- Aitorpena Errenterian gauzatu da, argiteria publikoaren sistema led teknologia erabiliz moldatu berri duen udalerrian.
- Argiteria publikoaren efizientzia-proiektua ezagutzeko bisitaldi teknikoak agerian jarri ditu hobekuntza energetikoaren proiektuek dauzkaten alde onak: aurrezte ekonomikoa, zerbitzuen hobekuntza eta ingurumen-onurak.
- EEEk bereizgarri bat aurkeztu du 2030eko Euskadiko Estrategia Energetikoaren helburuak betetzen laguntzen duten administrazio edo eremu publiko-pribatuarekin elkarlanean garatu diren ekimenak identifikatzeko.
|
Energiaren Euskal Erakundeak Donostialdea, Oarsoaldea eta Txingudi osatzen duten udalerrietako ordezkariak bildu ditu gaur Errenterian, Euskal Trantsizio Energetikoarekiko duten konpromisoa aitortzeko.
Deialdiaren barruan bisitaldi tekniko bat antolatu da herriaren argiteria publikoa hobetzeko proiektuaren nondik norakoen berri izateko. Kontrol-sistema bat ezarri da, eta, horretan oinarrituta, informazioaren teknologiek eskaintzen dituzten baliabide berriak aplikatuko dira, eta ordeztutako luminarien karkasak berrerabiliko dira.
EEEko zuzendari nagusiak, Iñigo Ansolak, arrazoi bikoitza izan du udalaren hamabi ordezkari horiekin biltzeko; alde batetik, Errenteriak teknologia efizienteagoa (led) erabiliz hiriko argiztapen-sistema guztiz berritzeko abian jarri duen anbizio handiko proiektua gertutik ezagutzea, eta, bestetik, inguruko udalek (Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo. Oiartzun, Pasaia, Urnieta, Usurbil) energia trantsizioarekiko duten konpromisoa agerikoa egitea. Ansolak eskerrak eman dizkie guztiei, energia-efizientzian inplikatu direlako eta energia berriztagarriak abian jarri dituztelako. Esker on hori irudikatzeko, Energiaren Euskal Erakundeak sortutako “Energiaren Bidea- Euskal Energiaren Trantsizioa Udalean ere” bereizgarria jaso dute. Bereizgarria pixkanaka-pixkanaka jarriko da ikusgai Euskadiko herrien udal-instalazioetan.
Gaur goizean izan den topaketa beste eskualde eta mankomunitateetara zabalduko da udal-mailatik egiten den energiaren trantsizioaren garapenean duten eginkizunaren garrantziaren berri emateko. Zerbaitegatik hartzen dute parte Euskadiko udalek, mankomunitateek, partzuergoek eta kuadrillek energia berriztagarria eta efizientzia bultzatzeko ekintzetan, modu batean edo bestean. Parte hartze hauek plataformek haien zeregina Energiaren Euskal Erakundearekin (Alkateen Ituna zein Alkateen Itunerantz zuzenduz ituna) koordinatzearen bitartez, EEEk udalerriei urtero eskaintzen dizkien laguntzen bitartez, edo Lurralde Historikoetako Foru Aldundiek Agenda 21 programaren garapenaren bitartez burutzen dira.
Laguntza horiek neurri zehatz batzuetara zuzenduta daude, besteak beste, led teknologia bidezko argiteria publikoaren sistemaren ezarpenari, udalerriko instalazioak ur bero eta/edo berokuntzaz hornituko dituzten biomasa-instalazioen kokapenari, geotermiaren ezarpenari edo gutxiago kutsatzen duten kotxeak erosteari (ibilgailu elektriko, hibrido edo gas-ibilgailuak).
Errenteria: mila luminaria baino gehiago ordeztu dira bi urtean
Errenteriako Udalak 1.010 luminaria ordeztu ditu 2015etik 2017ra bitartean. Argiztapena hobetzeko eta Hirigune Historikoan, eta Beraun, Alaberga Goikoa, Kaputxinoak eta Agustinak auzoetan kontsumoa murrizteko argiztapen inteligenteko sistema integral batean oinarritzen da argiteria publikoa hobetzeko proiektua.
Une honetan lizitazio-prozesuan dago beste 1.077 luminariaren hornidura eta muntaia, eta 2019ko datorren ekitaldiaren lehenengo erdian egikarituko da.
Energiaren Euskal Erakundearen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta IDAE Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutuaren babesa izan dute jardunek, eta argiteria publikoan energia elektrikoaren kontsumoa murriztea dute helburutzat, egungo luminarien ordez led teknologiako luminaria berriak jarrita. Era berean, argiteriaren kontrol-sistema inteligente bat ezartzea biltzen du. Udalerri inteligente bat egiteko oinarriak ezartzen ditu kontrol-sistema horrek, non luminarien bidez beste zenbait zerbitzu ere ezarri ahalko diren, hala nola informazio-kartelak, IP ahotsa, wi-fi, ingurumen-parametroak neurtzeko sentsoreak…
Sistema berriak oinarri duen teknologiak automatikoki eta presentziaren arabera kontrola dezake luminarien piztea edo erregulazioa. Argi-fluxuaren berehalako erregulazioa ere ahalbidetzen dute. Energia-kontsumo txikiagoak eragindako aurrezpenaz gain, mantentze-lanetan ere ikus daitezke abantailak (urtean energia-kontsumoarenagatik eta mantentze-lanetako gastuengatik 95.000 euro aurreztuko direla aurreikusten da).
Egindako proiektuaren beste berezitasunetako bat materialen berrerabilpena da; luminaria ia guztietan karkasa berrerabili ahal izan da, bloke optikoa ordezkatuta soilik. Instalazio-kostuak murriztea eta hondakin gutxiago sortzea ahalbidetu du horrek.
Egindako jardunekin eta 2019ra arte proiektatzen direnekin, Errenteriako argiteria publikoaren % 40 baino gehiago led teknologiakoa izatea lortuko da, eta horretarako egindako inbertsioa milioi bat eurotik gorakoa izango da.
Argiztapen-sistema berriak aurreikusitako energia-aurrezpen totala urteko 692.778 KWh da, hau da, koadro horien egungo kontsumoaren % 71ko murrizketa gutxi gorabehera. Ekimen horri esker, urtean 235.540 KgCO2ren emisioa saihestuko da, 131,62 Tep-ren baliokidea.
Aitortutako udalak
Gaur goizean Errenterian burutu den hitzordura 12 udalerrietako erakundeetako ordezkari eta teknikariak bertaratu dira. Udalerri horietatik guztietatik, energiaren esparruko zenbait proiektu nabarmendu nahi ditugu:
- Astigarraga: “Itunerantz zuzenduz” itunari atxikitako udalerria, argiteria publikoa, eraikinak (inguratzailea) eta energia berriztagarrien sustapena. biomasa-instalazioa futbol-zelaiko aldageletan, eta eguzki-panel termikoak eta fotovoltaikoak hainbat eraikinetan.
- Donostia: “Alkateen Ituna” itunari atxikitako udalerria, argiteria publikoa, eraikinak (klimatizazioa, inguratzailea eta barne-argiztapena), kontratua Energia Zerbitzuen Enpresarekin kirol-instalazioen kudeaketa eta mantentze-lanetarako, karga-puntu publikoen ezarpena eta moto, autobus eta ibilgailu elektrikoen erosketa udal-flotarako, eta energia berriztagarrien sustapena: biomasa-instalazioak, eguzki-panel termikoak eta fotovoltaikoak hainbat eraikinetan.
- Errenteria: “Alkateen Ituna” itunari atxikitako udalerria, argiteria publikoa, eraikinak (klimatizazioa, inguratzailea eta barne-argiztapena), karga-puntu publikoen ezarpena eta energia berriztagarrien sustapena: biomasa-instalazioak, eguzki-panel termikoak eta fotovoltaikoak hainbat eraikinetan.
- Hernani: argiteria publikoa, eraikinak (inguratzailea) eta energia berriztagarrien sustapena: eguzki-panel termikoak kiroldegian eta udaleko adinekoen egoitzan.
- Hondarribia: “Alkateen Ituna” itunari atxikitako udalerria, argiteria publikoa, eraikinak (barne-argiztapena) eta energia berriztagarrien sustapena: eguzki-panel termikoen instalazioa kiroldegian.
- Irun: “Alkateen Ituna” itunari atxikitako udalerria, argiteria publikoa, eraikinak (klimatizazioa, inguratzailea eta barne-argiztapena), karga-puntu publikoen ezarpena eta autobus elektrikoen erosketaren esleipena, eta energia berriztagarrien sustapena: eguzki-panel termikoen eta fotovoltaikoen instalazioa hainbat eraikinetan.
- Lasarte-Oria: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.
- Lezo: argiteria publikoa, eraikinak (klimatizazioa, inguratzailea eta barne-argiztapena) eta energia berriztagarrien sustapena.
- Oiartzun: argiteria publikoa, eraikinak (klimatizazioa eta inguratzailea), taxi-autobus elektrikoaren udal-zerbitzua eta energia berriztagarrien sustapena.
- Pasaia: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.
- Urnieta: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.
- Usurbil: “Alkateen Ituna” itunari atxikitako udalerria, argiteria publikoa, eraikinak (klimatizazioa) eta energia berriztagarrien sustapena.
EEEren laguntzak, udalentzako babes-tresna
Ekitaldi honetarako 8 milioi euroko aurrekontua duen Energiaren Euskal Erakundearen laguntza programak 800.000 euro Toki Administrazio Publikoari zuzendutako energia-aurrezpena eta energia berriztagarriak sustatzeko proiektuetara bideratzen ditu. Esparru horretako proiektu energetikoak finantzatzeko funtsezko babes ekonomikoa dakar horrek. Halaber, udalek, mankomunitateek eta EAEko kuadrillek proposaturiko planteamenduen jarraipen teknikoarentzako konpainia eta monitorizazioa eskaintzen du.
2018ko diru-laguntza jaso dezaketen Ekintzen Programek kanpo-eraikinen eta egungo udal eraikinen argiztapenei zuzentzen diren energia-efizientziako ekintzak aurreikusten ditu. Honez gain, klimatizazio eta etxeko ur beroaren ekoizpenaren instalazio-proiektuei, zein udal-eraikinetako kogenerazio eta ikuskapen energetikoen instalazio-proiektuei diru-laguntzak eskaini diezaiekete. Toki-administrazioak ere laguntza-programa horretara bildu daitezke energia-iturri berriztagarriak ezartzeko, hala nola eguzki-instalazio termikoa.
Eta berritasunen artean, industrialdeetarako laguntzetarako babes-linea espezifiko bat bildu da aurten, enpresa-zentro horietan energia-hobekuntzak sar daitezela sustatzeko. 1,5 miloi euro bideratuko dira jarduera horietarako.
Euskal Trantsizio Energetikoaren irudi berria – Energiaren Bidea
Energiaren Euskal Erakundeak Energiaren Bidea izeneko identifikazio-marka berri bat abiarazi du. 2030eko Euskadiko Estrategia Energetikoaren helburuak lortzea zein trantsizio energetikoa garatzea laguntzen duten ekimen guztiak hartuko ditu barnean, bai administraziotik zein kolaborazio publiko-pribatutik sortutakoak ere. Inguruko herrialde garatuak ere erronkan murgilduta daude, karbonizazio baxuko eredu energetiko baten mesedetan.
Trantsizio energetikoari aurre egitea zen Energiaren Euskal Erakundearen motibazioa erakunde bera eratzeko, termino hori orduan normalizatua ez zegoen arren. Erakundeak 35 urte baino gehiago daramatza energia berriztagarriak, efizientzia, eta baliabide propioen aldeko apustua sustatzen, baita gasaren aldekoa ere, prozesu horri aurre egiteko. Izan ere, egunean-egunean euskal energia-sistemak aurrera egiten du kalitatezko horniketa lehiakorra bermatzen duen eredu jasangarri baterako bidean, energia berriztagarrien ekarpen handiago batean eta petrolioaren deribatuen erabilera txikiago batean oinarritua, deribatu horiek gas naturalarekin ordeztuz. Honako helburua betetzeko, ezinbestekoak dira toki-erakundeek duten papera, izan ere, erabakiak hartzen dituztenean, faktore erabakigarriak sar ditzakete efizientzia eta energia berriztagarriak sustatzeko. Energiaren Bidea/Euskal Energia Trantsizioa izeneko markari tokiko eranskin bat gehituko zaio, Udalean ere. Horrez gain, hainbat euskarri gehituko zaizkio bereizgarria ikusgai dagoen toki eta eraikin publikoetan eredu energetikoaren aldeko ekimenak burutu direla agerian jartzeko; besteak beste, biomasa, geotermia, kogenerazioa, eguzki-panel zein panel fotovoltaikoak, argiztapen-efizientzia edo ibilgailu elektrikoen erabilera.