Gasteizen, gaur, baterietan eta superkondentsadoreetan energia metatzeaz nazioarteko kongresua inauguratu da, eta mundu osoko 150 aditu bildu dira

•  Kongresua Gasteizko Villasuso jauregian, martxoaren 20tik 22ra bitartean izango da, eta energia iturri berriztagarriak hobeto aprobetxatzea ahalbidetuko duten metatze sistemez arituko dira puntako adituak 

•   Kongresua CIC EnergiGUNE Ikerketa Zentroak eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak antolatu dute

2012ko martxoaren 20a – Gaur goizean, baterietan eta superkondentsadoreetan energia metatzeaz nazioarteko lehen kongresua inauguratu dute Eusko Jaurlaritzako Planifikazioa eta Estrategia sailburuordeak, Pedro Gómez Damboreneak, CIC energiGUNEko presidente eta EEEko zuzendari nagusi José Ignacio Hormaechek eta CIC energiGUNEko zuzendari nagusi Jesús María Goirik. Haien mintzaldietan nabarmendu dute, besteak beste, energia metatze eraginkor eta errentagarriaren garrantzia, energia iturri berriztagarriak garatzeari begira. Horrekin batera, azpimarratu dute gai horrek dakarren hazkunde potentziala Euskadiko ekoizpen sektorearentzat eta enplegua sortze aldera.


Asteon, Gasteiz energia metatzearen inguruko eztabaida foro erreferente bilakatuko da. Izan ere, gaurdanik hasita eta hilaren 22a arte, Villasuso jauregian, energia metatzearen eraginkortasuna hobetzeko azken aurrerapenez eta materiak berriez mintzatuko dira hainbat aditu, “Power our future” izeneko kongresuan, CIC EnergiGUNEk antolatuta, baterietan eta superkondentsadoreetan energia metatzeaz nazioarteko lehen kongresuan, hain zuzen ere.

Gaur egun, CIC EnergiGUNEn zenbait ikerketa ildo garatzen ari dira baterien alorrean, aplikazio geldikorretarako zein mugikorretarako. Aplikazio geldikorrak, ibilgailu elektrikoarekin zerikusia duten aplikazioak baino ezezagunagoak badira ere, garrantzi handikoak dira, etengabe sortzen ez diren energiei, hau da, energia berriztagarriei, zentzu ekonomiko handiagoa ematen baitiete. Horretaz gain, energia banatzeko eta garraiatzeko sareetan kontzeptu berriak eratzea ere ahalbidetuko dute.

Egunero erabiltzen ditugun tresna askok bateriak erabiltzen dituzte, telefono mugikorrek, adibidez. Bestetik, energia ekarpena oso arin behar diren aplikazio guztietan kondentsadore elektrokimikoak erabiltzen dira; esate baterako, trenbidean (dieselezko lokomotorretan motorrak abiarazteko, trenetan eta tranbia elektrikoetan balaztatzearen energiaren birsortzean), automobiletan eta ibilgailu industrialetan (start-stop motorren abiaraztea, autobusen flotak eta abar), industria elektronikoan (makina-erremintarako abiadura-erregulatzaileak), igogailuetan balaztatzeko energia berreskuratzeko, etab.

Aplikazio horietaz gain, ikerketak ere garrantzi handia du; izan ere, hari lotutako etorkizuneko negozio potentziala 150.000 milioi eurotik gora da, DOE -ren datuen arabera. Ikerketa lan horiek zenbait aplikaziotan garatuko dira: mugikortasuna, ibilgailu elektrikoak, aplikazio geldikorrak, sare elektrikoarekin nahiz sorkuntza berriztagarriarekin zerikusia duten multimegawatteko bateria handiak, eta abar.

Aipatuta kongresuan hainbat gai jorratuko dira; esaterako, baterien eta kondentsadoreen diseinu berriak, material berrien erabilera, ioi-litioa, sodioa edo metal-airea kontzeptu aurreratuak, beste gai batzuen artean. Azken finean, energia metatzearen inguruko azken ikerketez mintzatuko dira.

Kongresu teknikoan, lehen txostena Michel Armand-ek aurkeztuko du, gai horretan munduko aditurik handienetakoa dena. Haren mintzaldia entzutera 150 ikerlari eta zientzialari inguru bertaratuko dira, gai horietan puntako ikerketak egiten ari diren AEB, Frantzia, Alemania, Suitza, Suedia eta Euskadiko ikerlariak.

Gaur egun, klima aldaketaz eta erregai fosilen izaera mugatua eta kutsatzaileaz dagoen eztabaidak are interesgarriagoa egiten du energia metatzearen inguruko gaia, gaurkotasun handikoa izateaz gain. Horrekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan potentzia elektronikoaren garapenari lotutako industriak duen garrantzia, sorkuntza termoelektrikoaren zentralen pisua eta energia sortzeko eta banatzeko industriaren munta kontuan hartuz, ageri-agerikoa da energiaren metatzeaz egin daitezkeen ikerketa lanak axola handikoa direla Euskadiko enpresa ehunarentzat.

Kongresu honen bidez, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak eratutako CIC EnergiGUNEk hauxe lortu nahi du: “Alor horretan erreferentziazko erakundea edo zentroa izateko jarrera sendotu, eta ikerketa esparru horrekin sinergia handiak dituen industria alorraren lehiakortasuna hobetu eta sendotu beharrari zuzendutako orientazioari eutsi”.

Nazioarteko lehen kongresu horrek Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila, EEE, Ormazabal, Bruker, Linseis, AEG Power Solutions, SPECs, Elur eta FEI-ren babesa du. Era berean, Gasteizko Udalaren laguntza du.

 

(1 ) “Energy Storage for the Electricity Grid: Benefits and Market Potential Assessment Guide” DOE's Energy Storage Systems Program and conducted by Jim Eyer and Garth Corey.