Ospitaleko energia-kontsumoak aztertzeaz gain, energia elektrikoaren, gas naturalaren eta beste energia batzuen kostuak ere analizatuko dira.

Gurutzetako Ospitaleko zuzendari kudeatzaile Gregorio Achúteguik eta Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) kontseilari zuzendari nagusi José Ignacio Hormaechek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, Gurutzetako Ospitaleak enpresa espezializatu bati eskatuko dio azterlana egiteko, energia egoera aztertu eta hobetzeko xedez. Lankidetza-hitzarmenari esker, energia egoera aztertzearekin batera, energia modu eraginkorragoan kontsumitzeko eta aurrezteko bideak eta aukerak identifikatuko dira. Gainera, energia-iturri berriztagarrien ezarpena eta erabilera sustatuko da. Energiaren Euskal Erakundeak diruz lagunduko du azterlana, Euskal Autonomia Erkidegoan energia-eraginkortasuna hobetzeari begira, EEE-IDAE hitzarmenaren barruan.

Fuente: Irekia - Gobierno Vasco



Energia sistema eraginkorrak ezartzeko eta energia berriztagarrien aprobetxamendua sustatzeko, Energiaren Euskal Erakundeak beste eragile batzuekin garatzen dituen lankidetza jarduera ugarien artean, osasun zentroekin aurrera daraman elkarlana lehentasunezkoa da, erakunde publiko horrek kudeatzen dituen zentroen ezaugarriengatik eta horietan energia aurrezteko dagoen ahalbidea edo potentzialagatik. Ildo horretatik, Gurutzetako Ospitalean ere energia egoeraz azterketa sakona egingo da. Hala, osasun zentroak, enpresa espezializatu batiez lagunduta, energia-kontsumo guztiak hobetzeko, aurrezteko bideak abiarazteko eta bertan erabil litezkeen energia-iturri berriztagarriak sustatzeko neurriak hartuko ditu.

Zehazki, egingo den ikerlan edo azterketa honako honetan datza:
-    Gurutzetako Ospitalean egungo energia egoeraz azterketa egitean.
-    Energiaren erosketa-prezioei buruzko ikerlana eta hobekuntzarako proposamenak egitean.
-    Energia aurrezteko ahalbidea kalkulatzean.
-    Baterako sorkuntza instalazio bat, edo, ahal dela, hiruko sorkuntza jartzeko bideragarritasun azterlan tekniko-ekonomikoa egitean. Era horretan, elektrizitate, bero eta hotza lortuko litzateke energia-iturri beretik abiatuta.

Egin nahi den azterketaren bidez, energia-fakturen nondik norakoa xehetasunez ezagutzeko parada izango da, bai gaur egungo baterako sorkuntza sistemei lotutako fakturak, bai ospitalean kontsumitzeko erosten diren gas natural eta elektrizitatearen fakturak. Horrezaz gain, ekipo kontsumitzaileek (lurrun-galdarek, argiztapen sistemek, aireztatze ekipoek, klimatizatzeko gailuek eta abar) nola kontsumitzen duten energia ere aztertuko da. Horren argitan eskuratuko diren balantzeen bitartez, aurrezteko ahalbidea edo potentziala kalkulatuko da.

Azken finean, aipagai dugun azterlan honen helburu nagusia da Gurutzetako Ospitaleko energia egoera sakon aztertzea, eta haren datu eta emaitzen argitan, neurri zuzentzaileak proposatzea zenbait esparrutan; adibidez, energia-galerak saihesteko, eraginkorrak ez diren kontsumoak ekiditeko. Hartara, Gurutzetako Ospitalean hornidura eraginkorragoa izateko, energia-kostuetan aurrezteko eta kontsumotik eratortzen diren emisioak gutxitzeko aukera izango dute.

Bestetik, osasun zentroko energia sistemaren barruan energia-iturri berriztagarriak erabiltzeko potentziala aztertuko da. Hala, energia elektrikoa ekoizteari begira, eguzki-plaka fotovoltaikoak jartzeko bideak eta aukerak aztertuko dira. Horrekin batera, ura berotzeko, eguzki-panel termikoak ipintzeko bideragarritasuna analizatuko da. Era horretan, horrelako sistemak jarriz gero, energia konbentzionalaren erabilera murriztu egingo da.

Convenio4