Ingurumen inpaktuaren azterlanak bermatzen du ingurumen alorreko 15 legeren betetzea
Eusko Jaurlaritzako Energia, Meategi eta Industria Administrazio zuzendari Javier ZarraonandĂak adierazi du Eusko Jaurlaritza lanean ari dela ingurumen azterlan sakon eta zorrotza prestatze aldera, honako honi begira: “Etorkizunean, Euskadin gas alorrean egingo diren lan guztiek erabateko bermea izan dezaten ingurumen aldetik”. Radio Euskadiko Boulevard programan egin dioten elkarrizketan, nabarmendu eta berretsi du ingurumen azterlanak segurtasuna eta ingurumena zaindu eta babesteko berme osoa izango duela.
Haren hitzetan, gaur egun “inork ez du ezagutzen zehazki” gas erreserba eskuragarrien kantitatea zenbat den, eta Eusko Jaurlaritzaren ardura da gure herrian dauden energia erreserbak aztertzea eta ezagutzea. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak beharrezkoak diren erabakiak eta neurriak hartu ditu, azterketak euskal administrazioaren kontrol zorrotzaren bidez egiten direla bermatzeari begira, izan ez dadin ezein praktika desegokirik eta ingurumenarekiko errespetu handiena ziurtatzeko.
Ingurumen inpaktuari buruzko txostenak egiten bi urte daramatzate, eta kontuan izanik zer-nolako zorroztasunez egiten ari diren, aplikagarriak zaizkien ingurumen alorreko 15 lege baino gehiago betetzeko, txostenak amaitzeko beste bi urte gehiago gutxienez beharko direla aurreikusten da.
Euskadiko energia politikari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak gas naturalaren aldeko apustua egin zuen duela 30 urte, kutsakorragoak diren beste energia iturri batzuk (petrolioa, ikatza, etab.) ordezkatzeari zuzendutako estrategia gisa. Horren ondorioz, kutsakorragoak diren energia iturri horien kontsumoa nabarmen murriztu da. Gainera, gasa erabat bateragarria da baliabide berriztagarrien aprobetxamenduarekin. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak jarraitzen du energia iturri berriztagarrien ustiapenari lotutako proiektuak garatzen, hala nola biomasaren energia, itsas energia edo itsas eolikoaren inguruko egitasmoak..
Elkarrizketa osoa entzuteko, jo helbide honetara