550 biltzarkide bertan izateak deialdiaren arrakasta uzten du agerian

Iragan urriaren 2an, Bilbon, Euskalduna jauregian, bi egunez, burututako Energia Zerbitzuen Kongresuaren III. edizioa amaitu zen. Oraingoan ere, egitarau bete-betea jorratu dute bertaratuek, hala nola energia zerbitzuen merkatua baldintzatzen duten faktoreak, merkatuan energiaren aurrezpena lortzeko eskura dauden teknologiak eta konponbideak, finantzatzeko egungo aukerak eta kasu praktiko interesgarriak zenbait alorretan, adibidez, udal, industria, bizitegi eta hirugarren arloan. Kongresuan 550 biltzarkide izan ziren; horien erdiak Euskaditik kanpo etorriak. Datu horrek agerian uzten du foro horren garrantzia ESE sektorearen barruan.
 
Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Pilar Urruticoecheak, AMI-ko presidente Eduardo Sánchez Tomék, ANESE-ko presidente Rafael Herrerok, A3e-ko presidente Manuel Sayaguések, batzorde antolatzaileko presidente Javier Izquierdok eta Editorial El Instalador-eko zuzendari nagusi Iñaki García-Ocejok parte hartzea izan zuen kongresuaren inaugurazioan, nabarmendu zen guztien aldetik energia zerbitzuen enpresen garrantzia, Euskadin hain beharrezkoa den energiaren aurrezpena lortze aldera. Era berean, negozio aukera berriak erakartzeari eta hazkundea zein enplegua sortzeari begira duen garrantzia ere azpimarratu zuten.

Kongresuak iraun zuen bi egunean, agerian geratu zen merkatua prest dagoela gure herrian bide berriak jorratzeko; izan ere, proiektu batzuen bideragarritasunaren inguruko adibide ugari erakutsi eta eman ziren. Bezeroari konfiantza transmititzea eta finantzatzeko lerroak ezartzea dira gakoak sektorearen behin betiko zabalkundea lortu ahal izateko.

2013ko ESE III. KONGRESUAREN ONDORIOAK

  • Kongresuak izandako arrakasta berrestea eta ospatzea. Aurreko bi edizioak maila handikoak izanik ere, oraingoan ere mailari eutsi zaio, bai parte hartzaile aldetik bai eduki aldetik. Horrek animo eta adore ematen digu laguntzen jarraitzeko, sektoreak aurrera egin dezan. 
  • ESE-bezero erlazioan konfiantza funtsezko faktorea da. Beraz, ESE ereduaren ezagutza maila hobetzea garrantzitsua da. Ilusioa saldu behar dugu, beti ere zintzotasunez jokatuz, aipatutako konfiantza lortzeko.
  • Udal eta erkidego mailan arrakastatsuak izan diren kasu batzuk ditugu, aurrezkiak lortu eta errentagarritasuna frogatu dituztenak. ESE ereduak funtzionatu egiten du, eta administrazioaren zeregina funtsezkoa da, jarraitu beharreko eredu den aldetik.
  • EEren zuzentarauaren kontrako botoa eman arren, haren eskakizunak betetzeko konpromiso sendoa du Gobernuak.
  • Hala ere, sektoreak kezka azaltzen du, energia sektorearen erreformak sortzen duen ziurgabetasunaren aurrean, energia eraginkortasunaren alorrean eta energia berriztagarrien garapenean izan dezakeen ondorio kaltegarriengatik. 
  • Fabrikatzaileek gero eta aurreratuagoak diren konponbide teknologikoak eskaintzeaz gain, irtenbide arinak eta aurrezkiak lortzeko bideak eskura jartzen dituzte bezeroen eskura. Hartara, ESEn lana erraztearekin batera, proiektuen arrakasta bermatzen da. 
  • Finantza erakundeek finantzatzeko bide egokiak eskaintzen dituzte; hala ere, egitasmoaren kalitateak pisuzko arrazoi nagusia izan behar du, enpresen kaudimenaren aldean.