Urtarrilaren 25 eta 26an egingo den azokan erakusketa profesional bat, tailer ludikoak eta adituen hitzaldiak izango dira
Energiaren Euskal Erakundeak energia-eraginkortasun eta energia berriztagarrien alorreko proiektu nagusiak erakutsiko ditu Berdeago azokaren lehen edizioan. Urtarrilaren 25 eta 26an, Durangoko Landako Gunean egingo den azoka horretan energia eta iraunkortasun gaiak izango dira nagusi.
Berdeago azokaren harira, era askotako jarduerak eta ekitaldiak egingo dira, erakusketa ugariekin batera. Azokaren helburua da gizartea kontzientziatzea energiaren aurrezpenaz, energia berriztagarriez eta energia-eraginkortasunaz. Horretarako, azokak iraungo duen bi egunean ekitaldi eta jarduera asko egingo dira; betiere, energiaren aurrezpena lortzeari begira, herritarren parte hartzea eta inplikazioa edo laguntza bilatu nahian.
Erakusketa atalari dagokionez, dagoneko 34 erakusketarik eman dute izena bertan izateko. Horien artean, unibertsitateak, zentro teknologikoak, energia zerbitzuak ematen dituzten enpresak, energia berriztagarriak instalatzen duten konpainiak eta automobilen fabrikatzaileak izango dira. Energiaren Euskal Erakundeak, Eusko Jaurlaritzaren energia agentzia den aldetik, informazio ugari emango du zenbait gaiez, esate baterako, energiaren aurrezpenaz etxebizitzan, eraginkortasun handiko garraio berritzaileaz, ibilgailu elektrikoaz, kasu, eta energia iturri berriztagarrien erabilerak dakartzan abantailez. Gainera, Berdeago azokara bertaratuko direnek aukera izango dute bizikleta elektrikoak eta ibilgailu elektrikoak zein hibridoak probatzeko.
Aurrekoaz gain, zenbat hitzaldi ere emango dira energia ituri berriztagarriei buruz Euskal Herriko eta Mondragon unibertsitateen eskutik. Horrekin batera, energia-eraginkortasunaz eraikuntzan, energia-monitorizazioaz eta gizakiak eragiten duen kutsaduraz ere hitzaldiak emango dituzte.
Bestetik, Berdeago azokaren barruan, Activate+ izeneko ekimena aurkeztuko da. Ekimen horretan eragile askok parte hartzen dute, Energiaren Euskal Erakundeak, bestea beste, eta ikasturte honetan garatuko da Durangaldean (Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria, Otxandio eta Zaldibar) eta Debabarrenan (Ermua eta Mallabia). Global Action Plan (GAP) deritzon GKE baten jardueretako bat da Activate+ ekimena. Erakunde hori iraunkortasunaren alde diharduen nazioarteko sare baten barruan dago, Nazio Batuen sustapena eta Unescoren sostengua duena. Sarearen helburua, funtsean, eguneroko jarduerek ingurumenean duten inpaktua murriztea da, ohiturak aldatuz etxe, ikastetxe, bulego eta abarretan.
Aipatutako jarduera horien osagarri, ikasleentzako tailerrak egingo dira azokaren gune batzuetan. Hala, Zientziaren Txokoan deitutakoan, zortzi urtetik gora duten ikasleentzako tailer ludikoak egingo dira, eta bertan energia berriztagarri txikien bidez energia elektrikoaren ekoizpena nola egiten den ikusi ahal izango, baita eguzki-sukaldeen funtzionamendua eta erabilera ere. Antolatuko den ludotekan, berriz, eskulanak egiteko parada izango da, haize errotak muntatzea eta ekiloreak landatzea, adibidez. Lan horiek guztiak mural handi batean jarriko dira ikusgai, haur eta gazte bakoitzaren ekarpena erakutsi edo islatzeko.
Informazio gehiago eta egitaraua webgune honetan: www.berdeago.com