CIC EnergiGUNE haren aplikazioak energiaren metatzean aztertzen ari da

CIC energiGUNE Ikerketa Zentro Korporatiboa, Arabako Parke Teknologikoan egoitza duena, energiaren alorrean grafenoaren aplikazio teknologikoak ikertzen ari den nazioarteko partzuergo batean ari da lanean. Hain zuzen ere, Europar Batasunak lehentasunezko materialtzat jo du grafenoa, teknologia berriak garatzeari begira. Graphene Flagship izeneko proiektuak Europa osoko 126 ikerkuntza talde biltzen ditu, eta lehen 30 hilabeterako 54 milioi euroko aurrekontua du proiektua garatzeko.

Graphene Flagship proiektuaren azken helburua grafenoaren inguruko ikerketetan sakontzea da, laborategietatik harago joan ahal izateko eta lehenbailehen produktu teknologiko berritzaileak edo iraultzaileak lortzeko, gizartearentzat erabilgarritasun handikoak izango direnak, izango dituzten aplikazioengatik zein industria batzuk suspertu eta dinamizatzeko baliagarriak izateagatik, Europan hazkunde ekonomikoa eta enplegua sortzea ekarriko dutenak. Proiektuaren lehen hilabeteetatik harago, aurreikuspenen arabera, 10 urtean 1.000 milioi euroko inbertsioak egingo dira Europa osoan.

Aipatutako proiektuan CIC energiGUNE bi ikerkuntza lerro garatzen ari da, grafenoaren aplikazio teknologikoak jorratzeko eta zabaltzeko energiaren alorrean. Zehazki, CICen super-kondentsadoreak aztertu eta ikertuko dituzte, hau da, grafenoz gaineztatutako elektrodoak, energia elektrokimikoa metatzen duten potentzia eta energia dentsitate handiko gailuetarako. Bestetik, Li-ionezko bateriak ikertuko ditu, karbonozko material berrien inguruan zenbait proba eginez, adibidez, material horien karga, iraunkortasun eta egonkortasunari lotutako probak. Azken lan talde honetan, Graphenea euskal enpresak ere parte hartuko du, presentzia esanguratsua izango duena.

Grafeno materiala, funtsean, karbono-atomozko geruza batez osatutako xafla egitura zapal bat da, ezaugarri berezi eta bakarrak dituena, elektronikan sarri askotan erabiltzen den silizioarenak baino egokiagoak direnak. Ezaugarri horiek direla eta, oso aplikagarria izan daiteke zenbait alorretan, hala nola komunikazioetan, garraioan eta energian. Adibide gisa, aplikagarriak izan daitezkeen garapen teknologikoak hauexek dira: abiadura handiko gailu elektronikoak eta optikoak; gailu elektroniko malguak, paper elektronikoa, kasu; osagai arinak abiazio alorrean, energiaren aurrezpen handia ekarriko dutenak; eta energiaren arloan ahalmen handiko eta pisu gutxiko bateria aurreratuen garapena. Etorkizunean, medikuntzan ere erabilgarria izango dela espero da, erretina artifizialak egiteko, esate baterako. 
Graphene Flagship partzuergoan 126 ikerketa taldek hartzen dute parte, unibertsitate eta industria esparruetan diharduten pertsonez osatuak, Europan, orain arte, ikerkuntza alorrean garatutako ekimen koordinatu handienetarikoa dena.  Europako 17 herrialdetako ikerlariak edo parte hartzaileak daude, eta guztira 54 milioi euroko aurrekontua dute lehen 30 hilabeterako. Aurrerago, proiektuan 20 edo 30 lan talde gehiago izango direla aurreikusten da, grafenoari aplikagarria izan dakiokeen ingeniaritzan arituko direnak, bai grafenoaren ekoizpenari lotutakoak, proiektuaren lehentasun nagusienetako bat dena, bai material berri horren garapen eta aplikazio teknologikoen ingurukoak.