José Ignacio Zudaire eta Iñigo Ansola BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridoreko presidenteak eta presidenteordeak Bruselan jaso dute H2Valley of the Year Award deritzon saria, Europan hidrogenoaren arloko teknologiei buruzko ikerketa eta berrikuntza-jarduerak babestea xede duen Clean Hydrogen Partnership elkarte publiko-pribatuaren eskutik.
Honen helburua EBren gaitasun zientifikoa indartu eta integratzea da, hidrogeno garbiaren aplikazio aurreratuen garapena eta hobekuntza bizkortzeko asmoz. Elkarteak hiru kide ditu: Europako Batzordea, Hydrogen Europe-k ordezkatutako erregai-pilen eta hidrogenoaren arloko industriak eta Hydrogen Europe Research-ek ordezkatutako ikerketa-komunitatea.
Jose Ignacio Zudaire Hidrogenoaren Euskal Korridoreko presidente eta Petronorreko kontseilariak adierazi duenez, “eskerrak eman nahi dizkizuet ‘Hidrogenoaren Ekonomia’ berria garatzeko ahaleginean aurrera egitera bultzatzen gaituen sari honengatik. Hidrogenoaren Euskal Korridorea, BH2C, Euskadiko erakunde publiko eta pribatuek partekatu eta 70etik gora erakunde bildu dituen proiektua da, gure gizartean eskuin-ezker partekatutako ikuspegia abiapuntu duena: jasangarriak izatea ingurumenari dagokionez, 2050ean zero isurpen garbiko eskualdea izatea, baina aldi berean, industria-sektoreak ekonomian duen pisuari eustea. Euskadi industria-eskualdea da, industria-sektoreak BPGren % 25 baino gehiago hartzen du, eta nekez deskarboniza daitezkeen sektoreak ditu (altzairugintza, beiragintza, zementugintza), urtean 8,2 milioi tona CO2 inguru isurtzen dituztenak. Testuinguru honetan, trantsizio energetikoa egundoko erronka da, baita aukera handia ere. Gure ikuspuntutik, erronka aukera bihurtzeko modua garapen industriala eta teknologikoa uztartuko dituen proiektu bat garatzea da, eta horixe da Hidrogenoaren Euskal Korridorean darabilgun ikuspegia”.
BH2C ELKARTEARI BURUZ
BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Elkarteak 70etik gora enpresa eta erakunde biltzen ditu eta hidrogenoa energia-industriatzat bultzatzea du helburu, Euskadin zein Europan neutraltasun klimatikorako trantsizio energetikoaren funtsezko osagaitzat jotzen den aldetik.
Egun, inoiz baino gehiago, deskarbonizazioak eta mendekotasuna murrizteak (energia-horniduraren segurtasuna bermatzearren) munduko ekonomian giltzarrizko garrantzia dutela, hidrogeno berdea bultzatu eta garatzea funtsezko faktore bihurtu da arrazoi estrategiko hauengatik:
- Energia berriztagarriak (batez ere eguzki-energia eta energia eolikoa) elektrizitate-sisteman modu masiboan sartzeko soluzioa ematen du, izan ere, energia horiek izaeraz ez dira kudeagarriak eta biltegiratzearen laguntza behar dute eskaintza eta eskaria egokitzeko.
- Soluzioa ematen dio atmosferara egindako CO2 isurpenak nekez ezaba ditzaketen eta gure industrian pisu handia duten sektoreak deskarbonizatzeko erronkari, siderurgia kasu.
- Horrez gain, erregai fosilak (petrolioa eta gasa) ekoizten dituzten herrialdeekiko mendekotasuna murrizten laguntzen du.
Hidrogenoaren Euskal Korridoreari atxikitako proiektuak aurrera ateratzeko 1.500 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo da 2026ra arte, eta zuzeneko 2.000 lanpostu nahiz zeharkako 6.700 lanpostu baino gehiago sortuko dira.
Elkarteak Hidrogenoaren Euskal Korridoreari lotuta bultzatuko dituen proiektuak honako esparru hauei dagozkie:
- Hidrogeno berriztagarriaren eta erregai sintetikoen ekoizpena.
- Banaketaren arloko mugikortasuna eta logistika.
- Industriaren deskarbonizazioa.
- Hiri eta bizitegi erabilerak.
- Azpiegitura.
- Garapen teknologiko industriala.