Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena eman dio gaur Energiaren Euskal Erakundeari (EEE) Sociedad Promotora Bilbao Gas Hub, S.L. sozietatearen kapital sozialean parte hartzeko 1.000 eurorekin, hau da, guztira 3.000 euroko kapital sozialaren % 33,33arekin. EEErekin batera, enpresaren beste bazkideak BBK eta Enagás izango dira, bakoitzak kapital sozialaren heren bat izango duela.

Sozietate berri hori mota horretako lehena izango da Espainia osoan eta Euskadin gasaren sektoreko nazioko hub bat indartzeko asmoz osatuko da. Sozietatearen helburua zera da, penintsulako merkatuaren barruan logistikako, merkatuko eta finantza-arloko zerbitzuak sustatzea, entrega-epe laburra duten gas naturaleko transakzioak ahalbidetzearren.

Gas-sektorearen egungo egoerak mesedegarria dirudi merkatu-zerbitzuen zentro bat garatzeko, betiere Sistemaren Kudeatzaile Teknikoaren (Enagás) eta merkatuan jarduten duten agenteen laguntzarekin. Proiektuak arrakasta izango badu, sinesgarria izan behar du, agenteen laguntza izan behar du, baita agintari arautzaileen eta Sistemaren Kudeatzaile Teknikoaren laguntza ere, eta azkar abiarazi behar da.

Euskal sektore publikoa —Energiaren Euskal Erakundea ordezkari izanik— parte-hartzaile aktibo izan da euskal gas-sistemaren garapenean eta, gaur egun, Bahía Bizkaia Gas birgasifikazio-plantako eta energia-sektoreko beste hainbat enpresatako bazkide da.

Horretaz gain, sektoreko operadore estrategikoekin harreman bikaina duenez gaur egun, agenteen enpresa-nukleo zabal eta sendo bat osatzeari dagokionez postura neutroari eutsi izana gakoa izan daiteke enpresa-garapen horretan.

Gas naturalaren hub bat enpresa bat da, gas naturalaren elkartrukeak egitea ahalbidetzen duen enpresa bat, erlazionatutako zerbitzuen bidez. Gas-sistema batean integratutako merkatu-zerbitzuen zentroa dela esan dezakegu, zerbitzu fisikoak eta finantza-zerbitzuak eskaintzen dituena gas-transakzioekin (transakzio fisikoak, gasa garraiatu eta biltegiratzeko gaitasuna) loturik, betiere gehienez urtebeteko epean.

Hub baten ezaugarri nagusia honako hau da: epe motzeko zerbitzu eta kontratuak eskaintzen ditu; hori horrela izanik, gas naturala energia-iturritzat erabiltzeari balioa gehitzen dio, malgutasun moduan. 80ko hamarkadaren hasieratik mundu osoan mota horretako enpresa ugari sortu dira eta gas naturalaz hornitzeko merkatuen eta gas-azpiegiturekin batera garatu dira.

Iberiar penintsulan gas naturala merkaturatzen duten 35 enpresa inguru daude eta hilean 3.000 bat transakzio egiten dira agenteen artean; hala ere, gaur egun ez dago gas naturalaren merkatu antolaturik gaitasunen kudeaketa hobetzen, merkatuaren lehiakortasuna areagotzen, prezioen gardentasuna sustatzen eta sistemaren kostuak murrizten lagunduko duenik.

Egoera hori izanik, sektoreari lotutako zerbitzuen merkatu antolatu bat estatu osorako eta berme guztiekin garatzeko ezinbestekoak diren baldintzak betetzen dira. Europako Batzordea ados dago Iberiar Merkatu hori sortzearekin.

Euskadin gas naturalaren sektoreko hub bat ezarrita EAEk sektorean duen posizio estrategikoa finkatu egingo da eta Euskadiren kanpo-irudia indartu, gas naturalaren sektoreko erreferentziazko nazioarteko merkatu-eremu gisa.

Gas naturalaren merkataritza-zerbitzu aurreratuen horrelako enpresa baten inguruan sortzen den jarduera —ekonomikoa eta lan-arlokoa— oso garrantzitsua izaten da, baina ez hori bakarrik; berrikuntzatzat ere har daiteke, Euskadin negozio-arlo berriak eta industria-sektoreari lotutako gaitasun ez-tradizionalak garatzen dituen aldetik eta hori erreferentzia izan daiteke beste jarduera-sektore batzuentzat.