APPAko Itsas Ataleko presidente Roberto Legazen ustez
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapia buru zela inauguratu da gaur eguerdian "Sinaval Eurofishing 2013" azoka, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren izandako inaugurazio ekitaldian, sailburuarekin batera, itsas eta energia alorrean diharduten puntako enpresetako ordezkariak eta zuzendaritzetako kideak izan dira. Azoka hori eta itsas energia berriztagarrien inguruan den Bilbao Marine Energy Week Kongresua aldi berean egiten ari dira. Hain zuzen ere, Kongresu horren harira, APPA Energia Berriztagarrien Ekoizleen Elkarteko Itsas Atalak bere Batzar Nagusia burutu du Bilbon.
APPAko Itsas Ataleko presidente Roberto Legaz buru zela egin da batzarra, Bilbao Exhibition Centeren (BEC), eta bertan hartu du parte EEE Energiaren Euskal Erakundeak, anfitrioi moduan, elkartearen atal horretako bazkiderik zaharrenetarikoa dena. Batzarrean, atal hori osatzen duten hogeita lau enpresa eta erakundetako ordezkariek gogotik lan egin dute lan-ildoak zehaztu eta finkatzeko, Espainian itsas energien garapena gidatuko duten lan-ildoak, hain zuzen ere.
Aurrekoaz gain, itsas energiaren egungo egoera eta aurrera begira dituen erronka handiak ere jorratu dituzte, luze eta zabal jorratu ere. APPAko Itsas Ataleko presidente Roberto Legak positiboki baloratu du ikerkuntzan egindako ahalegina, eta hauxe erantsi du: “Industria Ministerioak sortu duen lege-esparrua edo ingurunea egokiena ez bada ere”.
Ildo horretatik, Legazek nabarmendu du I+G alorraren garrantzia eta hura garatzen jarraitzeko komenigarritasuna, Espainiarentzat etorkizuneko motorra izango dena; izan ere, “Industria, energia eta teknologia aldetik, aukera handiak eskaintzen ditu” eta horren aurrean “Espainiak ezin du galdu negozio egiteko aukera paregabe hori”.
Batzar Nagusiaren baterako jarduerak
2013ko apirilaren 15etik 19ra bitarteko astean, itsas energia gaiaren inguruan hainbat jardunaldi, mintegi eta jarduera egingo dira, EEE Energiaren Euskal Erakundeak eta TECNALIAk Bilboko Itsas Energiaren Astea antolatu baitute egun horietarako, Sinaval Eurofishing Azokarekin bat eginik.Azoka horretan, EEE Energiaren Euskal Erakundeak erakusmahai bat izango du olatuen energiaren ikerkuntza proiektu batez, Biscay Marine Energy Platform (bimep) izenekoaz. Haren lanak aurten amaituko dira, eta proba-gune horretatik pasa beharko dute teknologia flotagarria garatu nahi izango duten enpresa guztiek, olatuen bidezko energia sortzeko asmoz.
Bilboko Itsas Energiaren Astea dela eta, APPAko Itsas Ataleko kideak aukeraz baliatuko dira zenbait jardueratan parte hartzeko hiriburuan. Hala, saio tekniko batean, “EEA Grants: Energia berriztagarrien alorrari lotutako ikerkuntza eta garapena sustatzeko laguntzei buruzko jardunaldi informatiboan” parte hartuko du; eta bertan “Itsas energia arloan negozio estrategia” izeneko txostena aurkeztuko du. Centro para el Desarrollo Tecnólogico Industrial-ek (CDTI), Innovation Norway erakundearen laguntzarekin, antolatutako saio horren helburua da herrialdeen arteko harremanak sustatzea, 2009-2014 epealdirako, Espainiaren eta Norvegia, Islandia eta Liechenstein-ek osatutako taldearen artean sinatutako akordio esparruaren barruan.
Gainera, Plataforma Tecnológica Marítima Españolak (PTME) “Itsas Energia” izenpean antolatutako foroan ere parte hartuko du APPAko Itsas Atalak, plataforma horren itsas energien taldeko erakunde koordinatzaileetako bat den aldetik. Horrekin batera, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak (MINECO) antolatu duen jardunaldi batean, “Espainian itsas energiaren alorreko jarduerak koordinatzeko lan mahaia” deritzonean ere parte hartuko du.
BMEW Kongresuari lotutako jardueren barruan, apirilaren 17an, “Energia Ozeanikoaren Europako Elkartearen (EU-OEA) Bilkuran” ere izango da, Board of Directors-eko kidea baita APPA Marina. Era berean, “Bilbao Marine Energy Week (BMEW)” Kongresuak eolikoaz antolatutako jardunaldian parte hartuko dute, alor horretan eman diren berrikuntza eta aurrerapen guztiak jasotzeko xedez. Horretaz gain, APPAko presidente Roberto Legaz izango da moderatzailea Kongresuko jardunaldi batean, itsas energiari buruzko nazioarteko jardunaldia izenpean egingo denean, hain zuzen ere.
Euskadi eta itsas energiak
APPAko Itsas Ataleko presidenteak hauxe azpimarratu du Euskadiri buruz ”Espainiako itsas energiaren baliabide handiena duen aldeetariko bat da”. Aldi berean, “EEE Energiaren Euskal Erakundeak garatutako ekimen bikainak” nabarmendu ditu, “Biscay Marine Energy Platform (BIMEP)” eraikuntzari erreferentzia zuzena eginez, “Estatuan prototipoak probatzeko zentro teknologiko nagusiena izango dena”. Bizkaiko Armintza herriaren kostaldearen aurrean, itsaso zabalean, kokatuko den plataforma horrek 20 MW-eko sorkuntza ahalmena izango du, eta bertan olatuen bihurgailuak probatzeko eta erakusteko parada izango dute alor horretan diharduten enpresek.
Euskadin bada ere, zehazki Mutrikun, Espainian lehen planta olatuen energia aprobetxatzen duena energia elektrikoa sortzeko. 2011ko uztailean inauguratu zen planta horrek ur-zutabe kulunkaria (OWC siglekin ezaguna ingelesez) teknologia erabiltzen du, eta 300 kW-eko potentzia instalatua dago, bertan dauden 16 turbinen bidez.
APPA Itsas Atala, 24 bazkidez osatutako atal hau 2006. urtean eratu zen eta Espainian industria alorra bildu eta teknologia horren garapenaren alde lan egitea du helburu. Elkartean bilduta daude alor horretan diharduten Espainiako enpresa eta erakunde gehienak, eta, beraz, alorraren benetako ikuspegi globala emateko egoera ezin hobean dago. APPAko Itsas Ataleko kideen helburu nagusia, epe laburrean, esparru juridiko egoki bat sustatzea eta hari lotutako neurriko garapen teknologikoa bideratzea da; 2020. urtera begira, energia berriztagarrien ekoizpenean itsas energia ekarpena garrantzitsua izan dadin.
APPAri buruz.- Energia Berriztagarrien Ekoizleen Elkartea / Asociación de Productores de Energías Renovables (APPA), energia berriztagarrien alorrean erreferentziazko elkartea da Espainian. Elkartean 500 enpresa eta erakunde baino gehiago daude, eta era guztietako teknologia garbiak garatzen dituzte: bioerregaiak, biomasa, eolikoa, geotermia, hidraulikoa, itsas energia, minieolikoa, eguzki-energia fotovoltaikoa eta eguzki-energia termoelektrikoa.