Energiaren Euskal Erakundeak (EEE), Nortegasek, Bahía Bizkaia Gasek (BBG), Enagas eta Enagas Transporte del Nortek (ETN), Euskadin gas kontsumoa bermatzeko azpiegitura kritikoak kudeatzen dituzten eragile diren aldetik, hauxe jakinarazi nahi dute egunotan bizi dugun larrialdi egoera dela eta: herritarren bizi kalitateari eta garapen industrialari begirako oinarrizko energia iturri horren hornidura bermatuta dagoela. Profesional lan-taldeen eta inguruko kolaboratzaileen konpromezuak zerbitzu hau erabat bermatuta egotea ahalbideratzen du.

BBGek, Zierbenan dagoen plantatik, munduko zenbait tokitatik bertara heltzen den gas natural likidotua biltegiratzeaz gain, birgasifikatu ere egiten du, ETNen eta Enagasen sarearen bidez garraiatzeko Euskadiko herri eta hiri guztietara, eta hartara, Nortegasen zerbitzuaz banatu ahal izateko. Bermeon kokatzen den Gaviota lur azpiko biltegia eta Irungo estazioa ere erabat martxan daude.
 
Energiaren Euskal Erakundeak, Eusko Jaurlaritzako energia agentzia denez, hamarkada batzuk daramatza gas naturalaren aldeko apustu irmoa egiten, energia trantsizioa delakoan, eta aipatutako azpiegitura batzuetan partaidetza du. Era berean, herritarren interesen koordinazioaz eta zaintzaz arduratzen da, hornidura bermatzeari begira, gainerako eragileekiko etengabeko lankidetzan.  
 
Euskadiko energia kontsumoaren  % 31 gasari dagokio, eta funtsezko ongizate faktorea da une kritiko hauetan, osasun-larrialdia dela eta herritarrek beren etxeetan egon behar duten honetan.