dute, non, tresna erraz eta eraginkorren bitartez, hainbat alderdi landu ditzaketen: erosketak eta hondakinak, ura, energia eta mugikortasuna. Hainbat lekutatik sar daiteke web orri horretara; alegia, programan parte hartzen duten udalerri, mankomunitate eta abarren web orrietatik, edo www.bizkaia21.net ataritik bertatik ere, Aktiba zaitez + atala kontsultatuz.
Zer eskaintzen duen plataforma horrek
Aktiba zaitez + programak eguneroko jarduerek ingurumenean duten inpaktua nola minimizatu daitekeen ikasteko eta praktikan jartzeko aukera ematen die familiei eta hezkuntza zentroei. Doakoa da, eta zenbait gidaliburu eta galdetegi eskaintzen dizkie parte-hartzaileei, haien bitartez beren kontsumo-ohiturak pixka bat aldatu eta aurreztu ahal izateko. Horrez gainera, prozesu guztiaren bilakaera ere kontsulta daiteke.
Lau arlo nagusitan jartzen du arreta Aktiba zaitez + programak: ura, energia, erosketak eta mugikortasuna. Hiru astetan zehar lantzen da gai horietako bakoitza, modu praktiko eta erraz batean, eta, beraz, izena eman, eta hiru hilabete irauten du pograma guztiak.
Funtzionamendua
Behin parte-hartzaileak izena eman ostean, plataformak haren ohituren iraunkortasuna ebaluatzen du, galdera erraz batzuen bitartez. Ebaluazioa eginda, ohiturok gure ingurumenean duten eragin negatiboa hobetzeko zer alderdi landu daitekeen nabarmentzen da. Horretarako, informazioa emateko gidaliburu erabilgarri batzuk ematen zaizkio parte-hartzaileari.
2012-2013 ikasturte guztian egongo da zabalik plataforma, eta parte-hartzaileek edozein momentutan eman dezakete izena. 12 astea irauten du Aktiba zaitez + programak (3 aste gai bakoitzeko: ura, energia, erosketak eta mugikortasuna). Behin programa amaiturik, erregistratu direnak GAP klubeko kide izango dira. Horrela, nahi duenak, ekimenari loturik jarraitzeko aukera izango du, nahiz eta programa amaitua izan dagoeneko, eta, gainera, berri interesgarriak jasoko ditu bere orrian, eta foro zein blogetan parte hartzen jarraitu ahal izango du, denon artean ingurumena gehiago errespetatzen duten etxeak eraikitzen jarraitzeko.
Helburuak
Aktiba zaitez + programak honako helburu hauek ditu: % 5 murriztea parte hartzen duten ikastetxeetako energia-kontsumoa eta etxeko energia- eta ur-kontsumoa; % 12 igotzea gaikako bilketarako edukiontzien erabilera; eta % 7 murriztea CO2 igorpenak.
Ingurumena, Bizkaia eta planeta osoa suertatzen dira halako ekimenen onuradun, eta, aldi berean, hobetu egiten dira gure familien aurrekontuak. Programaren laguntzaz, % 20 arte aurreztu daiteke etxeko gastuetan, ingurumena hobetuz eta bizi-kalitatea handituz.
Gainera, programa bukatzen duten pertsonek sari interesgarriak banatuko dituen zozketa batean partea hartu ahal izango dute, 2013ko maiatzean.
Aktiba zaitez + programa ikastetxeetan
Etxeetan egiten den programaren parean, gorago aipaturiko udalerrietako 9 ikastetxeetan ere garatzen ari da Aktiba zaitez + programa. Energiaren gaia abiaburu harturik, ikastetxe bakoitzak bere energia-kontsumoa auditatuz hasi du programa. Bigarren fase batean, ikasleak arduratuko dira ikastetxeetako kide guztiak kontzientziatzeaz, ohitura txarrez jabetu eta gero zer aldaketa lortu den ebaluatu ahal izateko. Jolas-mekanismo bat izango da, ikasle guztiak inplikatuko dituena, eta ikastetxe bakoitzaren energiaren kudeaketan punturik ahulenak zein diren jakinaraziko digu, gero lanean hasi ahal izateko.