211 instalazio berri ezarri dira 2023. urtean, 22MW-ko potentziarekin

  • 4,96 M€-ko dirulaguntza jaso dute instalazio horiek Energiaren Euskal Erakundeak kudeatutako laguntza-programen barruan.

Energiaren Euskal Erakundeak instalazio berriztagarriei buruz egindako azken balantzearen arabera, energia elektrikoarekin lotutako bere premiak iturri berriztagarrien bidez hornitzeko euskal industriak instalatutako autokontsumorako eguzki-planta fotovoltaikoak nabarmen hazi dira 2023ko ekitaldian. Guztira, 211 eguzki-instalazio biltzen dituzte proiektuek, 22,11 MW-ko baterako potentziarekin, orain arte Euskadin martxan jarri den eguzki-parke handienarekin –Ekian parkearekin– alderatu daitekeena, 24 MW-ko potentzia sortzen baitu.
 
 
Azken urteetan inpaktu handiena izan duen produkzio-sektoreetako bat dugu industria, energia-kostuek izandako igoerarengatik. Autohornitzeko balio duten eguzki-panel fotovoltaikoak industria-eraikinen estalkietan instalatzeko aukera aprobetxagarria gero eta errealitate orokortuagoa da Euskadin, eguzki-planta garrantzitsuak baititugu jada Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 211 eguzki-instalazio industrial jarri dira martxan lurralde osoan, orain arteko zifra errekorra.
 
Guztira, 22,11 MW-ko potentzia elektrikoa. Nabarmentzekoa da, halaber, industria-instalazioak etxerako autokontsumoko instalazioak baino handiagoak direla eta, hori horrela, azken instalazio horiek ugariagoak badira ere, 2023. urtean Euskadin instalatutako potentzia fotovoltaiko berriaren ia % 50a hartzen dute instalazio industrialek. Horri esker, 0 km-ko energia-hornikuntza lortzen dute enpresek, jatorri berriztagarriko energia, prezio egonkor eta lehiakorrarekin, eta horrek bermatzen du industria  horiek merkatuetan abantailekin lehiatu ahal izatea energiaren kostuaren faktorean, eta horrek, halaber, enpresa horien eraginkortasuna eta jasangarritasuna bermatzen du epe luzera.
 
Lurralde Historikoen arabera, instalatutako industria-potentzia berriaren guztizkoaren % 20a dauka Arabak, Bizkaia du bere aurretik % 34arekin eta lehenik Gipuzkoa, Lurralde Historiko horrek instalatu baitu besteek baino industria-potentzia fotovoltaiko handiagoa, guztizkoaren % 46a, hain zuzen ere. 

 

  Proiektu kopurua Potentzia elektrikoa (MW)
Araba 51 4,383
Bizkaia 78 7,623
Gipuzkoa 82 10,106
Euskadi 211 22,111


Energia berriztagarrien aldeko apustua egiten duten industria-sektoreei dagokienez, makinen eta produktu eraldatu metalikoen industria-azpisektorea nabarmentzen da, 95 proiektu egin dituelako eta industrian instalatutako potentziaren % 43a izan delako (9,6 MW). Bestalde, siderurgia eta galdaketak, elikadurak, edariek eta gainerako industriak, baita kautxuaren eta materia plastikoen enpresek ere, 74 proiektu egin dituzte (9,8 MW), eta euskal industrian instalatutako potentziaren guztizkoaren % 44a hartzen dute.
 
Industria-autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaikoek hainbat dirulaguntza jasotzen dituzte, EEEk kudeatutakoak, eta % 30eko batez besteko balioa lortu dute eguzki-plantaren kostu hautagarriaren gain. 211 instalazio berriek 16,7 milioi euroko inbertsioa eragin dute, eta 4,96 milioi euroko dirulaguntza lortu dute.