• Garraio alorrean gasa sustatzen duen GASNAM elkartearen urteko hitzorduan, Madrilen, agerian geratu da energia horrek eskaintzen dituen irtenbide ugariak, karbonorik gabeko ereduaren bidean dabilen mugikortasunari begira. 

Iñigo Ansola  Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak parte hartu du gaur goizean, La Nave-n (Madril), Gasnamen kongresuan, garraioari lotutako gasaren alorreko eragile nagusiak biltzen dituen urteroko ekitaldian. Haren mintzaldia, nagusiki, gas naturalaren erabileraz izan da, itsas arloan erregai alternatibo moduan; izan ere, alor horretan eragin handia izan zuen Oizmendi izeneko ontziaren eragiketa:  lehen ship to ship deritzona (itsasontzitik itsasontzira) Europako hegoalde osoan, Bilboko portuan merkantzia-ontzi batera. “Gasa da Euskadik hautatu duen alternatiba, trantsizioari begirako energia garbiago den aldetik, eta datuek argi eta garbi azaltzen dute haren ahalmena edo potentziala garraioaren alorrean. Horren erakusle da Oizmendi, itsas garraioan aprobetxatu behar dugun garapen ikusgarriaren adibide nabarmena, Europako iparraldean errealitate bat denari so eginez”.

Oizmendi ontziaren egokitzapena, energia iturri horren bidez mugitzen diren ontziei gasa  emateko dena, lankidetza publiko-pribatuari esker burutu zen, EEEk gidatutako Itsas Gas elkartearen sorrerarekin,  Remolcadores Ibaizabal-en eta Murueta ontzi-enpresaren parte hartzearekin. Oizmendi egitasmoa, era berean, Core LNGas hive izeneko europar proiektuaren barruan dago (Espainiako penintsulan Enagás da arduradun nagusia), Europar Batasunak, alternatiba gisa itsas alorrean, gasaren erabilera sustatzeari begira eratutako plataforma handia.

Ansolaren parte hartzean, datu adierazgarri bat eman du, ibilgailu konbentzionaletan ere gasa alternatiba moduan sendotzen ari dela agerian uzten duena: “Abian jarri dugun ibilgailuentzako diru laguntzen planaren barruan, Gas Natural Likidotuaz (GNL) baliatzen diren ibilgailuak hirugarrenak dira eskaerei dagokienez, gasolina eta diesela erabiltzen dituzten automobilen espedienteen ondoren”.