Kirol Busean Elkarrekin (KBE), Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) babesten duen proiektuak, mugikortasun jasangarriaren alorrean saria eskuratu zuen A Coruñan ospatu ziren estatu mailako EnerAgen Energia Sarien hamaikagarren edizioan. Gaur goizean Koldo Mitxelena Kulturuneko areto nagusian egindako aurkezpenean Gipuzkoako zazpi kirol elkartetan martxan jarri duten mugikortasuna kudeatzeko eredu aitzindariaren berri eman dute. 

Kirol Busean Elkarrekin, Energiaren Euskal Erakudeak (EEE) babesten duen proiektuak, ohorezko aipamena jaso du estatu mailako EnerAgen Energia Sarietan. EnerAgen  Energia Kudeatzeko Espainiako Agentzien Elkarteak banatzen dituen sariak dira eta, energia berriztagarrien zein energiaren erabilera eraginkorra sustatzeko jarduera onenak aitortzen dituzte.    
 
El Pazo de Mariñanen, Bergondon (A Coruña), ospatu dute aurtengo edizioa, hamaikagarrena. Orotara, 33 hautagaitza aurkeztu dira eta horietatik guztietatik zazpik jaso dute aitorpenen bat, artean Kirol Busean Elkarrekin. “Albiste oso ona da gure proiektuak estatu mailako aitortza bat jasotzea mugikortasun jasangarria sustatzeagatik. 2015. urtean hasi ginen kudeaketa eredu honekin lanean eta proiektu bideragarria izateaz gain balio erantsi handia eskaintzen du. Gure ereduak alor ekonomikoan, sozialean eta  ingurumenean onurak sortzen ditu. Gizarte alorreko abantailen artean garraio kolektiboa erabiltzeak eskaintzen duen erosotasuna eta segurtasuna nabarmendu behar dira, auto partikularrez egiten diren joan-etorriekin alderatuta”, azaldu dute Kirol Busean Elkarrekin proiektuko kideek. “KBEk elkarlana du oinarri. Kirol Busean Elkarrekin ez da garraio enpresa bat; elkarlanaren bitartez kirol elkarte ezberdinen garraio beharrak kudeatzen dituen elkartea da”, nabarmendu du. 
 
Kirol modalidade ezberdinak barne hartzen dituzten kirol elkarteen mugikortasunaren antolaketan eta kudeaketan sakontzea beharrezkoa da, kontuan izanik alor horrek egun dituen ezaugarriak. “Iraila eta ekaina artean 500-700 talde mugitzen dira alde batetik bestera astebururo. Taldeen %70 inguruk auto partikularretan egin ohi ditu joan-etorriak. Partiduak, oro har, asteburutan jokatzen dituzte taldeek Gipuzkoan barrena kokalekua duten 100 kirol instalazio baina gehiagotan. Leku batetik bestera mugitzen diren pertsonen gehiengoa adin txikikoak dira. Garraio publikoaren sareak ez ditu asetzen kirol elkarteek mugitzeko dituzten beharrak. Hori guztia kontuan izanik, beharrezkoa zen garraio publikoaren ereduaren inguruan hausnarketa egitea. Hazi horretatik erein da Kirol Busean Elkarrekin”, argitu dute.
 
Energiaren Euskal Erakundearentzat mugikortasun arloan egiten den energiaren kudeaketa garrantzitsua da, izan ere, “ibilbide eta garraio kolektiboa sustatzen dituzten kudeaketa eredu berriak” energia aurreztea ahalbidetzen dute, ziurtatu du Iñigo Ansola, EEEko zuzendari nagusiak. Hori horrela, “gure laguntzak kostu energetikoak murrizten dituzten formulak babesten dituzte”. 
 
Eredu aitzindaria
Kirol Busean Elkarrekin 2015/2016 denboraldian jarri zen martxan. Artean, ordea, Zarautz Kirol Elkartea esperimentazio lanetan murgildu zen hainbat denboralditan, saskibaloi taldeekin lehenik eta elkarteko gainerako kirol sailekin ondoren. Eredua egokia zela ikusita egitura sendoago bat eratzeko lanean barneratu ziren eta Kirol Busean Elkarrekin sortu zuten. 
 
“Nola mugitu gaitezke garraio kolektiboan arrazoizko gastuak guregain hartuta? Ibilgailu bera partekatzeko aukerarik badago? Asteburuko mugikortasun beharrak asetzen dituzten ibilbide espezifikoak sortuta zertan aurreztu genezake? Eta kirol ezberdinak elkarlanean aritzen bagara? Eta herri ezberdinetako kluben artean?”, horiek dira Zarautz Kirol Elkarteko saskibaloi sailak bere buruari egiten zizkion galderak 2010. urtean, ekarri du gogora Dan Lertxundik, Zarautz Kirol Elkarteko saskibaloi saileko lehendakariak eta Kirol Busean Elkarrekin proiektuko kideak. 
 
Galdera horiek sortzen duten hausnarketatik abiatuta KBEk kirol arloko mugikortasunak dituen beharrak kudeatzeko modua birplanteatu du. Eskarien araberako ibilbideak sortzen dituzte astebururo. “KBEk eskatu ahalako garraioaren aldeko apustua egiten du. Eredu honek kirol elkarteek astebururo dituzten mugikortasun beharrak asetzea ahalbidetzen du. Astero ibilbide espezifikoak sortzen ditugu bus pooling-aren eta bus sharing-arenbitartez,” gehitu dute.
 
Kirol Busean Elkarrekin kirol modalidade ezberdinak (saskibaloia, eskubaloia, futbola, eta areto futbola) barne hartzen dituzten zazpi kirol elkartek osatutako elkartea da. Kirol elkarte horiek Gipuzkoako bost herri ezberdinetakoak dira (Legazpi, Orio, Urretxu, Zarautz eta Zumarraga): Andraitz KE, Goierri KE, Ilintxa SD, La Salle Legazpi, Urola EK, Urola KE eta Zarautz KE. “Zerbitzua eskaintzen diguten hornitzaileei eskerrak eman nahi dizkiegu, izan ere, beraiei esker lau urte hauetan zehar sortu diren arazo ezberdinei aurre egin ahal izan diegu. Apaolaza, Goierribus eta Ulaciarekin egiten dugu lan eta Urpa ere orain gutxi batu da KBEra hornitzaile gisa”.
 
Emaitza bikainak
Hiru denboraldiren ondoren KBE lortzen ari den emaitzak bikainak dira. KBE erabilita %45 erregai aurrezten da eta, ondorioz, alor ekonomikoan eragin positiboa du horrek. KBEren erabiltzaile diren kirol elkarteak oso gustura daude eredu honekin. EEEak egindako azterketa teknikoek erregai kopuru handiak aurrezten direla baieztatzen dute; orotara 64,16 petrolio tona aurrezten dira urtero. Halaber, errepideetan hartzen diren arriskuak gutxitu dira, izan ere, kirol elkarteek egiten dituzten joan-etorrietan 8.000 auto gutxiago barneratzen dira errepideetan. 
 
2018. urtean 82 jardunalditan, 141 talde mugitu ditu KBEk, orotara 33.320 pertsona. “Kirolariak, entrenatzaileak, ordezkariak, laguntzaileak eta gurasoak dira eredu honen onuradun. 3.500 pertsona inguruk erabili ohi du erregulartasunez zerbitzua”. 
 
KBE Zabaltzen 
Kirol Busean Elkarrekin mugikortasuna kudeatzeko ereduak funtzionatzen du. Arrakastatsua izateaz gain, proiektua hedatu daiteke. Dena den, funtsezko faktore batek baldintzatzen du zabalkunde hori, izan ere, prozesuen gehiengoa eskuz egiten da. Ondorioz, KBE ez zen gai talde gehiagoren beharrei erantzuna emateko. 
 
Egoera honen aurrean, 2018. urtean zehar, KBEk, EEErekin elkarlanean, prozesuak automatizatzea ahalbidetzen duen tresna multzoa garatu du asteroko ibilbideen sorkuntzarako. Erreminta hauek pertsona bakarraren know howmendekotasuna gaintzea, ereduaren jasangarritasuna ziurtatzea eta zerbitzua talde gehiagori eskaintzeko ahalmena izatea bermatzen dute. “Lehiaketen datuak jasotzen dituen API-a, ibilbideak sortzeko web plataforma eta ibilbideen jarraipena egiteko APP-ak Kirol Busean Elkarrekin Zabaltzen proiektuaren oinarrian bilakatu dira”, argitu dute.
 
Energiaren Euskal Erakundeak, Garraio Efizientea programaren bitartez, proiektuaren kostu totalaren %45eko laguntza esleitu dio, 45.850€, garraioaren sektorea jasangarriago egin eta egitasmoak duen izaera berritzaileagatik. 
 
“Helburu nagusia orain artean eskuz egiten ziren lanak automatizatzea izan da eta, modu honetan, errazagoa da partiduen inguruko informazioa jasotzea, talde bakoitzak behar dituen zerbitzuen kalkulua egitea eta autobusen ibilbideak sortzea. Informazioa sarean dauden iturri ezberdinen bidez jasotzen da: partiduen agendak eta ibilbideen distantziak eta denborak kalkulatzea ahalbidetzen duten mapak. Bestetik, ibilbideak konfiguratzeko panelek zerbitzuaren konbinazio posible guztiak jakitea eskaintzen dute eta, aldi berean, autobusei zerbitzuak esleitzen zaizkie, bateragarritasuna kontuan hartuta. Bateraezin diren zerbitzuak alarma bidez nabarmentzen dira”, azaldu du Iban Agirre Akting-eko Project Manager-ak. 
 
“Hortik abiatuta, azken urratsa aplikazio bat garatzea izan da. APP-ak prozesuan zehar parte hartzen duten aktore guztiei  beren beharren araberako informazioaren kontsulta egitea ahalbidetzen die. Taldeen arduradunek beren zerbitzuen ordutegiak ikus ditzakete eta autobus gidariek beren ibilbideak. Horrez gain, beren artean harremanetan jartzeko behar dituzten baliabideak jartzen zaizkie eskuragarri”, gehitu du. 
 
KBE Zabaltzen proiektuak 500 talde baino gehiagori zerbitzua ematea ahalbidetuko dio KBEri. Hori izango da KBEk datozen denboralditan aurre egingo duen erronka eta horretarako, bazkide eta hornitzaile berriak sartu eta sortzen diren beharrei erantzuteko azpiegituran beharrezkoak diren moldaketak egingo dituzte. “Gure funtzionamendu eredua kirol elkarte ezberdinei azaltzen ari gara eta erantzuna positiboa da erabat. Bazkide berriak gehituko dira epe laburean. Etorkizunean Gipuzkoako mugetatik haratago KBE hedatzea posible izango delakoan gaude”, zehaztu dute.