2011ko maiatzaren 20a - Bernabé Undak, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu eta EEEko presidenteak, eta Iñaki Arriolak,  Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburu eta ETSko presidenteak Euskal Erkide Autonomoko trenbide-instalazioaren energia-eraginkortasuna hobetzeko hitzarmena sinatu dute gaur Donostian.

Energiaren Euskal Erakundeak (EEEk) eta Euskal Trenbide Sarea-Red Ferroviaria Vasca sozietateak (ETSk), elkarrekin jardungo dute trenbide-sisteman aplikatzekoak diren energia-iturrien eraginkortasuna hobetzeko eta erabilera optimizatzeko programak analizatu, aztertu, aholkatu eta garatzeko prozesu osoan, hasi proiektua eta planifikazioa egiten denetik eta ustiapenera arte.

Azken finean, Jaurlaritzaren helburua da trenbide-azpiegiturek energia gutxiago kontsumitzea, eta energia-iturri berriztagarriak erabiliz -plaka fotovoltaiko eta bestelakoekin-, argindarra sortzeko instalazioak jartzea.

Azpimarratzekoak dira, halaber, hitzarmenaren beste helburu batzuk: geltokietako eta trenen barruko argien energia-eraginkortasuna hobetzea; tailer eta kotxetegi berrien teilatuak aprobetxatzea, energia berriztagarria sortzeko -esate baterako plaka fotovoltaikoak jarriko dira eguzki-energia lortzeko-; ETSk eraikitzen dituen instalazio berriak energiaren ikuspegitik hobeto diseinatzea; ETSren obra handietarako, energiaren ikuspegitik konponbide egokiena zein den bilatzen ahalegintzea; eta EEEren aholkularitza izatea, energiaren eraginkortasuna hobetzeko eta energia berriztagarrien instalazioak jartzeko proiektuetarako laguntzak lortu ahal izateko.