Europako Batzordearen txostenaren arabera ez da beharrezkoa ingurumen-araudi berriak ezartzea, eta "Jaurlaritzak hartutako jarrera berresten du", adierazi du Xabier Garmendia Industria eta Energiako sailburuordeak.

Txostenaren arabera, azterlan juridikoak "gauzak bere lekuan jartzen ditu oinarririk gabeko alarmismoak argitzen dituelako".

2012(e)ko Urtarrilak 31 - Eusko Jaurlaritza oso pozik dago Europako Batzordeak gas ez-konbentzionalari buruz egindako azken txostenarekin, txosten horren arabera ez baita beharrezkoa gas ez-konbentzionala erauzteko edo ikertzeko erabilitako teknikak arautzeko ingurumen-araudi espezifikoa sortzea. "Jaurlaritzak hartutako jarrera berresten du, hau da, erauzketa ez da aparteko jarduera, hidrokarburoen bilaketa tradizionalaren pareko jarduera baizik, eta horien inpaktuak hidrokarburoei eta ingurumenari buruz egun indarrean dagoen legeriarekin aurreikus eta maneia daitezke", esan du gaur Xabier Garmendia Industria eta Energiako sailburuordeak.

Kontsultari bati enkargatutako eta Europako Batzordeak (Europar Batasunaren organo betearazlea) onetsitako txostena EBko 20 kokalekutan baino gehiagotan (horietatik erdiak Polonian) esplorazio-zulaketak zeudelako egin zen. Bukatzeko, adierazi du erregai fosilen esploraziorako eta produkziorako gaur egun dagoen legeria -helburu nagusia ingurumen-segurtasuna eta -babesa bermatzea duena- gas konbentzionalari nahiz ez-konbentzionalari aplika dakiokeela.

"Txosten juridikoak berretsi du ez dela beharrezkoa EBko gure legeria aldatzea [gai honi dagokionez]", adierazi du deklarazio batean Guenther Oettinger Energiako komisarioak. "Guk serioski hartzen ditugu ingurumen-arloko kezkak eta arbel-gasaren erauzketen garapena monitorizatzen jarraituko dugu EBn", jarraitu du komisarioak.

Xabier Garmendia sailburuordea bat dator erabat Europako komisarioarekin, eta "gure herrialdean sortutako jarrera alarmisten aurrean, hots, gas ez-konbentzionala ustiatzea ez ezik esploratzea ere ingurumenerako hondamenezko mehatxu berria delako ideiaren aldeko jarreren aurrean" EBren txosten juridikoa oso garrantzitsua dela adierazi du.

Garmendiak erantsi du, gainera, azterlan horretatik honako hau ondorioztatzen dela: "gas ez-konbentzionalaren esplorazioan ez dago aparteko, ezohiko eta onartezina edo katastrofikoa den eta EBko kide diren herrialdeetan gaur egun indarrean dauden legerien bitartez eta zehatzago Euskal Autonomia Erkidegoan eta Espainiako gainerako herrialdeetan hidrokarburoei eta ingurumenari buruz gaur egun indarrean dagoen legeriarekin arautu eta kontrolatu ezin den ezer".

Garmendiak berriz aipatu du Araban hobiak zeudela urrian jendaurrean adierazi zenez geroztik Jaurlaritzak hartutako jarrera. Hau da, esplorazio- eta ikerketa-lanak egingo direla, eta bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa nahiz ingurumen-bideragarritasuna egiaztatzen badira soilik igaroko direla ustiapen-fasera. "Gai honetan ez ezik ingurumen-ondorioak izan ditzaketen gai guztietan ere, Eusko Jaurlaritzaren jarrera ingurumena ahalik eta gehien babestekoa izan da, eta horregatik, adierazitako bi putzuen esplorazioak -Arabako hobiaren ustiapen hipotetikoaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa egiaztatu arren- ez badu egiaztatzen ingurumenari arriskurik eragin gabe egiteko gai dela, ez da egingo Arabako gas naturalaren ustiapena".

Industria eta Energiako sailburuordeak pozik agertu da Europar Batasunaren txosten juridikoak "gauzak bere lekuan jarri dituelako eta sortutako alarmismoak argitu dituelako, ekonomiaren eta energiaren alorrean ez ezik datozen 50 edo 60 urteetan Euskadiko eta Arabako gizartearen iraunkortasunaren inguruan ere hain garrantzitsua izango den gaiari zentzuzko eta neurrizko tratamendua ematen batere laguntzen ez duten alarmismoak argitu dituelako, alegia".

Ahalik eta gardentasun handiena bermatzeko, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek (Industria Saileko ordezkariak nahiz Ingurumen Sailekoak), Arabako Foru Aldundiaren ordezkariek eta Gasteizko Udalaren ordezkariek Arabako gas ez-konbentzionalari buruzko Erakunde arteko Batzorde bat osatu zuten joan den astean. Erakunde hori sortu da lurralde historiko horretako zorupean gas-hobi garrantzitsu bat aurkitu dutelako, gutxi gorabehera 185 bcm-ko bolumena duena, hau da, Euskadi osoan 60 urtean edo Espainian bost urtean kontsumituko denaren parekoa.

Ekimen horren buru Euskadiko Hidrokarburo Baltzua da, EEE Taldekoa, Ipar Amerikako bi enpresarekin lankidetzan. Une honetan, bi putzu esploratzeko baimenak (bata 2012an eta bestea datorren urtean) lortzeko lanak bukatzen ari da, inbertsio globala 100 milioi euro izanik.

Aurreikusten da Arabako Subijanako eremuan, Gasteizko udalerriaren barruan, egingo den ikerketaren helburua hobiaren bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta ingurumenekoa argitzea dela. Kalkulatzen da gas horren egungo balioa 30.000 milioi euro inguru dela.