- Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Euskadiko Klima eta Energiaren Astea bultzatu du Ihobe eta EEE erakunde publikoen bidez. Aurtengo ekitaldian 279 jarduera antolatu dira aldaketa klimatikoa eta trantsizio energetikoa herritarren agendan txertatzeko
- ASTEKLIMA Azoka ibiltaria EAEko 9 udalerritan izan da (Bilbo, Donostia, Gasteiz, Bermeo, Trapagaran, Bakio, Irun, Zarautz eta Azpeitia). Aurtengo jardueretara klima aldaketaren aurrean ohiturak moldatzeko konpromisoa hartu duten herritar ugari bildu dira
- ASTEKLIMA 2023 ekitaldian Ihobek KLIMAMETRAJE gazteentzako film oso laburren lehiaketaren bigarren edizioa abiarazi du. Lehiaketa honen helburua da ikus-entzunezkoen arloko egile gazte talentudunak saritzea, klima-aldaketaren inguruko erronkei ekiteko, edukiko duen eragina murrizteko eta sortuko dituen ondorioetara ahalik ondoen moldatzeko
ASTEKLIMA, Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen bosgarren edizioan 279 jarduera antolatu dira irailaren 22tik urriaren 1era bitartean herritarrei ohartarazteko ezinbestekoa dela trantsizio energetikoa eta klimatikoa egitea. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Ihobe eta EVE erakunde publikoen bidez bultzatutako ekimen honek toki erakundeei eta herritarrei ohartarazi die oso garrantzitsua dela aldaketa klimatikoaren eta trantsizio energetikoaren erronkei aurre egitea.
56 udalek, 4 mankomunitatek eta 3 kuadrillak hartu dute parte (guztira, 935.665 biztanle), eta hogei bat erakunde publiko eta pribatuk lagundu dute. Herritarrek ongi erantzun die ‘Ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da’ leloarekin egindako deialdiei. Hain zuzen ere, jarduera ugari antolatu dira (tailerrak, hitzaldiak, interpretazio-txangoak, ipuin-kontalariak, jokoak) eta haiei esker herritarrek ikasi dute zein garrantzitsua den norbera bizi den tokitik aurre egitea aldaketa klimatikoaren erronkari.
Lurraldeka, Bizkaiko 21 udal eta Nerbioi-Ibaizabaleko Mankomunitatea izan dira, Arabako 19 udal eta hiru administrazio batzar (Aiarako Kuadrilla, Gorbeialdeko Kuadrilla eta Añanako Kuadrilla) eta Gipuzkoako 16 udal eta Tolosaldea Garatzen, Urola Garaiko Garapenerako Agentzia eta Sasieta Mankomunitatea eskualde-erakundeak. Udalek eta eskualdeetako erakundeek egindako jardueren bidez herritarrek aldaketa klimatikoaren ondoriozko erronken berri jakin ahal izan dute, eta ohartu dira oso garrantzitsua dela norbera bizi den tokitik jardutea gaur egungo eta etorkizuneko klima-erronkei eta energia-erronkei aurre egiteko.
Udalerrietan eta eskualdeetan honako jarduera hauek egin dira: 33 hitzaldi eta jardunaldi, 78 tailer eta erakusketa, 19 ipuin-kontaketa, 18 antzerki-emanaldi, 20 bisita eta txango, 11 zinema-emanaldi, 3 bideo eta argazki lehiaketa, eta bestelako 43 ekitaldi. Gainera, beste eragile publiko eta pribatu batzuek bisita gidatuak, hitzaldiak, antzerki-emanaldiak eta escape room esperientziak antolatu dituzte Euskadiko Klima eta Energiaren Astean.
ASTEKLIMA Azokara 1.700 pertsona bildu dira.
Gainera, ASTEKLIMAren bosgarren edizioan ekitaldi berezia egon da: ASTEKLIMA Azoka. Azoka ibiltari hau EAEko 9 udalerritan izan da (Bilbo, Donostia, Gasteiz, Bermeo, Trapagaran, Bakio, Irun, Zarautz eta Azpeitia). Bertara bildu diren pertsonek (1.700 baino gehiago) hainbat gauza ikasi dituzte aldaketa klimatikoaz eta horren aurka jardun beharraz (zer egin daitekeen norberaren etxean, garraioan, aisialdian eta kontsumoa), LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaz eta aldatzeko ekintzekiko konpromisoaz.
Ihobek, EEEk, Udalsarea 2030ek, Ekoetxeak eta Urban Klima 2050 proiektuak azoka hau antolatu dute herritarrei ohartarazteko aldaketa klimatikoaren aurka jardun behar dela. Ekitaldiaren izpirituak luze iraungo du bizirik. Aplikazio mugikor bat sortu da nahi duten pertsonei beren ohiturak aldatzen laguntzeko datozen asteetan. Erronka honi eta aplikazioaren instalazioari buruzko informazioa hemen aztertu daiteke: www.asteklima.eus/bateginklima-erronkarekin.
Irekita dago “KLIMAMETRAJE” lehiaketarako lanak aurkezteko epealdia
ASTEKLIMA 2023 ekitaldian Ihobek KLIMAMETRAJE gazteentzako film oso laburren lehiaketaren bigarren edizioa aurkeztu du. ‘Ekintza klimatikoa. Zer ekintza egin ditzakegu klima aldaketari aurre egiteko?’ gai hartuta, lehiaketan aintzat hartuko da klima-aldaketaren inguruko erronkei ekiteko, edukiko duen eragina murrizteko eta sortuko dituen ondorioetara ahalik ondoen moldatzeko mezuak txertatzea.
Lehiaketaren muina da teknologia berrien bidez ikus-entzunezkoen sorkuntza hedatzea, arlo honetako sortzaile gazteen talentuari esker herritarrak aldaketa klimatikoaren larrialdiari eta horren inguruko ekintzei buruz kontzientziatzeko eta mobilizatzeko modu berriak aurkitzeko.
KLIMAMETRAJE Euskal Autonomia Erkidegoan bizi direla ikus-entzunezko eta ingurumeneko ezagutzak edo kezkak dituzten 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzat da.
Epaimahaiak 1.500 euroko saria emango dio film oso labur onenari. Era berean, publikoaren saria ere emango da: 5 VIP sarrera BBK Live 2024 jaialdirako.
Parte hartzeko epealdia hasita dago eta urriaren 31ra arte luzatuko da. Informazio guztia hemen: www.asteklima.eus/klimametraje.