Laguntzak kontsumo-sektore guztietara zuzenduta daude

Merkatuan 190 milioi eurotik gorako inbertsioak eragingo dituzten 21.000 proiektu eta jardunetan baino gehiagotan lagunduko dute

  • Guztira bederatzi izango dira eraginkortasun-maila handiko teknologietako eta instalazio berriztagarri txikietako proiektuak eta inbertsioak, udal-instalazioak hobetzeko eta Energia Zerbitzuetako Enpresak (EZE) kontratatzeko proiektuak eta etxetresna elektrikoen, leihoen, kondentsazio-galdaren eta instalazio elektrikoen Renove Planak garatzen lagunduko duten laguntza-programak.
  • Proiektu eta instalazio horiek guztiek urteko 41.000 tep-eko energia-aurreztea ekarriko dute, hots, 30.000 etxebizitzak urte bakoitzeko egiten duten kontsumoaren energia baliokidea aurreztea ahalbidetuko dute.
  • Industriako eta eraikinetako energia aurrezteko eta energia-eraginkortasuneko programak eta energia berriztagarrien programak aurrekontu-zuzkidura nagusiak biltzen dituzte, 5,8M€-rekin eta 4,8M€-rekin, hurrenez hurren. 1.400 eraginkortasun-proiektutik gora egikaritzen lagunduko dute, eta baita 700 instalazio berriztagarri abiarazten lagundu ere.
  • Administrazio Publikoetarako laguntza-linearen nobedade nagusietako bat Energia Zerbitzuetako Enpresen (EZE) bitartez jarduerak garatzera zuzenduta egongo da, eta horri esker, kontsumo-instalazioetan aurrezte esanguratsuak lortzea ahalbidetuko da.
  • Renove Planen bitartez, bestalde, eraginkortasun-maila handiko etxe-ekipamendua erosten lagunduko da. Gutxi gorabehera 2.000 kondentsazio-galdara, 13.300 etxetresna elektriko, 12.000 leiho eta 450 instalazio elektriko ordeztuko dira.
  • Garraio-sektoreak 2,75 milioi euro jasoko ditu ibilgailu elektrikoak eta erregai alternatiboak –bioerregaiak, petrolioaren gas likidotua, gas naturala eta abar– erabiltzen dituzten bestelako ibilgailuak erosteko.
  • Laguntzek merkatua dinamizatzeko efektua izango dute, euskal merkatuan 190 milioi eurotan balioetsita dauden inbertsioak mobilizatuko dituzten teknologia eraginkorreko proiektuak eta instalazioak erosten eta egikaritzen lagunduko baitute 22,1 milioi euro horiek.
  • Bilbo, 2013ko ekainaren 3a

    Eusko Jaurlaritzak energia-alorreko inbertsioetan laguntzeko bederatzi programa abiarazi ditu, 22,1 milioi euroko aurrekontuarekin, eta bederatzi programa horiek bi helburu dituzte, batetik, Euskadin energia aurreztea eta iturri berriztagarriak bultzatzea, eta bestetik, energia-sektoreko enpresen eta industrien merkatua dinamizatzea. Arestian aipaturiko laguntza horiek Euskadiko Energia Estrategian 2020rako ezarritako helburuetan –energia-kontsumoa geldiarazteko, energia berriztagarrien erabilera areagotzeko eta energia-merkatua dinamizatzeko helburuetan– kokatuta daude.

    Energiaren Euskal Erakundeak Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak abian jarritako laguntza-programa guztiak kudeatuko ditu. Kontsumo-sektore guztietara zuzenduriko laguntza horiek guztiak bederatzi programa desberdinetan multzokatuta daude, eta energia gutxiago kontsumitzen dutelako nahiz energia-iturri berriztagarri eta garbien erabileran inbertitzen dutelako energia-abantaila nabarmenak dakartzaten inbertsioetan lagunduko dute bederatzi programa horiek.

    Laguntzek hainbat alorri emango diete garrantzia, hala nola energia aurrezteko eta energia-eraginkortasunerako teknologian eta instalazio berriztagarri txikietan inbertsio espezifikoak egitea, udal-instalazioak hobetzeko eta Energia Zerbitzuetako Enpresak (EZE) kontratatzeko proiektuak eta azkenik, etxebizitzetako etxetresna elektrikoen, kondentsazio-galdaren, leihoen eta instalazio elektrikoen Renove Planak garatzen lagunduko duten laguntza-programak.

    Laguntza horiek bi helburu dituzte, lehenik eta behin, energia-aurrezte maila garrantzitsuetara iristea, eta bigarrenik, eraginkortasun-maila handiko osagaien merkatua dinamizatzea, aldi berean. Programa horietarako laguntzak, guztira, 22,1 milioi eurotara iritsiko dira, eta diru horren bitartez 21.000 eskabidetarako baino gehiagotarako laguntzak emango dira, merkatu osoan eta euskal ekonomian 190 milioi eurotik gorako inbertsioak eragiteaz gain. Konparaziozko datu gisa, guztira 3.968 laguntza-eskabide aurkeztu ziren programetara 2012an, 192,9 milioi eurotara iritsi ziren eta 21,7 milioiko diru-laguntza jaso zuten hainbat inbertsiotarako.

    Laguntza-programak datorren irailaren 30era arte edota horietako bakoitzerako aurreikusitako zuzkidura agortu arte egongo dira irekita. Teknologia eraginkorretan eta energia berriztagarrietan egingo diren inbertsio horiek guztiek kalkuluen arabera 41.000 tep (petrolio-tona baliokideak) izango den energia-aurreztea ekarriko dute, edo beste modu batean esanda, urtebetean 30.000 etxebizitzak egindako kontsumoaren baliokidea. Horretaz gain, energia-aurrezte horrek 85.000 tona CO2-ren emisioa murrizten lagunduko du.

    2013ko diru-laguntzen programa
    Egitasmoa Aurrekontua
    Energia-aurreztea eta energia-eragiunkortasuna 5.800.000€
    Udaletarako energia-eraginkortasuna 3.000.000€
    Garraio eta mugikortasun eraginkorra 2.750.000€
    Energia berriztagarriak 4.800.000€
    Energia-zerbitzuetako enpresen (EZE) bitartez Administrazio Publikoan energia-eraginkortasuna gauzatzea eta energia berriztagarriak erabiltzea 2.000.000€
    Etxetresna elektrikoen Renove Plana 1.500.000€
    Bizitegi-eraikinetako instalazio elektrikoen Renove Plana 350.000€
    Kondentsazio-galdaren Renove Plana 400.000€
    Leihoen Renove Plana etxebizitzetan 1.500.000€
    Guztira 22.100.000€



    Energia-aurreztea eta energia-eraginkortasuna
    Energia-aurreztea da laguntza horien lehentasun nagusietako bat. Energiari dagokionez eraginkortasun-maila handikoak diren neurriak eta teknologiak txertatzeko programak aurreikusitako aurrekontu-zuzkidurarik handiena du, zehazki, energia-eraginkortasuna hobetzeko 1.400 industria-proiektutan (gutxi gorabehera) laguntzeko 5,8 milioi euro guztira.

    Nagusiki, energia-auditoretzetan, energia-kudeaketarako sistemak txertatzean eta energia kontsumitzen duten ekipo jakin batzuk teknologia eraginkorragoaren bitartez kontsumo hori murriztuko duten beste batzuekin ordezteko inbertsioak egiten dituzten industria-enpresetara zuzenduta dago programa hori.

    Halaber, isolamendu termikoko elementu gehigarriak txertatzen dituzten eraikinetan inguratzaileak –fatxadak eta teilatuak– eta instalazio termikoak berritzea ere hartuko da programa horren barnean. Eraginkortasun-maila handiko kogenerazioko instalazioek ere laguntzak jaso ahal izango dituzte, hots, iturri bakar baten bitartez bi energia produzitzen dituzten instalazioek.
    Laguntza horien onuradunek jasoko duten zenbatekoa diruz lagun daitekeen kostuaren % 20rainokoa izango da, auditoretzen eta energia-azterlanen kasuan izan ezik, horrelakoek % 50eko diru-laguntza ere jaso baitezakete.

    Energia berriztagarriak
    Energia berriztagarriak aurreikusitako aurrekontu-zuzkiduraren bigarren epigrafea osatzen dute garrantziari dagokionez. Guztira, 4,8 milioi euro bideratuko dira hainbat motatako energia-iturri berriztagarrien (esate baterako, biomasa, instalazio geotermikoak edota eguzki-energia fotovoltaikoa eta termikoa, besteak beste) aprobetxamendurako instalazioetan inbertsioak egiten laguntzeko, baita horrelako instalazioen bideragarritasun-azterlanak egikaritzen laguntzeko ere. Aukeratzeko kostuaren % 45era ere irits daitezkeen laguntzak jaso ahal izango dituzte horrelako inbertsioek, eta azterlanek, ostera, % 50era ere irits daitezkeenak. Laguntza horiek energia berriztagarrien 700 instalazio berri (gutxi gorabehera) abiarazten lagunduko dutela aurreikusten da.

    Udalak
    Udaletako energia-proiektuek garrantzi estrategiko handia dute, kontsumo handiko instalazioak baitira, eta horretaz gain, herritarrentzako zuzeneko onura baitakarte, herritarrengandik gertuenekoa den kudeaketa gauzatzen duten administrazioak direla kontuan hartuz.

    Lehenik eta behin, Euskadiko Udalek argiteria publikoa hobetzeko egindako proiektuetarako eta Udalen eraikinetarako jaso ahal izango dira laguntza horiek, eta baita kontsumo-sistemetan energia-hobekuntzak dakartzaten bestelako jardunetarako ere, esaterako, ur-ponpaketarako instalazioek eta abarrek. Energia-auditoretzak eta Energia Iraunkorrerako Ekintza Planak egiten ere lagunduko da; izan ere, horrelako Ekintza Planek udaleko energia-kontsumo orokorra hainbat urteko denbora-tartean murrizteko ibilbide-orri gisa balioko dute. 3 milioi euroko zuzkidura ekonomikoa dago gordeta horrelako jardunetarako.

    Administrazio Publikoaren esparruan, 2013ko laguntza-programaren nobedade nagusietako bat Energia Zerbitzuetako Enpresen (EZE) bitartez jarduerak garatzeari eman nahi zaion bultzada handia dugu. Horrelako enpresek energia-zerbitzuak finantzatzeko eredu berriak eskaintzen dituzte, energia-aurrezte garrantzitsuarekin (% 20ra ere irits daiteke aurrezte hori, egungo kontsumoarekin alderatuz). Horrelako konponbide teknikoak txertatzeko baliabideak mobilizatzen dituzten Administrazio Publikoek aukeratzeko inbertsioaren % 20rainoko laguntzak jasoko dituzte.

    Garraioa
    Garraioa, eta zehazkiago, errepideko garraioa, energia-eskari eta energia-kontsumo handienetako sektorea dugu Euskadin. Garraioa fosil-jatorriko energia-iturrien mende dago ia esklusiboki, eta horrenbestez, bestelako iturri alternatiboen erabilera sustatzen eta automobil-parkea dibertsifikatzen lagunduko dute laguntza horiek, automobil-parkerako erabiltzen diren energia-iturriak ere dibertsifikatzen laguntzeaz gain.

    Garraioan energia eta ibilgailu alternatiboak txertatzeko laguntzak 2,75 milioi eurokoak izango dira, eta ibilgailu elektrikoak eta hibridoak ez ezik, erregai alternatiboen bitartez (hala nola bioerregaiak, gas naturala eta petrolioaren gas likidotua edo PGL, besteak beste) propultsaturiko ibilgailuak ere erosten lagunduko du diru horrek. Orobat, ibilgailu elektrikoetarako eta erregai alternatiboen bitarteko ibilgailuetarako karga-puntuak instalatzen laguntzeaz gain, mugikortasun-planak eta garraioa hobetzeko azterlan eta proiektu pilotuak egiten ere lagunduko da. Laguntzen intentsitatea % 5-25 izango da ibilgailuetarako, % 20-40 karga elektrikorako puntuetarako eta erregai alternatiboen hornidurarako, eta % 50eraino azterlan, plan eta proiektu pilotuetarako.

    Renove Planak
    4 Renove Planek 3.750.000 euroko baterako zuzkidura izango dute, etxeko ekipamenduak eta kristalezko itxiturak energia-aurrezte nabarmena ekarriko duten eta energia-eraginkortasun handikoak izango diren beste batzuekin ordezteko.

    Kondentsazio-galdaren Renove Planari esker, hain eraginkorrak ez diren hainbat kondentsazio-galdara ordeztuko dituzten eta eraginkortasun handikoak izango diren beste batzuk erosi eta instalatu ahal izango dira. Programa osoak urteko 500 tep-eko energia-aurrezte metatua ahalbidetuko duten 2.000 galdara ordeztuko dituela aurreikusten da; horrek esan nahi du etxebizitza bakoitzak berokuntzaren fakturan % 20-25eko aurreztea izango duela urte bakoitzeko. Renove Planak 400.000 euroko aurrekontua du helburu horretarako.

    Aurreko edizioetan irismen handienetakoa izan duen Renove Planetako bat etxebizitzetako leihoen Renove Plana izan da. Renove Plan horrek diruz lagun daitekeen leiho berrien kostuaren % 22raino lagunduko du, eta etxebizitza bakoitzeko laguntzaren muga 1.000 euro izango da. Aurreikuspenen arabera, 2.200 etxebizitzatako 12.000 leiho inguru ordeztuko dira, hau da, etxebizitza bakoitzeko, batez beste, kristalezko 5 itxitura. 2008an Renove Plan hori hasi zenez geroztik, kristalezko kanpoko 103.000 itxitura ordeztu dira jada Euskadin energia-eraginkortasun handiko beste batzuekin, eta horri esker, Euskadiko etxebizitzetako berokuntzan aurreztu den energia 8.000 tep izan da urte bakoitzeko, hots, 5.800 etxebizitzaren urteko kontsumoaren baliokidea.

    Etxetresna elektrikoen Renove Plana ere asko baloratzen da euskal gizartean, biztanleriaren eguneroko erabileren artean irismen handia baitu. Aurtengo edizioan, eraginkortasun handiko 13.300 etxetresna elektriko (A++ edo hortik gorakoak) ordezten lagunduko du programak. Hozkailuek, izozkailuek, garbigailuek eta ontzi-garbigailuek jaso ahal izango dute laguntza hori; A++ gisa etiketaturikoen kasuan, 105 euroko laguntza dago aurreikusita, eta goragoko etiketa dutenen kasuan, aldiz, 125 eurokoa. Horrelako laguntzen kudeaketa zuzenean egingo da kide diren merkataritza-establezimenduetan, Euskadiren kasuan, 740 denda baino gehiago.

    2013 Renove Planak
    Planes Renove 2013 Presupuesto Cuantía de la ayuda
    Kondentsazi-galdaren RP 400.000€ 200€ ordezturiko galdara bakoitzeko.
    Etxebizitzetako leihoen RP 1.500.000€ Diruz lagun daitekeen kostua %22raino. Gehieneko diru-laguntza, 1.000€ etxebizitza bakoitzeko.
    Etxetresna elektrikoen RP 1.500.000€ 105€ etxetresna elektrikoak A++ motako beste batzuekin ordezteagatik. 125€ A+++ bakoitzeko.
    Instalazio elektrikoen RP 350.000€ Inbertsioaren %50. Gehieneko diru-laguntza, 500€ etxebizitza bakoitzeko eta 1.000€ jabeen erkidego bakoitzeko.


    Azkenik, instalazio elektrikoen Renove Planaren helburua etxebizitzetan edota etxepekoen erkidegoetan 25 urteko edo hortik gorako antzinatasuna duten instalazio elektrikoak berritzea da. Laguntza-linea horrek inbertsioaren % 50ekin lagunduko du, etxebizitza bakoitzeko 500 euroko gehienekoarekin eta jabeen erkidego bakoitzeko 1.000 euroko gehienekoarekin. 450 instalazio inguru eguneratuko dira.


    Aurreztea, estrategia gisa
    Eusko Jaurlaritzaren 3E2020 Energia Estrategiaren funtsezko oinarrietako bat energia-aurrezteak eta energia-eraginkortasunak osatzen dute. Eusko Jaurlaritzak ildo horretan Energiaren Euskal Erakundearen bitartez garaturiko neurrien eta jardunen jomuga 1.052 ktep-eko (petrolio-kilotona baliokideak) energia-aurreztea lortzea da, edo beste modu batean esanda, joeraren gaineko % 17 inguruko aurrezte-tasa. Energia berriztagarriei dagokienez, energia-iturri horien bitartez hornidura areagotzea da xedea, egungo % 8tik 2020an % 14ra iritsi arte.