2004. urteaz geroztik, 5 kW-eko 5 planta fotovoltaiko jarri dira, eta 20 kW-eko beste bat instalatzeko asmoa dute
· Instalazio guztiak Bilboko Udalaren jabetzako zentroetan jarri dira.
· Eguzki-energia bidezko elektrizitatearen ekoizpena 50.000 kWh baino gehiago izango da, 75 pertsonaren etxeko kontsumoaren baliokidea dena.
· Instalazio horiek guztiek 47.000 kg CO2 ez aireratzea dakarte.
· Maiatzean Bilboko Udalaren eguzki-planta handiena jarriko da martxan, Lan Ekintzaren Montaño Zentroan.
2004an Energiaren Euskal Erakundeak (EEE/EVE) eta Bilboko Udalak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren ondorioz, 5 kW-eko potentzia duten 5 eguzki-energia sistema fotovoltaiko jarri dira beste hainbeste udal eraikinetan. Horretarako, 185.000 euroko inbertsioa egin dute erakunde bien artean. Horretaz gain, 140.000 euro gehiago inbertituko dituzte Bilbon izango den eguzki-planta handiena abian jartzeko. 20 kW-eko eguzki-planta fotovoltaiko horrek 10 familiaren etxeko elektrizitate premiak asetzeko beste energia elektriko garbia ekoitziko du.
EEE/EVEren eta Bilboko Udalaren artean sinatutako hitzarmenak zenbait alorretan jarduera ugari egitea ahalbidetu du, Bilbon energia egoera hobetzeari begira. Hala, eta energia-iturri berriztagarriei dagokienez, nabarmentzekoa da udalerriko horniduran energia berriztagarrien ekarpena areagotzeko egindako ahalegin handia. Izan ere, energia elektrikoa ekoizten duten 5 eguzki-instalazio fotovoltaiko jarri dira martxan. Instalazio horietako bakoitzaren ezaugarriak hauexek dira:
· 5 kW-eko potentzia duen eguzki-instalazio fotovoltaikoa, Bilboko Udala da jabea eta Arangoiti herri ikastetxean dago.
· 5 kW-eko eguzki-planta fotovoltaikoa, jabetza EEE/EVErena da eta Artatse herri ikastetxean dago.
· Bakoitzak 5 kW-eko potentzia instalatua duten 2 eguzki-planta fotovoltaiko, Bilboko Udalarena diren plantak hauek Zamakola-Juan Delmás herri ikastetxean eta Udalari atxikita dagoen eraikinean daude.
· 5 kW-eko eguzki-instalazio fotovoltaikoa, EEE/EVE da jabea eta Tomás Camacho herri ikastetxean dago.
Instalazio horiek guztiak sare elektrikora konektatuta daude eta ekoizten duten elektrizitatea sare elektriko orokorrera bideratzen dute. Horren ordainetan, sari edo prima bat jasotzen dute kWh bakoitzeko, kontsumitutako elektrizitatearen truke ordaintzen dena baino 4 edo 5 bider handiagoa den prima, hain zuzen ere. Urtean elektrizitatearen ekoizpena 27.000 kWh baino handiagoa da, 40 bat pertsonaren kontsumo elektrikoa dena. Ekoizpen garbi horri esker, 25.000 kg CO2 ez dira aireratzen edo igortzen atmosferara urtean.
Instalatutako potentzia areagotu egingo da
2007. urte amaieran, EEE/EVEk eta Bilboko Udalak beste akordio bat izenpetu zuten, 20 kW-eko eguzki-instalazio fotovoltaiko berri bat jartzeko. 140.000 euroko inbertsio gehigarri eskatuko duen instalazioaren muntaketa eta kudeaketa EEE/EVEk egingo du eta Bilboko Udalaren menpeko erakundea den Lan Ekintzaren Motaño izeneko Prestakuntza Zentroaren estalkian jarriko da.
Instalazio berri hori Bilboko Udalaren planta fotovoltaiko handiena izango da, 20 kW-eko potentzia instalatua izango duen planta maiatzaren amaieran konektatuta egongo dela espero da. Aurreikuspenen arabera, 23.000 kWh ekoitziko ditu, 10 familiaren elektrizitate-kontsumoaren baliokidea dena. Eguzki-energiaz baliatzen den instalazio honek atmosferara 22.000 kg CO2 ez igortzea ekarriko du. Hartara, Bilboko energia-egoera hobetzeaz gain, airearen kalitatea ere hobetzen lagunduko du.