FEDARENE osatzen duten  65 agentzien artean egindako bozketan aukeratu zuten eta Zuzendaritza Batzordeak berretsi zuen

•    Europako beste 5 agentziarekin batera, EEEk eratu zuen FEDARENE 1990. urtean. Europar Batasuneko 15 herrialdetako 65 agentziak osatzen dute elkartea.
•    Elkartearen helburuak dira agentzien eta eskualdeen arteko lankidetza sustatzea eta Europako erakundeen aurrean eskualdeetako energia politiken alde egitea.
•    Hormaechek EEEren gaitasun eta ahalmen teknikoaz gain, aurrean dituen erronkei aurre egiteko konpromiso pertsonala ere eskaintzen du.

Bilbo, 2012ko apirilaren 27a. FEDARENEko (Europako Eskualdeetako Energia Agentzien Elkartea) Zuzendaritza Batzordeak berretsi egin du Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusi José Ignacio Hormaecheren izendapena, 2012ko apirilaren 26an, Errumaniako Prahova eskualdeko Ploiesti hirian egindako bilkuran, eta, beraz, FEDARENEko presidentea izango da aurrerantzean.


José Ignacio Hormaeche, EEEko zuzendari nagusia eta FEDARENEko presidenteFEDARENE osatzen duten 65 agentzien artean egindako bozketaren ondoren, Hormaeche presidente berriak eskertu zuen bere hautagaitzan jarritako konfiantza eta hein handi batean, konfiantza hori Eusko Jaurlaritzako energia agentzia den EEEren prestigioari zor zitzaiola adierazi zuen: “30 urteko ibilbidea duen agentzia erreferentea denez, Europako energia politiken hiru helburu nagusien zerbitzuan aritutakoa, hau da, horniduraren segurtasuna, lehiakortasuna eta iraunkortasuna”. Halaber, hauxe gehitu zuen: “FEDARENEn dauden agentzien interes komunak eta proposamenak defendatzeko asmo sendo dut, eta Europan jarduera gehiago garatzeko eta erabakigunetan presentzia handiagoa izateko urratsak emango ditut”. Horretarako, eta aurrerantzean izango dituen bestelako erronkei aurre egiteko, EEEren gaitasun teknikoa eta haren konpromiso pertsonala eskaini zituen. Aldi berean, Prahova eskualdeko Kontseiluak eta FEDARENEk energia eraginkortasunaz antolatutako konferentzia batean parte hartu zuen Hormaechek, gai horretaz txosten bat aurkeztuz.
 
FEDARENE (European  Federation of Regions and Agencies for energy and the environment) Europako eskualdeetako energia agentzien elkartea da, eta Europar Batasuneko 15 herrialdetako 65 agentziak osatzen dute. Tamaina eta jarduerari dagokionez, nabarmentzekoak dira Frantziako Ile de France (Paris kokatzen den eskualdekoa) eta Rhône-Alpes (Lyonen hiriburukoa), Berlingoa, Italiako Milanen dagoena eta Liguriakoa (Genovan hiriburua duena), Upper-Austria edo Belgikako Valonia eskualdekoa, besteak beste. EEE izan zen, Europako eskualde, probintzia eta erkidegoetako gobernuen beste 5 agentziarekin batera, FEDARENEren sortzaileetako bat, 1990. urtean. Eraketan honako helburu bikoitza ezarri zioten elkarteari: alde batetik, agentzien eta eskualdeen artean esperientzien trukaketa eta lankidetza sustatzea; eta bestetik, Europako erakundeen aurrean eskualdeetako energia politikak aurkeztu, ordezkatu eta defendatzea, batez ere Europar Batasuneko instituzioen aurrean. FEDARENE eratu zenetik, EEEk beti hartu du parte Zuzendaritza Batzordean eta hari lotutako zenbait lan taldetan. Lehengo presidenteak, Frantziako Provence Alpes Côte d´Azur eskualdeko Ekonomia kontseilari Jean Louis Josephek, kargua utzi ondoren, elkarteko kideek José Ignacio Hormaeche hautatu dute presidente, eta 4 urtez arituko da karguan.


José Ignacio Hormaeche 2006ko otsailean izendatu zuten EEEko kontseilari zuzendari nagusi, aurretiaz ibilbide profesionala industria alorrean garatu zuen. 1998tik 2006ra, GAMESA taldean zenbait kargutan jardun ondoren, 2004an, Gamesa Eólica-ko Eragiketa Zuzendaritzako buru hautatu zuten. Lehenago, Coinpasa taldeko Marketing zuzendaria izan zen, eta Robotiker Zentro Teknologikoan zuzendariorde nagusia. Hormaeche Bide ingeniaria da, Madrileko Unibertsitate Politeknikoan eskuratutako titulazioa, eta Enpresen Zuzendaritzan (INSIDE) masterra egin zuen Deustuko Unibertsitatean.