Ikastaroak otsailean egingo dira EAEko hiru hiriburuetan
Seguruago eta erregai kontsumo gutxiagorekin gidatu nahi duten pertsonentzako ikastaroak dira.
· Egitura teoriko-praktikoa dute eta iraupena 4 ordukoa da.
· Otsailaren 4, 5 eta 6an egingo dira, Bilbon; otsailaren 8, 9 eta 10ean Donostian eta 11,12 eta 13an Gasteizen.
· Ikastaroetan ematen diren azalpenei edo teknikei esker, ibilbide bera egiteko, batez beste, %15 gutxitzen da erregaiaren kontsumoa.
· Ikastaro hauek EEE/EVEk eta IDAEk sinatutako hitzarmenaren barruan aurreikusitako jardueretako bat da, errepideko garraioan erregaien kontsumoa gutxitzeari begira.
Euskadiko hiru hiriburuetan egingo dira gidatze ekonomikoaren inguruko ikastaroak. Energiaren Euskal Erakundeak (EEE/EVE) antolatu dituen ikastaro hauek ibilgailu pribatuaren erabileran energiaren kontsumoa gutxitzea dute helburu. Ikastaroan ematen diren azalpen edo teknika errazei esker, herritarren gidatze ohituretara aise egokitzen baitira, gure autoen gasolina eta gasolio gastuak nabarmen murriztuko ditugu, eta, beraz, petrolioaren eratorrien erabilera ere gutxituko dugu.
2006ko ekainean Energiaren Euskal Erakundeak eta IDAEk sinatutako hitzarmenean aurreikusten diren jardueren artean, garraio alorrean energiaren kontsumoa gutxitzeari begirako jarduerak edo ekintzak daude. Ildo horretatik, EEE/EVEk gidatze ekonomikoaz doako ikastaroak antolatu ditu, gidatzean erregai gutxiago kontsumitzeaz gain, segurtasun handiago dakarren gidatzeko modu berritzailea irakasten zaie ikastaroetan parte hartzen dutenei.
Ikastaroetan azaltzen diren gidatzeko tekniken aplikazioari esker, erregaiaren kontsumoa %15eraino murriztu daiteke. Era horretan, gure ingurunea garbiago edukitzen laguntzearekin batera, segurtasun handiagoz gidatzea lortzen dugu, gidatzeak dakarren estresa arintzen baita, eta hori guztia denbora gehiago eman gabe ibilbidean.
Ikastaroak teorikoak eta praktikoak dira; izan ere, lehen atalean azalpen teorikoak ematen dira, eta bigarrenean, aldiz, praktikoak, horretarako berariaz prestatutako auto eta begiraleen bidez. Hala, lehenbizi, aurretiaz finkatutako ibilbidea egiten da, eta bertan kontsumitzen den erregaia eta ematen den denbora eta abiadura neurtzen dira. Horren ostean, gidatze ekonomikoa egiteko gakoak azaltzen dira eskola teorikoan. Azkenik, lehengo ibilbide bera egiten da berriro, eskola teorikoan jasotako azalpenak kontuan hartuta, eta ibilbide batetik bestera erregaiaren kontsumoaren eta emandako denboraren arteko konparaketak egiten dira.
Ikastaroetan ahalik eta jende gehienak parte har dezan, EEE/EVEk erraztasunak eman nahi ditu izena emateko. Horretarako, www.eve.es webgunean edo 944 035 664 telefonoan izena eman daiteke doako ikastaroetan parte hartzeko.
Datak eta taldeak
Ikastaroak hiru egunez emango dira EAEko hiru hiriburuetan, goizeko eta arratsaldeko txandetan. Hartara, parte hartzeko dagoen eskari handiari erantzun egokia emango zaio, 200 pertsona baino gehiago espero baita.
Horrelako ikastaro gehiago antolatzeko asmoa du EEE/EVEk 2007an, garraio alorrean energiaren kontsumoa gutxitzea baita EEE/EVEren edo Euskal Energia Agentziaren helburu nagusienetakoa. Hori lortu ahal izateko, errepideko profesionalentzako ekintza ugari antolatzeaz gain, herritarrak, oro har, kontzientziatzeko eta sentiberatzeko jarduerak prestatzen eta eratzen ditu EEE/EVEk; adibidez, ikastaro hauek.