Hausnarketa- eta eztabaida-jardunaldia azaroaren 14an, Guggenheim Museoan

  • Norvegiako, Erresuma Batuko, Frantziako eta Alemaniako adituek aurkeztuko dituzte herrialde horiek garatutako energia-politikak eta trantsiziorako estrategiak.
  • Equinor enpresako aditu Eirik Waernes norvegiarraren kontura izango da ponentzia nagusia, eta herrialde horren kasu paradigmatikoa azalduko digu, gas natural eta petrolioaren ekoizle handia izateaz gain berriztagarrien kontsumitzaile handia ere badena.
  • Euskadik berriztagarrien aldeko apustua sendotu du, 2030eko Energia Estrategian ezarritakoaz haratago.
  • Bertaratzeko asmoa duten 300 erregistro daude, gutxi gorabehera, gaur egun Europan dauden errealitate energetikoak ezagutzeko interesaren adierazgarri.

Energia Trantsizioa aztergai izango da Energiaren Euskal Erakundeak, Eusko Jaurlaritzako energia-agentziak eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak antolatutako jardunaldian, Europan gure inguruneko erreferente nagusiak diren herrialdeetako esperientzien bitartez, bertako adituen azalpenen eskutik. Norvegia, Alemania, Frantzia eta Erresuma Batua errealitate eta energia egoera partikularretatik abiatu dira, baina guztiek ere lortu nahi dute karbono gutxiko energia-sistema bat garatzea, gizarte horietan lortutako ongizate-mailei eusteko aukera emango duena. Jardunaldia bihar egingo da Guggenheim Bilbao Museoan.
 
Azterketak eta ondorengo eztabaidak arreta osoa jarriko dute Europako herrialdeak beren energia-sistemen deskarbonizazio-erronkei erantzuteko proposatzen ari diren bideetan, Europako instantzietatik zein oro har gizartetik egiten zaizkien eskakizunei erantzunez, herritarrok gero eta kontzienteagoak baikara alor horretan gure gain hartu beharreko erantzukizunaz. Jardunaldian galdera ireki bat planteatuko da: posible al da Energia Trantsiziorako eredu europar bakarra ezartzea?, eta aztertutako herrialdeetako erreferentziazko adituak eta diplomaziaren eremuko ordezkariak elkartuko dira galdera horri erantzuna ematen ahalegintzeko.
 
Jardunaldia Guggenheim Bilbao Museoko Entzungelan egingo da, bihar osteguna, azaroaren 14a, 09:00etatik aurreraHonekin batera jardunaldiaren egitaraua gehitu dugu.
 
Erreferentziazko kasuak
Energia Trantsizioa aztertuko da Norvegiako, Frantziako, Alemaniako eta Erresuma Batuko ikuspegietatik abiatuta, banan-banan, beren alorreko gaia ongi ezagutzen duten adituen eskutik. Herrialde horiek politika energetiko eta industrial desberdinak ezartzen dituzte, bakoitza bere errealitate ekonomiko-sozialera eta helburu politikoetara egokituta. Jorge Fernándezek testuinguruaren sarrera moduko bat egingo du aurkezpen guztietarako. Orkestrako energia alorreko koordinatzailea eta ikertzailea da; hain zuzen ere, Institutu horrek zenbait azterlan argitaratu berri ditu herrialde horietako gehienen energia-politikaren, aurrerapenen eta erronken inguruan, dagoeneko bere webgunean erabilgarri daudenak.
 
Jardunaldiko ponentzia nagusia Eirik Waernes Equinor enpresako (garai bateko Statoil) presidenteorde seniorrak eta ekonomialari buruak aurkeztuko du, bere herrialdean Energia Trantsizioaren alorreko erreferentea denak. Norvegiak ekoizpen eta energia kontsumo berriztagarri handia dauka bere baliabide hidrikoei esker, eta ia-ia bere etxeko kontsumo guztia garbi-garbi hornitzen du. Gas naturaleko erreserba handiak ere badituzte, eta Europako zati handi bat energia horrekin hornitzen dute. Alabaina, populazioa oso barreiatua dago lurralde zabal batean, eta horregatik Norvegiarentzat ez da erraza emisioak murrizteko aukeretara iristea. 
 
Alemaniako, Frantziako eta Erresuma Batuko enbaxadetako ordezkari diplomatikoak arduratuko dira ereduak aurkezteaz, eta haien adituek erakutsiko dizkigute herrialde horietako bakoitzean abian jarritako eredu partikularrak eta deskarbonizazio-bideak. 
 
Alemaniaren aldetik, Steffen Koch Alemaniako Enbaxadako Gai Ekonomikoetarako kontseilariak Energiewende emango digu ezagutzera: energia-trantsizio horri jarraikiz, arian-arian parke nuklearra ofizialki itxi dute, sistema elektrikoa birmoldatzeko esparruan, eta horrez gain aurreikusi dute ikatz-zentralak ixtea, energia-efizientzia hobetzea eta berriztagarrien erabilera areagotzea.
 
Yasser Abdoulhoussen Frantziako Enbaxadako Garapen Jasangarriko eta Industriako kontseilariak herrialde horretako kasuaren berri emango du. Aitzindaria da Frantzia energia-sistemaren eraldaketan, eta elektrifikazio nuklearraren aldeko apustu handia egin duenez, elektrizitaterako oso prezio lehiakorrak lortu ditu bere lehiakideen aldean. Gaur egun, energia-mixa pixkanaka eraldatu nahi du berriztagarriak neurri handiagoan sartuz, energia-efizientziaren alorrean erronka handia eginez, eta nuklearrari eutsiz sistemaren ardatz nagusi gisa epe labur eta ertainean.
 
Azkenik, Keiran Bowtell Enbaxadako Aldaketa Klimatikoko atxikiak ordezkatuko du Erresuma Batua, eta herrialde horren ibilbidearen berri emango digu. Energia-politika koherente eta egonkorra garatu du Erresuma Batuak denbora askoan, eta horri esker etxeko ikatza baztertzeko eta etengabeko hazteari eusteko aukera izan du; horrez gain, emisioak murriztu ditu nabarmen, BPGko libra bat ekoizteko hiru aldiz karbono gutxiago erabiltzen baitu orain 30 urte baino.
 
Biharko jardunaldian Euskadiko esperientzia ere egongo da presente. Euskal Energia Trantsizioak epe luzera begira jarri ditu helburuak, jatorri fosileko iturriak pixkanaka desagerrarazteko energia erabilerarako, deskarbonizazioa lortzeko bidean. Helburua da 2030ean berriztagarrien kuota % 32 izatea azken kontsumoan, eta 2016-2030 aldian % 25ko energia-aurrezpena lortzea.