• Akordioari esker, Euskadin ibilgailu elektrikoari sarbidea emateko baldintzak errazteaz gain, azpiegitura ere garatuko da, mugikortasun iraunkorra lortzeko bidean, konponbide teknologiko onena dela uste baitute.
• Alianza Renault-Nissanek eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) zero emisio duen mugikortasun aurreratua sustatuko dute Euskadin, ibilgailu elektrikoen sarrera erraztuz eta horiek kargatzeko sare bat garatuz.
Bilbo, 2012ko martxoaren 28a – Bilbon, gaur goizean, Euskadin zero emisio duen mugikortasun programa bat garatzeko akordioa sinatu dute José Ignacio Hormaechek, Energiaren Euskal Erakundeko kontseilari zuzendari nagusiak, Manuel de la Guardiak, Nissan Iberia, S.A.ko kontseilari zuzendari nagusiak eta Armando García Oterok, Renault España Comercial, S.A.ko zuzendari nagusiak.
Akordioari esker, honako jarduera hauek garatuko dira, besteak beste: ibilgailu elektrikoekin esperientzia pilotuen definizioa, haien merkaturatzearen eta erabileraren sustapena Euskadin, EAEn bateriak kargatzeko sarea definitzeko eta balioesteko ideien trukaketa, ekitaldi eta jarduera dibulgatiboen antolaketa, mugikortasun era berri horren ezaugarriak ezagutarazteko eta zero emisio duten ibilgailuak erosteko enpresa eta bazkide interesdunen bilaketa.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak, EEEren bidez, Euskadin ibilgailu elektrikoak kargatzeari begirako sare bat instalatzeko konpromisoa hartu du, parking eta toki publikoetan ibilgailuak kargatzeko aukera eskainiz. Era berean, zero emisio duten ibilgailu elektrikoak erosteko diru laguntzak ematen jarraituko du.
Aurreikusitako planen arabera, ibilgailu elektrikoak kargatzeko 350 gune publiko izango dira erabilgarri 2012n, eta 7.000 eta 13.000 artean 2020. urterako. Horrekin batera, eta agintari eskumendunek ezarritako jarraibideen arabera, ibilgailu elektrikoak erosteko diru laguntza programa zehatzak definituko dira, ibilgailu mota horien erabilera sustatuko da eta eremu publikoetan zein pribatuetan ibilgailuak kargatzeko guneen garapena eta instalazioa diruz lagunduko da. Hori guztia, Estatuko beste diru laguntza batzuen osagarri.
José Ignacio Hormaechek, Energiaren Euskal Erakundeko kontseilari zuzendari nagusiak adierazi duenez “Eusko Jaurlaritzak Euskadiko errepideetan ibilgailu elektrikoa sartzearen alde egindako apustua, funtsean, garraio alorrean energia eraginkortasuna hobetzeko estrategiaren ildotik doa, petrolioaren eratorriekiko mendekotasun handia duen alorra. Euskadin mugikortasun elektrikoa sustatzeari begira, Eusko Jaurlaritzaren helburuak oso handinahiak dira; izan ere, 2020. urtean 41.000 ibilgailu elektriko zirkulazioan izango direla aurreikusten da. Horretarako, EEEk ibilgailuak kargatzeko sarea bultzatzeaz gain, erosteko diru laguntzak ere sustatu eta emango ditu.”
Manuel de la Guardiak, Nissan Iberiako kontseilari zuzendari nagusiak, berriz, hauxe adierazi du: “Nissan eta gure bazkidea den Renault ere Espainian ibilgailu elektrikoaren sarrera bultzatzeko egin behar diren akordioak egiten ari dira. Hala, Nissan eta Renault enpresa aitzindari gara arlo honetan, zero emisio delako mugikortasunean liderrak izateko asmoz, %100 elektrikoak izango diren lehen modeloen fabrikazio masiboaren garapen eta merkaturatzearen bitartez. Administrazioarekin eta beste bazkide batzuekin batera, mugikortasun elektrikoa zabaltzeko oinarriak jartzen laguntzen ari gara. Automobil industriaren lehentasunen artean dagoen mugikortasun iraunkorra gure gizartearen erronka bat da, eta gu kausa horren alde erabat konprometituta gaude.”
Ildo beretik, Renault España Comercialeko zuzendari nagusi Armando García Oterok hauxe esan du: “Energiaren Euskal Erakundearekin sinatutako akordioak agerian uzten du, beste behin ere, Renault-Nissan Aliantzak egindako apustua ibilgailu elektrikoaren alde, guztion eskura izango den errealitate bihurtzeko. Emisiorik eragiten ez duten ibilgailuen bidez, administrazio publikoek aukera paregabea dute mugikortasun eredu berri bat sustatzeko, herriak eta hiriak iraunkorragoak izatea eta ingurumena hobeto errespetatzea ekarriko duen eredua, hain zuzen ere. Alde horretatik, akordio honek agerian uzten du EEEren, Renaulten eta Nissanen apustua eta borondatea mugikortasun iraunkorra garatzeko Euskadin.”
Alianza Renault-Nissani buruz
Alianza Renault-Nissanek, zero emisio duten ibilgailuen eskaintza oparoarekin, ibilgailu elektrikoa garatzeko gidaritza darama munduan.
Renaultek eta Nissanek Estatuan duten presentzia handiaren ondorioz, Espainia garrantzi handi-handikoa da horrelako ibilgailuak sustatzeko, bai industria esparruan bai merkataritza alorrean. Hala, Renaultek Twizy izeneko ibilgailua kaleratu berri du, Valladolideko plantan fabrikatua, eta 2012ko hirugarren hiruhilekorako, ibilgailu berriak merkaturatzeko asmoa duela iragarri du, ZOE deritzon ibilgailua, esate baterako. Nissanek, berriz, Espainian, sailean fabrikatutako ibilgailu elektrikoak merkaturatzen lehena izan zenak, adibidez, Nissan LEAF modelo saritua, modelo elektriko berri gehiago fabrikatu eta merkaturatzeko asmo sendo du, NV200 modeloan oinarrituko den furgoneta arin bat, beste ibilgailu batzuen artean.
Espainian, Alianza Renault-Nissanek akordio ugari sinatu ditu zenbait administraziorekin, ibilgailu elektrikoa sustatzeko programa integralak ezartze aldera. Izan ere, Kataluniako Generalitat, Bartzelonako Udala, Andaluziako Junta eta Sevillako Udala, Gaztela eta Leongo Junta, Madrileko Udala eta Hierro uhartea dira akordioak sinatutako administrazioak. Horietaz gain, enpresa batzuekin ere akordioak izenpetu ditu, Acciona, Endesa edo IBILekin, kasu.
Alianza Renault-Nissan 1999. urtean eratu zen. Iaz, lehen aldiz, Alianzak 8 milioi ibilgailu saltzearen langa edo mugarria gainditu zuen, eta merkatu globalean %10,7ko kuota izan zuen. Alianzaren helburua da munduko lehen hiru ibilgailu ekoizle nagusien artean izatea, kalitate, teknologia eta errentagarritasun aldetik. Alianza Renault-Nissan erakunde, gobernu eta enpresetara hurbiltzeko politikaren aldekoa da, automobilgintzan duen esperientzia eta ezagutza eskaintzeko eta haiekin lankidetzan jarduteko asmoz. Gaur arte, 100 akordio inguru sinatu dira mundu osoan, ibilgailu elektrikoari sarbidea emateko eta eskala handian merkaturatzen hasteko.
EEEri buruz
Energiaren Euskal Erakundeak, Eusko Jaurlaritzaren energia agentzia denez, 2020. urteari begira prestatutako Euskadiko Energia Estrategiaren helburuak betetzen laguntzeko energia proiektuak eta jarduerak sustatzen ditu. Hala, beste erakunde eta puntako enpresa batzuekin aurrera eramaten dituen elkarlana funtsezkoa da Euskadiko energia egoera hobetu ahal izateko eta energia hornidura segurua eta iraunkorra lortzeko.
Aurreikuspenen arabera, garraio alorraren energia kontsumoak gora egingo du. Hori horrela, garraioan kontsumoa eta berari lotutako emisioak gutxitu nahi badira, ezinbestekoa izango da eraginkortasun handiko teknologiak erabiltzea ibilgailuen motorretan, ibilgailu elektrikoa, esaterako. Ildo horretatik, merkatuan 37.000 ibilgailu elektriko baino gehiago sartzea eta errepideko garraioan energia alternatibak %15 izatea dira ezarritako helburuak.