Arantza Tapia sailburuak ekonomia suspertzeko lehiakortasun eredu berria aurkeztu du
Iragan otsailaren 8an, Eusko Legebiltzarreko batzordean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapiak bere sailaren lan ildo nagusiak aurkeztu zituen. Helburu nagusia ekonomia suspertzea da, hau da, enplegua eta aberastasuna sortzea, eta horretarako, lehentasuna izango da enpresen lehiakortasunean eta nazioartekotzean sakontzea. Horrekin batera, garrantzi handikoa da 2020ko Euskadiko Energia Estrategiaren energia arlo berritzaileen garapen teknologikoa eta industriala. Horixe da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak bultzatu nahi duen energia politikaren ardatz nagusienetarikoa.
Horiek horrela, puntako enpresen eskutik aurrera eraman nahi den jarduera teknologiko eta industrialaren lehentasunezko alorrak hiru hauek izango dira: Offshore, sare elektriko adimendunak eta energiaren metatzea. Horretaz gain, energiaren aurrezpen eta eraginkortasunari lotutako jarduerak eta EEEren bidez egingo diren hornidura azpiegituren garapena izango dira beste lan ildo nagusi batzuk.
Oro har, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren estrategia berriak egoera ekonomiko zailari erantzun nahi dio; izan ere, krisi ekonomikoak eskatzen du politika berritzaileak eta ezberdinak garatzea. Horretarako, lehiakortasun eredu berriak sustatu eta baliatu nahi ditu autogobernuak eskaintzen dituen aukera guztiak, eta hartara, euskal industriaren lehiakortasuna hobetzea, finantzaketarako bide berriak eskaintzea enpresei, sinergiak sortzeko jarduerak klusterizatzea eta lankidetza publiko-pribatua areagotzea.
Garatuko den politika hori, funtsean, jarduera ekonomiko guztien zeharkako ikuspegi ekonomiko batetik egin nahi da; finantzaketan eta sektore industrialen lehiakortasunaren hobekuntzan arreta berria jarriz. Enpresen berrikuntza eta nazioartekotze politikak lagundu eta sustatzearekin batera, hazteko potentzial handia duten alor berriak dibertsifikatzeko ahalegin berezia egingo da, hala nola ekonomia berdea deritzona, energia eta hiri adimendunak, besteak beste.
Industria sustatzeari begira aurreikusten diren jardueren artean, euskal enpresek eta negozioek kreditua lortzeko duten arazoei aurre egiteko laguntza finantzarioa emateaz gain, garrantzi handikoa da 3E2020 Euskadiko Energia Estrategiaren garapena; batez ere, goraka ari diren energia alorren garapen teknologiko eta industrialari dagokionez.