• EEEk gonbidatutako Sun Munduko Energia Foroko idazkari nagusiak hitzaldi bat eman du gaur goizean, Deusto Forumen
  • Alor guztietan energia eraginkortasunean sakontzeari begira, mentalitatearen aldaketa da gizartearen erronkarik handiena, energia trantsizioan aurrera egite aldera.
  • Gas naturala funtsezkoa izango da hurrengo 30 urteetan, berriztagarrien aldeko energia trantsizioa errazteko.
  • Lankidetza eta debatea ezinbestekoak izango dira guztien interesak adosteko, klima aldaketaren kontrako akordioen esparruan.

Gaur goizean, Munduko Energia Foroko idazkari nagusi Sun Xiansheng jaunak hitzaldi bat eman du Bilbon, munduko energia-sektoreak etorkizunean izan ditzakeen jokalekuak aztertzeko. Ildo horretan baieztatu du “munduko eragile guztiek elkarlanean jardun behar dutela energia-trantsizioaren bidean aurrera egiteko, klima-aldaketa murrizteko helburuekin bateragarria izango den eredu baterantz”, eta Munduko Energia Foroak alor horretan betetzen duen zeregina nabarmendu du. Halaber, “energia-efizientzian aurrera egin beharra” eskatu du, “gizateriak energia-alorrean aurre egin beharreko erronkei heltzeko”.

Energiaren Euskal Erakundeak (Eusko Jaurlaritzaren energia-agentzia) eta Deusto Forumek batera antolatu dute hitzaldia, eta irekieran EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak adierazi duenez, Euskadik 35 urte daramatza bere energia-sistema bilakatzeko lanetan, eta “Gobernuak energia-efizientziaren aldeko apustua egiten jarraitzen du 2030erako Energia Estrategiaren esparruan, baita iturri berriztagarriei bultzada handia ematen ere, gas naturalaren laguntzarekin”, munduan energia-sistema jasangarria lortzeko nazioarteko politikekin bat etorriz.

Jardunaldian testuinguruan jarri da munduan energia eskuragarri, irisgarri eta jasangarria eduki beharra, nola herrialde kontsumitzaileentzat hala gorabidean ari diren ekonomientzat, haien etorkizun eta ongizaterako funtsezkoak diren faktoreak energia horren mendean daudela aintzat hartuta. Eta klima-aldaketaren efektuak murrizteko kezka gero eta handiagoa ere agerian geratu da. Hasierako aurkezpenean Boston Consulting Group-eko energian aditu Iván Martének azpimarratu duenez, energiaren alorrean egin diren azterketa eta etorkizunerako prospekzioetatik ondorioztatu da ingurumena erregulazioarekin eta inbertsioekin uztatu beharra, bakoitza baldintzatzen duten epeen arabera, mendeak ingurumenaren kasuan, hamarkadak inbertsioen kasuan, eta lau urte erabaki politikoak hartu beharraz ari garenean.

Sun Xiansheng jauna izan da ponente nagusia. Munduko energia-sistemaren nondik norako guztiak ezin hobeto ezagutzen ditu, Txinako energia-alorreko erabakigune nagusietako CEO izan delako; besteak beste, Txinako Petrolioaren Korporazio Nazionaleko Ikerketa Teknologiko eta Ekonomikorako Institutua zuzendu du, baita erakunde horrek mundu osoan barrena dauzkan subsidiarioak ere. International Energy Forum (Energiaren Nazioarteko Foroa) garrantzi handiko erakundea da, energiaren ekoizle zein eskatzaileak biltzen baititu. Munduko energia-ekoizleen % 90ek eta herrialde eskatzaileen % 80k parte hartzen dute haren topaketetan, eta beraz topaketarako, elkarlanerako eta eztabaidarako nazioarteko gune nagusietako bat da.

Haren iritziz, energia-trantsizioak zenbait erronkari egin behar die aurre, besteak beste garapen ekonomikoari, efizientzia handiko eta berriztagarrietako teknologiak ezartzeko inbertsioa handiak egin behar direlako, zoritxarrez herrialde guztien eskura ez dauden inbertsio handiak.  Hortaz, herrialde bakoitzak dauzkan borondatearen eta inbertitzeko benetako aukeren araberako abiadura izango du trantsizio horrek, aurrera egiteko bidean. Gainera, nabarmendu nahi izan du gas naturalak datozen 20-30 urteetan beteko duen zeregina, trantsizio-energia izango delako beste iturri fosil kutsatzaileago batzuk ordezteko, hornidura bermatzeko eta iturri berriztagarrien inbertsioak errazteko. Azkenik, mentalitate-aldaketa global baten garrantzia azpimarratu du. “Energia-efizientzia, laugarren energia ere esaten zaiona, garrantzitsuena da sistema jasangarri bat lortzeko, eta hezkuntzatik heltzea eskatzen du. Erronka pertsonal eta indibidual bat betez, energia-kontsumoari erantzukizun bat den heinean heldu behar zaio, beharrezkoa den energia soilik erabiliz”.

Euskadiko Trantsizio Energetikoa
Trantsizio energetikoari aurre egitea zen Energiaren Euskal Erakundearen motibazioa erakunde bera eratzeko, termino hori orduan normalizatua ez zegoen arren. Erakundeak 35 urte baino gehiago daramatza energia berriztagarriak, efizientzia, eta baliabide propioen aldeko apustua sustatzen, baita gasaren aldekoa ere, prozesu horri aurre egiteko. Izan ere, egunean-egunean euskal energia-sistemak aurrera egiten du kalitatezko horniketa lehiakorra bermatzen duen eredu jasangarri baterako bidean, energia berriztagarrien ekarpen handiago batean eta petrolioaren deribatuen erabilera txikiago batean oinarritua, deribatu horiek gas naturalarekin ordeztuz.