Patxi López lehendakariak eta Iberdrolako presidente Ignacio Galánek azaldu dute ekimen handinahia Iberdrola dorrean
• Bilbo eta Portugaleteko hirigune handi banatan garatuko da, eta 1.100 eraldaketa zentro baino gehiago egokitzea ekarriko du. Zentro horietan puntako ekipo elektronikoak jarriko dira eta 410.000 biztanleri zerbitzua ematen dieten 230.000 kontagailu inguru berrituko dira
• Lehendakariak hauxe nabarmendu du: “Egingo diren inbertsioen arrisku ekonomikoak eta teknologikoak partekatzearekin batera, Eusko Jaurlaritzak energia aurreztearen, kontsumitzaileentzako zerbitzuen kalitatearen eta garapen teknologikoaren inguruko konpromisoen betetze maila ikuskatuko ditu”
• IBERDROLAko presidenteak hauxe adierazi du: “Asmo handiko proiektu honek Bizkaia lurralde historikoa alde aurreratuenen artean jarriko du munduan sare elektriko azpiegiturei dagokienez”
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lópezek eta IBERDROLAko presidente Ignacio Galánek sare elektriko adimendunen inguruko proiektu berria aurkeztu dute gaur, Bilboko Iberdrola dorrean, Bizkaian garatuko den egitasmoa, hain zuzen ere.
Aurkezpen ekitaldian, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Unda, Bizkaiko ahaldun nagusi José Luis Bilbao eta BBK-ko presidente Mario Fernández izan dira.
Sare elektriko adimendunak garatzea helburu duen ekimen hori garatzeari begira, Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bidez, eta IBERDROLAk sozietate bat eratu dute. Proiektuak 60 milioi euroko inbertsioa ekarriko du.
Lehendakariak egitasmoaren aurkezpen ekitaldian hauxe nabarmendu du: “Egingo diren inbertsioen arrisku ekonomikoak eta teknologikoak partekatzearekin batera, banaketa sareari lotutako energiaren aurreztearen eta eraginkortasunaren, kontsumitzaileentzako zerbitzuen kalitatearen eta garapen teknologikoaren inguruko konpromisoen betetze maila ikuskatuko ditu Eusko Jaurlaritzak”.
IBERDROLAko presidenteak aurreratu du proiektua Bizkaiko bi aldetan garatuko dela; alde batetik, Bilbo eta Portugaleteko gune handi banatan; bertan, sare elektriko adimenduna sortzeko, 1.100 eraldaketa zentro baino gehiago egokituko dira. Zentro horietan puntako ekipo elektronikoak jarriko dira eta 410.000 biztanleri zerbitzua ematen dieten 230.000 kontagailu inguru berrituko dira. Bestetik, Lea Artibai eskualdean ere egingo dira lanak proiektu honi lotuta; izan ere, landa ingurunean automatizazio plan aurreratu bat jarriko da martxan, azpiestazio adimendun berri bat eraikiz.
Aurrekoaz gain, IBERDROLAko presidente Ignacio Galánek nabarmendu du egitasmoaren garrantzia eta hauxe azpimarratu du: ”Asmo handiko proiektu honek Bizkaia lurralde historikoa alde aurreratuenen artean jarriko du munduan sare elektriko azpiegiturei dagokienez”.
Gainera, ikuspuntu ekonomiko eta sozialetik, egitasmoak izango duen eragin positiboa gogorarazi du konpainia elektrikoaren buruak, jarduera industrial handia sortarazteaz bat, kualifikazio handiko enplegua sortuko baitu, haren esanetan “Bizkaian sare elektriko adimendunen garapenean euskal enpresa ugari arituko dira, Euskal Herriko eta Deustuko unibertsitateekin batera”.
Patxi Lopez lehendakariak, berriz, sare adimendun proiektuak ekipo elektriko eta elektroniko ondasun alorreko euskal enpresei ekarriko dien aukera azpimarratu du; euskal enpresa horientzat “Apustu lehiakorrari eusteko baliagarria izateaz gain, dituzten ahalmena eta garatzeko potentziala erakusteko aukera ezin hobea”, lehendakariaren hitzetan.
IBERDROLAko presidenteak nabarmendu duenez, Espainian sare elektriko adimendunen garapen erabatekoak 5.500 milioi euroko inbertsioa ekar dezake sektore elektrikoaren aldetik. Horren ondorioz, datozen zortzi urteetan, kualifikazio handiko 25.000 enplegu inguru sor daitezke Espainiako Estatuan.
Horniduraren kalitatea eta energia-eraginkortasuna areagotu egingo dira
Sare elektriko adimendun proiektu honek zerbitzu batzuk distantziatik edo urrunetik ematea ahalbidetuko du; adibidez, neurtzeko ekipoen irakurketa egitea, kontratuen altak eta bajak egitea edo ematea edo kontratatutako potentzia aldatzea. Era berean, merkatu elektrikoan bezeroen parte hartzea sustatuko da, energia-kontsumoari lotutako datuak denbora errealean jasotzeko aukera emango baitzaie. Gainera, etorkizunean, dagokion arautzea onartuz gero, tarifa malguez baliatu ahal izango dira, energia-eraginkortasuna hobetzen lagunduko duena.
Ildo beretik, Galánek azpimarratu du sare adimendunek elektrizitate horniduraren kalitatea areagotzea ahalbidetuko dutela, nabarmen murriztuko baitute gorabeheren edo gertakarien iraupena. Horren harira, hauxe adierazi du “Beste ekimen berritzaile batzuen ezarpen eta garapenean biziki lagundu dute sare adimendunek, ibilgailu elektrikoarenean, kasu”.
Asmo handiko egitasmo horren aurkezpenean, IBERDROLAko presidente Ignacio Galánek berretsi du beste behin ere konpainiaren konpromisoa Euskadirekin: “Euskadiren garapen eta hazkunderako eragile edo motor garrantzitsua gara, eta bertako enpresa ehuna sustatzen eta laguntzen jarraitu nahi dugu” adierazi du konpainiaren buruak.
Lehendakariak, ekitaldiari amaiera emanez, IBERDROLAri eta haren presidenteari eskerrak eman dizkie eta hauxe gaineratu du ”eskerrik asko teknologiaren, berrikuntzaren eta kalitatearen alde egiten duzuen apustuagatik”. Horrekin batera, konpainia elektrikoaren buruari zuzenduta hauxe adierazi dio: ”Iberdrolak Euskadiko enpresa eta herritarrentzako ongizate eta garapenaren alde egiten duen lanean eta ahaleginean beti izango ditu eskura Eusko Jaurlaritzaren lankidetza eta konpromisoa”.
Estrategia Lidera
Sare elektriko adimendunen inguruko proiektua Eusko Jaurlaritzak abiarazitako Estrategia Lideraren barruan dago, eta zenbait egitasmo daude haren baitan, esate baterako, ibilgailu elektrikoa, merkataritza elektronikoa, Internetera sarbide arina, gas naturala eta Zientziaren industria.
Gaur, Iberdrolarekin batera egindako sare elektriko adimendun proiektuaren aurkezpenak berresten du Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa euskal ekonomiaren lehiakortasuna areagotzeko. Ildo horretatik, iragan astean, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak, Mercedeseko arduradunekin batera, munduan sailean fabrikatutako lehen furgoneta elektrikoa aurkeztu zuen, Eusko Jaurlaritzaren parte hartze zuzen eta handia izan duen egitasmoa, hain zuzen ere.
Fuente: Irekia - Gobierno Vasco