Berriztagarriak eta kogenerazioa primen bitartez ordaintzeko formula desagertu egin da
-
Berriztagarrien ordainsaria % +- 1 da
-
Sistemaren kostuak 590-840 milioi euro murriztuko direla aurreikusten da.
Kontsumitzaile guztientzat sare elektrikorako sarbide-tarifei eustea onartu du gaur Industria Ministerioak. Otsailaren 16ko BOEn argitaratu zen Aginduan 2013ko urtarrilaren 1etik aplikatu beharreko sarbideagatiko bidesariak ezarri dira, baita erregimen bereziko instalazioen (berriztagarriak eta kogenerazioa) tarifak eta primak ere.
Kostuak aztertu ostean, Ministerioaren Aginduaren bitartez kontsumitzaile guztiontzat sare elektrikorako sarbideagatiko bidesarien prezioei eustea proposatu da, 2012ko apirilaren 1ean ezarritako prezioen mailara, eta hori positiboa da. Positiboa da bai industriarentzat, industria-sektorearen lehiakortasunari eusteko lagungarri den aldetik, baita etxeetako kontsumitzaileentzat ere. Bi sektore horietan, argindarraren fakturan kontzeptu horri dagokion zatia ez da garestituko gutxienez lehen hiruhileko honetan. Hain justu, Gobernuak behin eta berriz esan zuen ez zuela kontsumitzaile elektrikoen sarbideagatiko bidesariak garestitzeko asmorik, azken kontsumitzailearengan inpaktu oso handia izango lukeelako horrek eta, azken urteotan igoera oso handiak pairatu behar izan dituenez azken kontsumitzaileak, errenta erabilgarria eta lehiakortasuna are gehiago ahulduko liratekeelako bizi dugun beheraldi ekonomiko honetan.
Prima sistema desagertu da
Erregimen bereziko instalazioetarako tarifak eguneratzearen ondorioz, energia berriztagarrien eta kogenerazioaren batez besteko ordainsaria % 1eko jaitsieren eta igoeren artean dago.
Tarifa berriak kalkulatzeko, sistema elektrikoaren premiazko neurriei buruzko 2/2013 Errege Lege Dekretuaren bitartez ezarritako neurriek sistemaren kostuetan eragindako efektuak aintzat hartu ditu Ministerioak. Lehenik, KPIaren ordez (orain arte formula hori erabili izan da) honako hau ezarri da: zerga konstanteen gaineko KPIa, landu gabeko elikagairik eta produktu energetikorik gabe.
Bigarrenik, erregimen bereziko instalazioek sortutako energia saltzeko aukeran ere aldaketak izan dira; izan ere, ordainketa tarifa arautuaren formularen arabera egingo da, baldin eta instalazioaren titularrak merkatuko prezioa soilik jasotzea erabakitzen ez badu, primarik gabe. Erregimen bereziko instalazioen kasuan, orain arte, ordaintzeko bi sistemen artean hauta zezaketen: merkatuko prezioa gehi prima, edo tarifa arautua. Oro har, instalazioek urtero erabakitzen dute zer sistemaren eraginpean egon nahi duten. Neurri horren bitartez estimazioen hegakortasuna saihestu nahi da eta, beraz, baita kontzeptu horrengatiko kostuetan desbideratzeak izatea ere.
Alde batetik, primak zehazteko formula eguneratzearen ondorioz eta, bestetik, kogenerazioaren eta energia berriztagarrien kasuan, ordainsaria jasotzeko bide bakarra tarifa arautuaren bitartez izatearen ondorioz, Ministerioaren kalkuluen arabera, sistemaren kostuak 590-840 milioi euro murriztu dira eta, beraz, instalazio mota horien diru-sarrerak ere bai.
Grafikoa. Goi-tentsioko ATR 6.X sarbide-tarifen energia terminoaren hazkundearen bilakaera (industrialak)
Azkenik, otsailaren 15eko Ministroen Kontseiluan erabaki zenez, Gorte Nagusietara Lege Proiektu bat bidali da eta, horren bitartez, 2.200 milioi euroko ezohiko kreditu bat ezartzen da Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren aurrekontuan. Kreditu hori energia berriztagarrien primen zati bat finantzatzeko izango da eta, horri esker, 2013. urtean berriro ere tarifa-defizitik ez izatea lortu nahi da.